Itzea URKIZU ARSUAGA
{ KOADERNOA }

Bandera gorria

Demagun ekitaldi jendetsu bateko komuneko ilaran nagoela, eta lurzorua aztertzea eta mugikorrari begiratzea zaidala aukera onena, lotsati on baten dekalogoari jarraiki. Azken egunetan ateratako argazkiak errepasatzeari ekin diot, luzerako daukagu-eta. Pertsona bakarrak bereganatuta dauzka gailuko ia mega guztiak; hala izan da jaio zenez geroztik. Pribilegio txiki hori du aurrez haurrik ez zegoen familia batera jaiotako lehena izateak: ilaran itxaron beharrik ez.

Azken hilabeteak jostailuen elkarbanatzea kudeatu nahian daramatzagu, gizalegez eta izerdi hotzez. Berekoia eta exijentea baita bi urte eta erdiko haurra: mundua bere inguruan bueltaka dabilela pentsatzen du, eta ez du ia gaitasunik parekoaren lekuan jartzeko. Fase egozentrikoa omen da, gerora, garapen kognitiboak eraldatuta, desagertzen zaigun hori.

Baina, uzten al diogu sekula geure zilborrari begiratzeari? Enpatia sentituta eta hitzez izendatuta ere, gai al gara, gero, enpatia hori keinuren batean gorpuztu eta, aldamenekoaren alde, benetan zerbait egiteko? Inoiz gutxitan, esango nuke. Toko-toko eta Brauliaren panpinekin jolasten ez bagara ere, bai baitirudi, beste zenbait joko-zelaitan, fase egozentriko horren zurrunbilotik atera ezinda bizi garela.

Horrela bakarrik uler dezaket, adibidez, txiza egindakoan gozatuko dudan ekitaldian, saioa ia hasterako ikus-entzule askok beren aulkietatik oldean altxatu eta mugitzeko sentituko duten beharra edo, hitzordua taberna-zuloarekin parekatzeko askok izango duten naturaltasuna. Sarrerak hilabeteak aurretik hartuta, ordutegia zazpi bat aldiz errepasatuta. Berdin du; zer gerta ere, gu libre, independente eta autonomo, apetak eskatzen digun tokira gainontzekoen kontura iristeko.

Esan beharrik ez dago, zenbat urduritzen nauen ikus-entzule zenbaiten egonarri faltak. Norberak ditu bere marra gorriak, eta askori huskeria irudituko zaio nire egonezin hau; are, zorroztasun gehiegizkoa eta enpatia falta. Ez dudalako pertsona horiek altxatzeko izan lezaketen balizko beharrarekin pentsatu: gernuko infekzioren bat, haurdunaldi bat... Bai, noski. Edo, bestela, izan liteke nork bere aukerak eskubidetzat hartu izana ingurukoen eskubide eta aukerei begi-ertzetik begiratuta.

Telefonoari blokeoaren tekla sakatu eta burua altxatu dut, aurreratu duguna zenbat minututan neurtu ote daitekeen erabakitzeko. Kalkulu horretan nabilela, muturraren paretik jendea ari da, gizonezkoak, pasatu eta pasatu, beste komunera. Zein garatuta duten ez ikusiarena egiteko pauso kognitiboa, aizu. Azaltzen den bakoitzarekin itxaropen izpia pizten zait, ilarari aurrez aurre begiratu eta dagokion tokian zain jarriko ote den, baina, ezta pentsatu ere. Hasi beharko dugu aztertzen pixagurari ez eusteko pribilegioa ere nork duen, ezta? Zein gozoa den aliatuaren papera, zeure posiziotik zirkinik ere mugitzen ez zarenean. Alerta, alerta: kultur adierazpide feministak txalotu, baina ilara kilometrikoari ez ikusiarena egin. Bandera gorria. •