Asier Aiestaran
Elkarrizketa
Juantxo Agirre Mauleon
Aranzadiko idazkari nagusia

«Irulegiko Eskuak beste ikuspegi bat zabaldu du, mugarria da Euskal Herriko historian»

Irulegiko Eskuak sortu duen interesak Aranzadiren lana ezagutarazteko balio dezala nahiko luke Juantxo Agirrek (Tolosa, 1965), elkartearen 75. urtemugan.

(Jon URBE | FOKU)

Donostiako egoitzan hartu gaitu Aranzadiko idazkari nagusiak, Irulegiko Eskuak suposatu duena errepasatu eta aztertzeko.

Zer sentsazio utzi dizu Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak eta sortu duen lurrikarak?

Irulegiko Eskuarekin hiru sentsazio aipatuko nituzke. Batetik harridura. Ez genuen uste euskal gizartean horrelako sakontasunarekin sartuko zenik, eta horrelako abiadurarekin. Bigarrenik sinesgarritasuna. Nola egin den ikerketa, nola egin den indusketa arkeologikoa. Hor gazte talde bat dago, hori oso garrantzitsua da guretzat, Aranzadik etorkizun bat behar duelako eta hori gazteen eskutik etorriko delako. Eta hirugarrenik, egiaztatzea zer garrantzitsua den gizarte digital honetan komunikazio arloa ondo lantzea. Eta hori izan da Aranzadin azken hamabost urte hauetan lantzen ari garena.

Gizarteratzeko prozesu horretan Aranzadik irudi oso potentea eman du.

Aranzadik duen arkeologia aldizkaria, "Munibe" izenekoa, nazioartean errekonozituta dago. Horretan 73 urte eman ditugu. Baina gabezia hori bagenuen: aurkikuntza desberdinak nola gizarteratu. Eskuaren lan horren atzean egon da infografia bat, Joseba Larratxerena; eskaneo bat, Euken Alonsok egina, etxekoa dena; egon da Eider Conde komunikazio arduraduna... Dena Aranzadi barruan ekoitzi dugu. Horrelako aurkikuntza baten aurrean behar genuen nolabait isilpean lan egitea. Horrelako pieza bat aurkezteko arlo desberdin guztiek landuta egon behar zuten, eta garrantzitsua izan da lan hori guztia aurkezpen egunerako egitea.

Arkeologoa zaren aldetik, zer nabarmenduko zenuke Irulegiko Eskuari buruz?

Irulegiko Eskuak hurbiltzen gaitu erromanizazioa baino lehenagoko egoera batera. Eta hori idazkeraren bitartez egiten du. Orain arte bai ezagutzen genituen baskoien hilobiak, herrixka harresituak... Eguneroko bizimodua. Nahiko ohikoak Europako hegoalde osoan. Baina ez genuen erromanizazioa baino lehenagoko idazkeraren lekukorik. Hori izan da aurkikuntza honen emaitza garrantzitsuena.

Alfabetatuta zeuden baskoi horiek iberieraz hartutako signario batetik beren hizkuntzara egokitutako alfabeto signario bat sortuta zeukaten, eta eguneroko bizitzan idazketa sartuta zegoen, Eskua beraien etxebizitza batean zegoelako. Irulegiko Eskuak beste mundu bat, beste ikuspegi bat zabaldu du. Mugarria da Euskal Herriko historian.

Eta Irulegiko Eskua azaldu da homologatutako indusketa arkeologiko batean, eta bere inguruko ezaugarri guztiak geureganatu ditugu. Irulegiko Eskuaren inguruan nola bizi ziren pertsona horiek? Badakigu. Oso inportantea da Irulegiko Eskua ez dagoela isolatuta, bere eguneroko testuinguruan dago. Hori ezinbestekoa da osotasuna emateko.

Antzeko pieza gehiago egon litezke inguruan?

Irulegin orain arte bi etxebizitza bakarrik induskatu ditugu, eta horiek eremu zabalean induskatu dira. Hau da, garaiko lur azala altxatu egin dugu, jatorrizko estratigrafia naturalari jarraituz, ez zentimetroka jaisten. Momentuz badugu argazki bat bi etxebizitza horiena. Bestalde, Ekiñe Garciak egindako prospekzio geofisikoarekin badugu erradiografia bat. Badakigu sute handiak non egon diren, kalea non dagoen, eta beste etxebizitzen oinplanoak non dauden.

Hemendik aurrera egin behar duguna da estrategia bat erabakitzeko zer eremu zabaldu nahi ditugun datozen sei-zazpi urteetan metodologia motel eta zehatz honekin. Ez bakarrik objektuak hartzeko, baizik eta jakiteko zer gertatu zen herrixka horretan eta datu gehiago lortzeko eguneroko bizitzarenak. Horri helduko diogu datorren urtean. Segur aski hiru hilabete egongo gara induskatzen, orain arte hilabete bakarrik izan da.

Adibidez, 17 urte eman ditugu Amaiurko gazteluan lanean urtero hiru aste, eta konkistaren garaiko ezpata oso bakarra aurkitu dugu. Ziur gaude 1522an, gatazka suertatu zenean, ezpata eta arma gehiago egongo zirela, baina 500 urtean metalezko gauzak agertzen zirenean nekazariek hartzen zituzten, burdina beti izan delako gauza preziatua.

Irulegin, zorionez, herrixka utzi zuten eta geroztik mendi larre bat egon da. Batzuetan gari soroa egon da, baina goldea ez da oso behera iritsi. Beraz, metro erdira edo beherago dauden aztarnak pentsatzen dugu hortxe egongo direla. Zeren Euskal Herrian badugu erronka bat. Lapikoen formak nolakoak diren, tresnak nolakoak diren... Kultura material hori nahiko ohikoa da Europa osoan. Baina horren azpian dauden hizkuntza errealitateak ezagutzeko behar ditugu idatzitako lekukoak. Eta oso gutxi daude. Eta hau da momentuz zaharrena eta ondoen ulertzen dena gaur egungo euskaratik. Horregatik, esan dezakegu gure hizkuntzaren sorreran dagoela Irulegiko herrixka eta bertan bizi zirenak.

Euskarak eta bere jatorriak sortzen duten interesa izan liteke Irulegiko Eskuak horrelako jakin-mina piztu izanaren arrazoia?

Gaurko euskaratik irakurtzen dugu lehenengo hitza. Historian lehenengo aldiz gertatu zaigu latinez idatzita egon gabe. Eskuak konektatu du komunitate zientifikoarekin eta konektatu du herriarekin, gaurko hizkuntzatik ulertzen dugulako lehen hitza. Hor badago bide edo zubi emotibo bat gaurko hiztunen eta garaiko hiztunen artean. Euskara nondik datorren aztertzen duten hizkuntzalarientzat hau da dagoen lekuko zaharrena.

Horrelako arrakasta edo eragina izateko beste faktore bat eskuan bertan dago. Eskua da guztiok gure gorputzean dugun zati inportante bat; eskua ematen da, eskuarekin laztantzen da, eskuarekin idazten da... Berez, irudi bezala, estetikoki oso erakargarria izan da pieza hau. Gainera, lehenengo hitza positiboa da. Ez dio ‘hemen hilda dago ez dakit nor’. ‘Zorioneku’ elementu positibo bat da. Eta gero, ikustea guk ere alfabetoa hartu genuela. Greziarrek baino askoz beranduago, edo erromatarrek baino askoz beranduago, baina hor gaudela.

Polita da ikustea nola orain dela bi mila urteko pieza batek gaur egungo ikastetxe eta unibertsitateetan irakasten dena aldatzen duen.

Hizkuntzen historia edo hizkuntzen genealogia ikertzeko idazkera ezinbestekoa da. Eta oso zaila da idazkeratik harago joatea. Toponimian oinarritzea, adibidez, oso zaila da. Horregatik du pieza honek horrelako garrantzia, idatzita dagoelako. Zeuden lehen aztarnak txanponak ziren. Iberieraz idatzita zeuden, bazeuden baskoien eremuko bi txanpon "t" batekin, iberieraz inoiz azaldu ez dena... oso aztarna gutxi. Eta aztarna gutxi daudenean, historialarien lana da esatea zer dagoen, hori deskribatu, eta argi utzi zer den daukaguna eta hortik aurrera non hasten den hipotesia. Noski, gizarteak historialariei eta kasu honetan hizkuntzalariei hipotesiak eskatzen dizkie.

Zer gertatu zen erromatarrak etorri aurretik lurralde honetan? Hori argitzeko bi bide nagusi izango ditugu hemendik aurrera: batetik idazkeraren aztarna gehiago, eta bestetik ADNa. Gelditzen zaigun XXI. mendeko hurrengo 75 urteetan lantzen baldin bada antzinaroa Euskal Herrian idatzitako emaitza batzuk seguru azalduko direla. Eta giza hezurrak azaltzen badira ADN azterketak gero eta teknologia hobeekin egiten ari dira.

Irulegiko Eskuaren aurkezpenak Aranzadiren 75. urteurrenarekin bat egin du. Nola dago osasunez elkartea?

Jendea Irulegiko Eskuarekin geratu da, baina horren atzean badago gizatalde polit bat. Natur zientziatan eta giza zientziatan. Aranzadik funtzio estrategiko bat betetzen du Euskal Herriari begira, zeren gure lan eremua nazioartekoa da. Beraz, baditugu pertsonak, badugu metodologia, baina oso egoera ekonomiko eskasean bizi izan gara beti. Eta Irulegiko Eskuaren atzean ikusten dena horixe da: auzolanean aritu direla gazte horiek denak, dirua kobratu gabe, eta bertako komunitateak, bertako udalerriak deituta eta lagunduta, Arangureneko Udalak. Askatasunez eta independentzia zientifikoarekin egin dugu lan Irulegin. Zientziarekiko dugun pasio horrekin, eta ausardiarekin.