Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hezitzaile ofizioaren xarmaz

Tonuccik esana da irakasle onek bakarrik salbatuko dutela eskola.
Tonuccik esana da irakasle onek bakarrik salbatuko dutela eskola. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Halakorik entzungo genuenik ere! Bada, antza, hainbat lanbidetan gertatzen ari den antzera, irakaskuntzan ere irakasle falta izan omen dezakegu. Ohartarazpena Frantziako Estatuko Pap Ndiaye Hezkuntza ministroak egin zuen urte berriaren hasieran. Ndiayek esandakoaren arabera, arazoa estrukturala da, eta, bistan denez, datorren ikasturtetik aurrera Parisek ezingo ditu behar adina irakasle titular kontratatu. Ikasturte hasieran ere antzeman zen irakasle eskasia horrek, dirudienez, zenbait urtez iraungo du. Beraz -eta oraingoz, behintzat!-, ondorioak izango ditu Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eskoletan ere.

Ministroak egin zituen adierazpenen arabera, azken ikasturteetan «irakasle ofizioaren xarma jaisten ari da». Bere iritziz, eta irailean irakasle guztiei soldata igotzea aurreikusita duen arren, xarma galtzea ez dago soilik soldatarekin lotuta. Era berean, zerikusia du ibilbide profesionalaren garapenarekin, eta arazoa nazioartekoa da. Hortaz, nahiz eta jakin soldata igotzea ez dela nahikoa izango, igoera hori definitzen ari dira eta «zeregin berriekin» lotuta egongo dela jakinarazi du. Zeregin horiek eskolaren eraldaketarako eta ikasleen arrakastarako baliagarriak izango omen dira. Zehazki, «ikasleen orientaziorako», «irakasleen etengabeko prestakuntzarako» eta beste irakasleen hutsuneak betetzeko «denbora laburrerako ordezkapenetarako» denbora luzeagoa eskaintzeagatiko pizgarriak izango lirateke igoera horiek.

Aldaketa hotsak datozkigu mendean gaituzten eta euskal herrietako eskolak arautzen dituzten eta hezkuntza sistema ezartzen diguten bi estatuetatik: Espainiako Estatuko LOMLOE Hezkuntza Legea, batetik, eta Frantziako Estatuan datorkien arazo estrukturalari aurre egiteko neurriak, besteak beste, bestetik. Francesco Tonucci pentsalari, psikopedagogo eta marrazkilari italiarrak esandakoa datorkit burura: ez da erreforma onik behar, maisu-maistra onak baizik.

Hezkuntza ministro frantsesak irakasle lanaren xarma berpiztu nahi du, eta, bide batez, eskola aldatu ikasleen arrakasta erdiesteko irakasleei zeregin berriak esleituz. Erronkari erantzuteko beharko duten denbora gehigarria aitortzeko prest omen dago; horretarako, diru-pizgarriekin sarituz. Asmoak ez dira txarrak. Ia nolakoak diren praktikak.

Ez dago gaizki hezkuntza ministro bat irakasle ofizioaren xarmaz kezkatzea. Interesgarria. Xarma edo xarma eza aipatuta, urgentea da eraiki nahi dugun Euskal Hezkuntza Sistema Nazional horri hein handian eutsiko dioten hezitzaileen -ez soilik irakasleen- profilaren inguruan gogoeta egitea: zer ezaugarri eta prestakuntza beharko dituzten zapalduta dagoen eta hezkuntza gutxitua duen herri honetako neska-mutilak pertsona libre eta zoriontsu gisa hezteko, alegia.

Tonuccik aspaldi esan zuen soilik irakasle onek salbatu ahal izango dutela eskola. Eta irakasle ona izatea haurren oinarrizko eskubidea da, ez zorte kontua! •