Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Maider Avaristo
Emagin zentroko formatzailea

«Ziztadak izu sexualaren forma berri bat izan dira, patriarkatuaren erreminta»

Udako festak ez dira erabat eremu askeak, gozoak, erosoak, seguruak izan emakume askorentzat. Ezta aurten ere. Ziztadek kezka, haserrea eta egonezina sortu dute jaiak eta gozamenak behar zuten tokian.

(Jon URBE / FOKU)
(Jon URBE / FOKU)

Uda, gaugiroa, beroa, kalea, parranda, festa. Gorputzak askatzeko sasoian, eraso matxistek ere beren espazioa hartu nahi izaten dute. Aurten ziztada forma hartu du izu sexualaren mezuak.

2022ko udako festak ziztadek markatu dituzte. Nola definituko zenuke gertatu zena?

Nik esango nuke patriarkatuaren estrategia bat izan dela. Emakume bezala irakurtzen gaituztenen edo emakume bezala sozializatzen gaituztenen gainean kontrol soziala eragiteko modu bat izan dela. Jai giroan beldurra eragitea eta gure jarrerak aldaraztea izan da helburua.

Nahasmen handia izan zen ziztadak zertarako, zein helbururekin egiten ziren ulertu nahian. Sumisio kimikoa aipatzen zen, baina hortik ere ez ote zeukan...

Gure ustez, ziztada horien helburua izu sexuala sortzea zen. Finean, izu sexualaren modu berri bat da. Espazio publikoa eta gaueko espazioa igaro ezin dugun marra bat bezala markatzen zaigu. Horretarako, narratiba bat sortzen da, beldurraren eta kontrolaren narratiba, eta horrek emakumeon jarrera baldintzatzen du. Ez da espazio askea eta kontuz ibili beharra dago, hori da mezua; zaindu edaria, kontrolatu nola janzten zaren, kontuz nola mugitzen zaren festa giroan...

Zein ote da helburua, emakumeak festa gune horietatik kanporatzea edo gune horietan izan behar dituzten jarrerak kontrolatzea?

Bietatik izango da seguruen. Alde batetik, mezua da ‘hau ez da zuen espazioa’ eta, bestetik, adierazten dutena da nola nahi duten emakumeak mugitzea espazio horietan, kontuarekin eta ez modu aske batean. Finean, emakumeak senti dezala hori ez dela modu librean mugitu daitekeen espazio bat. Eta ikusi dugu neska gazteak nola aritu diren autokontrolean. Beraiek esaten ziguten janzkera kontrolatzen zutela, ziztadak sentitzen zituztela gune jendetsuetan, edariak zaintzen zituztela etengabe.... Ateratzen ziren kalera, baina kalea toki segurua zela sentitu gabe.

Eta horri lotuta, garrantzitsua da nabarmentzea nola epaitzen diren neska gazteak jai gune horietan, nola epaitzen diren beren jarrerak, askeegi ote diren, axolagabe jokatzen ote duten, nahikoa kontrolatzen ote diren...

Tristea da. Emakumeari historikoki eskatu zaio neurritsua izatea bere jarreretan, janzkeretan, sozializatzeko moduetan. Badirudi gaur egunean neurritsu izan beharraren inposizioak beste forma batzuk topatzen dituela.

Bai, hori da. Azkenean, feminismotik gure askatasunaren aldarria egiten ari garenean, helarazten zaigun mezua da ez daukagula hainbeste askatasun eta gainera ez garela gai espazio horietan gu bakarrik ondo moldatzeko. Zainduak izateko beharra daukagula.

Eta zer pasatzen da gizonezkoekin? Nola pentsatu dezake norbaitek dibertigarria izan daitekeela ondokoa beldurtzea? Hor non dago festa?

Galdera zaila da, oso zaila. Emakumeen askatasun nahiaren aurrean sortzen den erantzun bat izan daiteke, erresistentzia bat. Batzuk saiatu dira zerbait isolatua balitz bezala saltzen, gizon gutxi batzuek toki batzuetan dituzten jarrera desegokiak balira bezala. Baina gure ustez arazoa zabala da eta irakurketa sakona eduki behar du. Arazoa da gizonezko batzuk hori egiteko gai direla, kontrolaren alde horretan kokatzen direla.

Horrez gain, iruditzen zait orokorrean gizonezkoak ez direla interpelatuak sentitzen. Uste dut badagoela ustea soilik erasotzaileengan jarri behar dela fokua, arazoa hor bakarrik ematen delako. Eta beraz, beste gizonak ez dira interpelatuak sentitzen eta ez zaiela interpelatu behar sentitzen dute. Hor indarkeria matxistaren estruktura sistemikoaren kontzientzia falta dago, denon esku dagoelako sistema heteropatriarkal honek eragiten duen indarkeriari aurre egitea.

Lan hau egitea ez dago soilik feministen esku, denoi dagokigu, finean denoi eragiten digulako modu desberdinetan eta maila desberdinetan.

Jende askoren ustez parekidetasuna lortu da dagoeneko.

Bai, berdintasun faltsuaren ustea ere hor dago. Eta disoziazio modu bat ere gertatzen da, gizon askok sentitzen dutelako arazoa ez dagoela beraiengan.

Bestetik, bereizketa bat egingo nuke alderdi praktikoaren eta teorikoaren artean. Azkenean, ez dago praktika berririk gizonen artean. Teorikoki bai, jaso dituzte erantzun zuzenak eta jantzi dira feminismoz, baina teoriatik praktikarako salto hori oraindik hor dago, motz. Alderdi praktikoaren falta handia dago. Hegemoniak sentitzen du badakiela feminismoaz eta ez du hori praktikara ekartzeko ardurarik sentitzen.

Udan puntu moreak jarri zenituzten festa guneetan. Zein da horien helburua?

Gure helburua izaten da, alde batetik, gizartea sentsibilizatzeko informazio puntu bat eskaintzea. Eta, bestetik, indarkeria matxista jasan duten pertsonei arreta eskaintzea. Arreta mota desberdinak ematen ditugu, eraso motaren arabera, biktimak behar duenaren arabera... bi helburu horiek dituzte puntu moreek.

Zer ikasi beharko genuke ziztaden afera honetatik?

Honekin esan nahi izan digute emakumeak ahulak garela eta ez garela gai indarkeria mota honi aurre egiteko. Hori da helarazi diguten mezua. Eraso hauek testuinguru batean kokatu behar ditugu: izu sexualaren testuingurua. Eta garbi izan behar dugu patriarkatuak erabiltzen duen erreminta bat dela. Hortik guk atera dugun mezua autodefentsa feministarena eta ahalduntzearena da. Segi dezagun festara ateratzen, espazio horiek gureganatzen. Sozializazio eremu garrantzitsuak dira eta hor egoten jarraitu behar dugu. Guretzat askatasun eremua izan behar du festarenak eta ezin gaituzte hortik bota.

Nik beti tailerretan eta autodefentsa ikastaroetan zera esaten diet: batu zuen artean, hitz egin eta bilatu estrategiak. Badaude. Egunero sufritzen ditugun arazoei buruz hitz egiten badugu, konturatuko gara gai garela horiei aurre egiteko, bai modu indibidualean eta bai modu kolektiboan. Boteretze batekin hasi behar gara lanketa horiek egiten.

Eta gizonezkoekin, zer?

Gizarte osoan kontzientzia kritikoa sortu behar dugu. Saiatu denei deialdia egiten feminismoa deitzen den proiektu eraldatzaile honetara batzeko. Gizonak interpelatu behar ditugu, feminismoa beraientzat ere badelako, gizarte osoa modu askatzaileago batean bizitzeko proiektua da feminismoa.

Eta festa hobea da bertan gorputz guztiak askeak baldin badira.

Hori da, guztiz.

Gazteen artean bada joera kezkagarri bat: feministen aurkako jarrera sumina nabarmentzen ari da gizon gazte batzuen artean.

Gero eta gehiago gertatzen ari den zerbait da. Feminismoaren kontrako korrontea gero eta indartsuagoa da mutil gazteen artean. Badira beraientzat garrantzitsuak diren erreferenteak bide hori hartu dutenak eta diskurtso horrekin blaitzen dira. Hor topatzen dituzte argudio oso errazak beren posizioaren inguruko hausnarketari iskin egiteko. Hortik elikatzen dira feminismoaren kontra posizionatzeko eta ez dira mugitzen beren botere posizio horretatik.

Garbi dagoena da 2023an borrokan jarraitu beharko dela.

Guk horretan jarraituko dugu, sentsibilizatzen, kontzientziatzen, hausnarketak bultzatzen. Gure ustez hor egin behar da lana.

Eta espazio seguruak sortzen.

Oso garrantzitsua da hori. Gure gorputzak eroso dauden, seguru sentitzen diren eta konfiantza sentitzen dugun espazioetan sozializatu behar dugu. Horrelako espazioak oso garrantzitsuak dira gure askatasunerako.

Neska gazteak ez daitezela etxean geratu. Zaila da izu sexualaren diskurtsoari aurre egitea, baina estrategiak topatu behar ditugu.

Neska gazteei bestelako mezuak helarazi behar zaizkie: zuen artean hitz egin, autonomia garatu, gai zarete indarkeria egoera horiei aurre egiteko, bilatu zuen arteko saretzeak; zuek badakizue egoera horiei aurre egiten, ezagutzen dituzuelako eta zuen artean indarra baduzuelako.