GAUR8
SORMENA LANTZEN

Abian da haur eta gazteei zuzendutako Elkar 15. Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa

«Ipuina ilustratu» atalean parte hartzaileek Esti Vivanco idazlearen «Nora joan da Nora?» ipuina ilustratu beharko dute. «Ilustrazioa ipuin bilakatu» eta «Komikia osatu edota hasieratik sortu» ataletan Alex Orbe ilustratzailearen proposamenak izango dira sormenerako abiapuntu. Iaz 9.000 lan baino gehiago aurkeztu ziren.

Alex Orbek sortutako ilustrazioa, parte hartzaileek ipuin bilakatu behar dutena.
Alex Orbek sortutako ilustrazioa, parte hartzaileek ipuin bilakatu behar dutena. (ELKAR)

Haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea helburu duen Elkar 15. Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa martxan da jada. Aurten ere hiru modalitate antolatu dituzte, haur eta gazteen adinaren arabera: "Ipuina ilustratu", "Ilustrazioa ipuin bilakatu" eta "Komikia osatu edota hasieratik sortu".

"Ipuina ilustratu" aukeran HH4 eta LH4 mailen artean (biak barne) dauden haurrek har dezakete parte. Aurten, Esti Vivanco idazle bilbotarraren "Nora joan da Nora?" ipuina ilustratu beharko dute, Elkarren webgunean irakur daitekeena. Ilustrazioak A3 edo A4 formatudun orrian egin beharko dira eta margo mota eta teknika guztiak onartuko dira. Ohikoa denez, hiru adin tarte desberdinduko dira lanak aurkezteko: A maila (HH4 eta HH5, edo txikiagoak), B maila (LH1 eta LH2) eta C maila (LH3 eta LH4).

"Ilustrazioa ipuin bilakatu" modalitatea LH5 eta DBH2 mailen arteko gaztetxoei zuzendua da eta parte-hartzaileek Alex Orbe bizkaitarraren ilustrazioarekin ipuin bat osatu beharko dute. Euskaraz, ordenagailuz eta orrialde bakar batean idatzita egon beharko dute ipuinek, eta ezinbestekoa da idazlearen izen-abizenak, jaiotza-data, telefonoa, helbidea eta ikastetxearen izena zehaztea. Kasu honetan, bi maila egongo dira: D maila (LH5 eta LH6) eta E maila (DBH1 eta DBH2).

Azkenik, komikiei zuzendutako lehiaketan, DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleek har dezakete parte. Aukera bat Alex Orbek hasitako komikiari jarraipena ematea da, eta bigarrena, gaia mantenduz (autobus bidaia baten hasiera), komiki bat hasieratik sortzea. Komikiak eskuz zein ordenagailuz sor daitezke eta euskaraz idatzi behar dira, edozein teknika eta material erabiliz. Hori bai, lana A4 tamainako orrialde bakar batean entregatu beharko da eta hemen ere ikaslearen datuak gehitzea derrigorrezkoa da.

Lanak (gehienez ere bat pertsonako) apirilaren 20ra arte aurkez daitezke edozein Elkar liburu-dendatan utzita, postaz "Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa; Euskal kulturgintza S.A. Portuetxe 88 - 20018 Donostia" helbidera bidalita, edo ipuina edo ilustrazioa eskaneatuta eta postdata.elkar.eus atarira igota. Lehiaketaren oinarriak zein beste xehetasun guztiak atari horretan aurki daitezke.

Sariei dagokienez, Laboral Kutxa eta Irrien Lagunak babesleei esker, maila bakoitzean jolas sortak eta opari txartelak jasoko dituzte bi lan onenek, eta tabletak ere bai LH5 mailatik gorakoek. Ikastetxeentzako sari bereziak ere izango dira. Iaz, 14. ekitaldian, 9.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte orotara lehiaketan: 3.000 ipuin aurkeztu ziren, 5.800 ilustrazio eta 200 komiki inguru.

Ilustratzaile bizkaitarrak proposatutako komiki hasiera (ELKAR)