Xabier Mikel ERREKONDO

Norentzat dute jotzen kanpaiek?

Gizaki bakoitza kontinenteko pieza bat da, guztiaren zati bat… horregatik, ez galdetu inoiz kanpaiek norengatik jotzen duten; zugatik jotzen dute». Idatzi zuen John Donne poeta metafisikoak 1624an. Poema hartan inspiratuta idatzi zuen zutabe honen izenburu bera daraman eleberria Ernest Hemingway handiak 1940an, Espainiako Gerra Zibila amaitu berritan. Ez zion Donne jaunari jaramon handirik egin antza.

Barka nazatela lizentzia hartu izana, baina garai berri hauetan nehork ez dugu ulertzen kanpaien hizkuntza eta, ondorioz, zentzurik ezean, melodia galdu egiten zaigu belarrietan zarata huts lez! Urte berriaren etorreran jo eta su ari dira eliz dorreko ezkilak biraka birao eroan garrasika kaletarroi. Baina herriko talaiatik zelatarien doinu zarratatuek etorkizun argia ala iluna dute oihukatzen?

Gizakiek bederen barneratuta dute ezkila hots goibelek ikatzaren itzalpeko etorkizuna iragartzen dutela eta argiak, nonbait agertzen bada, soilik Loteria-potoloenaren sariduna argiztatuko duela. Baina AC/DC taldeak “Hells bells” abesti mitikoarekin bezala infernura eraman nahi gaituzte ala, Erdi Aroko herri gotortuetako murruetatik nola, gaiztoen mehatxuetatik ihes egin eta kontinente harresituan babestera deitzen gaituzte?

Zorionez, dena ez da zuria ala beltza eta Laboa miretsiak «…denok ala inor ez…» abestean Donneren poematik ari dela badirudi ere, nik nahiago diot hirugarren aukera bati heldu: ez zuria ez beltza, gorria; inoiz baino energia handiagoz kanpaia jo eta kanpaia jotzearen melodia-bulkadek sexualki matxinatzera deitzen gaituztelakoan nago… Norberaren esku dago kanpaia dantzan jartzea. •