Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Mundiala boikotatu?

Bi pertsona estadio bateko harmailan partida hasi baino lehen (Alfredo ESTRELLA / AFP)
Bi pertsona estadio bateko harmailan partida hasi baino lehen (Alfredo ESTRELLA / AFP)

Eric Cantonari kasu egin eta gizonezkoen futbol mundiala ez ikusteko erabakia hartua nuen. Lasai-lasai nengoen, koherentziaz beteta. Nola ikusi mundial bat giza eskubideak eta eskubide zibilak errespetatzen ez dituen herrialde batean antolatua? Are, beharrezko futbol zelaiak ez zituen herrialde batean, kontuan hartuta erlojupekoa bailitzan eraiki dituztela eta milaka langile hil direla? Hurrengoa zer izango da, surf mundiala Andorran antolatzea? Badirudi broma dela baina Saudi Arabian 2029an neguko jokoak antolatuko dituztela irakurri dut nonbait…

Kontua da ni patxadatsu nenbilela, Marokoko selekzioak jokatu zuen arte. Institutua urdurituta zebilen eta nik ez nekien zergatik. Bada, ikasleen familien bostena herrialde horretatik iritsi da eta, noski, kamisetak eta txandalak zeramatzaten, egunari zegokion bezala. Eta gu, mundiala ikustea hipokrisia zela sinetsita. Sarera konexioa ere kendu zuten eraikinean, partida ikustea ekiditeko. Ongi pentsatuta, euskal selekzioak jokatuz gero ez litzaiguke logikoa irudituko ordu horretan norgehiagoka ikusteko aukera ematea?

Kasualitatez, Marokoren partidua ikusteko irrikaz zegoen ikasle batekin hitz egin nuen. Galdetu zidan ea nik ez nuen partidarik ikusiko. «Nik? Ez, mundial hau onartezina da». «Baina hori diozu arabiarrak direlako!». «Nola?». «Bai! Boikotatuko zenuen AEBetan izan balitz?». Pentsakor geratu nintzen eta argudioz aldatu behar izan nuen. Bueno, bada… Errusia deskalifikatu dutelako ez dut ikusiko! Nola liteke jokoz kanpo uztea herrialde bakarra inbaditzeagatik? AEBek hainbat inbaditu dituzte eta ez dute inoiz mundialetik kanpo utzi.

Baina, hobeto pentsatuta, egia ote da berriro ere ikuspegi kolonial bat erreproduzitzen dugula eta zentzu batean modu arrazistan jokatzen ari nintzela? Herrialde batzuk boikotatzea errazagoa egiten zaigu mendebaldarroi beste batzuk baino: errusiar despotak, arabiar intoleranteak… Total, Qatarreko emirrari ongietorri beroa egin ziotela espainiar monarkek orain hilabete batzuk. Medaila bat ere eman zioten. Badirudi, Persiar golkoko herrialde arabiarrei hurbilketa eta Errusia jokoz kanpo utzi nahi izana mugimendu geopolitiko zabal baten parte direla. AEBek ez zuten inoiz onartu Gorbatxovekin adostu zutena, NATOren zabalpena mugatzeari buruzkoa. Errusiak berriro nazioartean pisua irabazi nahi izan duenean, isolatzeko mugimendua abiatu dute eta arabiar herrialdeak hauspotu. Bost axola Yemeneko gerran gertatu dena azken urteetan.

Gizonezkoen munduko txapelketaren antolaketari kritika egiteak erridikuluan utzi gaitu europarrok. NATOren itzaletik irten ezinik eta Errusiarekin edozein akordio lortzeko aukera blokeatuz. Gainera, zigor ekonomikoak deritzenekin europar gobernuek zigortu dituztenak europar herritarrak izan dira. Ez gara gai izan bakearen aldeko mugimendu zibil zabala martxan jartzeko. Gure ardura bakarra ea berogailua piztuko dugun izan da eta mundialari kritika morala egitea. Ez gara ari maila ematen. Memoria egin behar dugu eta agudo, gogoratu behar dugu Euskal Herria NATOri ezetz esan zion nazioa dela. •