Gorka Elejabarrieta

Pausoz pauso

Garai batean, duela ez asko, futbolean «urrezko golaren» araua ezarri zuten. Arau berri horren arabera, partidaren 90 minutuak agortu ostean luzapen denboran taldeetako batek gola sartuz gero partida momentu horretan bertan amaitu eta gola sarturiko taldeak eramaten zuen garaipena. Erabateko garaipena, erabateko porrota jokaldi bakar batean. Arauak ez zuen asko iraun, eta debatea piztu zuen, jokoa alaituko zuela esaten zutenen artean, arriskatzearen saria handitzen zuelako, edo jokoa motelduko zuela esaten zutenen artean, galtzeko arriskua ere indartzen zuelako.

Garai batean nazio-askapen mugimenduen taktikak urrezko golaren ideiarekin zerikusi handia zuen. Borroka armatuak ekarriko zituen iraultza eta garaipena edo elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta helburu taktikoen lorpena. Egia da zenbait kasutan hori suertatu zela, baina beste askotan ez. Beste askotan, gehienetan esango nuke, errealitateak urrezko golaren ideia baztertu eta prozesu ikuspegia ekarri zuen. Amaiera eta E egunik gabeko prozesu ikuspegia.

Ostiral Santuko Akordioak Irlandako nazio-askapen mugimenduaren jarduera eta filosofia aldaketa ekarri zituen. Oinarrian, helburu berdinaren aldeko beste bide bat proposatu zuen. Nazio-askapen mugimenduak kontserbadoreak dira, eta horrelako aldaketa handiak ez dira errazak izaten. Bidea konplikatua izan da, eta izango da ziurrenik, barne mailan, eztabaida, haustura asko suertatu dira. Prozesu gradualek hori dakarte. Bidean erabakiak hartu behar dira, erabakiak gai sektorial, partzialen inguruan. Garaipen osoa ekartzen ez duten erabakiak. Baina horrelako hamarnaka erabakirik gabe garaipena ezinezkoa da. Erabaki bakoitzak barne eztabaidak, desadostasunak eta bereziki mesfidantzak ekartzen ditu. Nazio-askapen mugimenduentzat zaila izaten da beren militante eta oinarriei hartzen dituzten erabakiak azken helburuarekin, helburu estrategikoekin alegia, daukaten harremana azaltzea. Gainera, prozesu gradualetan, prozesuetan oro har, zaila edo ezinezkoa da norberak egiten dituenak helburu estrategiko horien lorpena ekarriko duela ziurtatzea.

Ostiral Santuko Akordioa 1998an izenpetu zen. Akordioak, besteak beste, mugimendu errepublikanoaren estrategia aldaketa oso bat ekarri zuen. Borroka armatuaren erabateko amaiera. Sinn Feinek garaian zuen babes elektorala ez zen gaur duena, eta nekez ziurtatu zitekeen inoiz lortuko zuenik ere. Inkognita bat zen, duda barik, eta horrelako inkognitek dudak eta mesfidantzak areagotzen dituzte. Ostiral Santuko Akordioan mugimendu errepublikanoak onarpen printzipioa adostu zuen, eta horrek, duda barik, inkognita berria jartzen zion prozesuari, Irlanda Iparraldean irlaren batasunaren aldeko gehiengoa izateko beharra jartzen baitzuen baldintza bezala. Batasunaren bidea zailtzen zuen, duda barik. 24 urte pasatu dira eta gaur inoiz baino nabarmenagoa da orduan eta bidean hartutako erabakiei esker Irlanda batasuna lortzetik gertu egon daitekeela. Baina bidea ez da zuzena izan, gorabeheraz betea egon da, zenbait erabakik barne haustura traumatikoak ekarri ditu. Gerry Adamsek maiz esan du negoziazio zailenak etxekoekin izaten direla. Baina bidea egin ahal izateko barne eztabaida ezinbestekoa da, barne kohesioa behar-beharrezkoa da. Barne kohesiorik gabe ez dago aldaketa egiterik, baina barne kohesioa ezin da etengabe aitzakia bezala erabili erabakiak ez hartzeko. Bien arteko orekan dago bertutea.

Nire ustez, zailena ikuspegi estrategikoa, orokorra mantentzea izaten da. Beste modu batean esanda, 1998an zailena, konplikatuena gaur egun dagoen agertokia irudikatzea zen. Orduko erabakiek gaur egungo egoera ekar zezaketela pentsatzea. Errazena kontrakoa zen. Gaur egun, aldiz, zailena ikuspegi estrategiko hori mantentzea da, oraindik ezer lortu ez dela ikustea, triunfalismoa baztertzea eta pausoz pauso jarraitu behar dela hausnartzea.