Gorka Elejabarrieta
{ DATORRENA }

Bidea

Irlanda eta Eskozia, biak batera, adibide onak dira gure bideak nondik joan beharko lukeen hobeto ulertzeko. Zergatik? Urteetan Irlandako eredua hobetsi du, ezbairik gabe, herri honetako independentismoak. Elkarrizketatua eta adostua, nazioa eta erabakitzeko eskubidearen aitortza dira independentzia erreferenduma antolatzeko oinarri juridikoa eta horren emaitza legitimatzeko bidea. Eskoziak erakutsi zigun erabakitzeko eskubidea aitortua izan gabe independentzia erreferendum adostu bat antolatzeko modua dagoela. Argi dago Irlandako eta Eskoziako bideetan, munduko gainerako prozesuetan bezala, norberaren indarra dela aurrera egiteko elementu nagusia.

Irlandan Ostiral Santuko akordioa bultzatu eta erdiesteko indar nahikoa izan zuen mugimendu errepublikanoak. Baina horrek ez zuen ziurtatzen orduan adosturikoa gauzatzeko indar nahikoa izango zuenik gerora. Orduan bataila edo prozesu berria hasi zen eta badirudi, 25 urte geroago, Irlandaren batasuna erdiesteko 1998an adosturiko bidea gauzatzeko posizioan egon daitekeela aurki Sinn Fein.

Eskozian, bestalde, SNP alderdi independentistak indar instituzional nahikoa lortu zuen Holyrood eta Westminsterren independentzia erreferendum bat adostu eta bultzatzeko. Ezin izan zuen erreferenduma irabazi. Orain, eta neurri batean Brexitak bultzaturik, beste erreferendum bat gauzatzeko momentua eraikitzen ari da. Berriz ere indar kontua. Norberaren indarrak eta arerioarenak erabakitzen dute, momentu historiko jakin bakoitzean, lortu daitekeen hori.

Gu ez gara Eskozia, ezta Irlanda ere. Eta Katalunian ikasi genuen Erresuma Batuak eta Estatu espainolak ez dutela oinarri eta jarrera demokratiko berbera. Madril gertuago dagoela Ankaratik Londresetik baino.

Horregatik diot gureak biak batera jorratu beharko dituela. Batetik, bide elkarrizketatua eta adostua lantzen jarraitu beharra dago, etengabe eta pazientzia dosi izugarria erakutsiz: erabakitzeko eskubidearen aitortza bilatu, bide legal guztiak muturreraino eraman, autonomiak eskaini dezakeen zirrikitu oro bukaeraino jorratu. Eskubide horren ukazioa erabili behar da gure herrian eta nazioartean estatuaren deslegitimazio etengabea sustatzeko eta gure aldarrikapenen legitimazioa indartzeko. Baita gure helburuen aldeko babesa indartzeko ere. Elkarrizketa eta negoziaziorako prestutasuna beti. Geuk nahi dugu akordioa lortu; ez diezaiogun hori arerioari oparitu. Eta horrekin batera, eta modu paraleloan, bide propioa jorratu, estatu estrukturak eraiki eta aurrera egin, erabakitzeko eskubidearen aitorpena ez dadin bilakatu prozesua betiko lokarrarazteko tresna. Bestela, jai dugu. Estatuak ez baitu sekula erabakitzeko eskubidea aitortuko, ez badu estatuaren etorkizuna kinka larrian ikusten. Eta nazio askapen mugimenduak ez baitu estrategia irabazle bat gauzatzea lortuko, ez badu bere proiektua lortu dezakeen biderik egiten.

Indar handiagoa lortu beharra dago. Indar nahikoa zenbat den ez dago batere argi. Irlandan eta Eskozian ez dago independentismoan hegemonia inguruko hauteskunde lehiarik. Irlandan Sinn Fein eta Eskozian SNP dira alderdi independentista nagusiak ezbairik gabe. Ez da Euskal Herriko errealitatea. 2017ko Kataluniak erakutsi zigun alderdi independentistek, hauteskunde lehia izanik ere, independentziarako bidea elkarrekin egin zezaketela. Gaur egungo Kataluniak erakusten digu alderdi independentisten arteko hauteskunde lehia arazo larri bilaka daitekeela. Gurean alderdi abertzaleen arteko lehia eta elkarlana batera egiteko kultura eta praktika politiko berriak asmatu beharko ditugu. •