Koldo SAGASTI

Adimenaren aztarnak

Margaret Mead antropologo estatubatuarra ezaguna da, besteak beste, iragan mendeko 20 eta 30eko hamarkadetan egindako ikerketa etnografikoengatik. Behin, unibertsitateko saio batean, ikasle batek galdetu omen zion zein ote zen, haren ustez, giza zibilizazio adimentsuaren lehenengo aztarna. Ikasleak esperoko zuen, segur aski, maistrak amuari, goldeari, zorroztarriari edo buztingintzari erreferentzia egingo ziola. Baina ez. Meadek azaldu zuen antzinako kultura batean agertutako lehenengo zibilizazio aztarna femur orbaindu bat zela. Izan ere, animalien artean hanka bat apurtzeak heriotza dakar, ia ezinbestean. Zangoa apurtu duenak ezingo du arriskuetatik ihes egin eta harrapakin erraz bilakatuko da inguruko predatzaileentzat, nekez iraungo du bizirik hezurra sendatzeko adinako denboraz. Aitzitik, berrosatzera iritsi den femur batek erakusten du norbait errukitu egin zela zauritutakoarekin, zaindu eta lagundu egin zuela, haustura orbaindu arte bizirik iraun zezan. «Elkarrekiko babesa, zailtasun batean dagoenari laguntzea, horixe da zibilizazioaren abiapuntua», baieztatu zuen antropologoak.

Gaur egungo gizarte neoliberalean, ordea, ustez zibilizatuagoak izanagatik, badirudi elkar zaintzeak ez duela tokirik, eta besteekiko enpatia gutxiago duena dela, hain zuzen, arrakastaz aurrera ateratzeko prestatuena. Horregatik, beti sortu dit halako egonezin arraroa Eusko Jaurlaritzak “Euskadi, bien común, auzolana” leloa erabiltzeak bere marketin kanpainetan. Kezkatu egiten nau, besteak beste, osasun sistema publikoaren, eta oro har, ongizatearen sistemaren zutabeak deuseztatzeko estrategia deliberatua darabilten horiek antipoda ideologikoetan zegoen pentsalari batek sortutako kontzeptu bat, elkarrekiko laguntzarena, berreskuratu eta edukiz husteak. Nago femurra sendatzerainoko laguntza jaso zuen zorioneko aitzindari hark gaur egun Osakidetzako traumatologo batek arta dezan sei hilabetetik gora itxaron beharko balu, nekez iraungo lukeela bizirik zibilizazioaren abiapuntuaren lehenengo aztarna bilakatzeko. Euskadin elkarrekiko laguntzatik gutxi. •