Pello Otxandiano
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Atzean utzi beharreko argazkiak

Aste honetan oharkabean pasatu den argazki bat hartuko dut hizpide: astelehenean, Mondragon Unibertsitatean, "Hirekin" proiektuaren aurkezpena. Argazkian Mondragoneko arduradunak, Mondragon Unibertsitatekoak, Gipuzkoako diputatu nagusia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailetako arduradunak, Aitor Esteban eta Andoni Ortuzar. Zein mezu uzten du argazki horrek? Instituzioa berdin alderdia, nazioa berdin alderdia. Argazki hori desastre bat da ikuspegi demokratikotik. Eta larriena da zein naturalizatuta dagoen, hainbeste non oharkabean pasatu den eta Mondragon Unibertsitateko arduradunek ez dioten arazorik jarri. Alderdia eta erakunde demokratikoak bat eta bakarra balira bezala irudikatzen direnean, pluraltasun demokratikoa komun zulotik behera joaten da, eta horrek alderdi bakarreko erregimen baten antz handiegia du. Denok gara (nolabait) bat, eta hemendik kanpokoa anomalia bat da.

Argazki hori sintoma bat da, atzean ezkutatzen du hirugarren mailako herri egiten gaituen errealitate mingarri bat: urte gehiegiz instituzio nagusiak gobernatu dituen alderdiaren bueltan eratu den botere sarea, sare klientelar bat, alderdiarengandik hurbil ibiltzeak mesede egiten dizula. Eta hain da praktika hedatua ezen normaltzat jotzen baita. Asteleheneko ekitaldi horretan parte hartu zuen inork ez du adierazi desadostasun edo deserosotasunik. Hain da praktika hedatua ezen hizpide dugun alderdiak berak, egin berri duen entzuketa prozesuaren ondoren, publikoki aitortu duen uste hedatua dela euskal gizartean lagunkerian aritzen dela.

Lagunkeria horrek bidea errazten die De Miguel bezalako ustelkeria kasuei, sare klientelar hori lur ongarritua da ustelkeria kasuak eman daitezen. Izan ere, demokraziak eskatzen dituen kontrapisu eta kontrol mekanismo sozialak desaktibatu egiten ditu. Halako joko-zelaian lankidetza publiko-pribatu goretsiak ez ditu onenak aukeratzen, baizik eta bueltan dabiltzanak, eta horrek kalte egiten digu herri gisa: talentua galtzen da, exijentzia maila beheratzen da, eztabaida politikoa pobretu egiten da, gobernantza eredu aurreratuek eskatzen duten kultura politikotik urruntzen gara, finean herri gisa ditugun gaitasun politikoak kamustu egiten dira.

Eta nago honako hau faktore giltzarria dela azken urte luzeetan Euskal Herriaren mendebaldean etorkizuna prestatzeko egon den atrofia estrategikoari dagokionez. Oso argiro, iragan hamarraldian ez da bisio estrategikorik izan etorkizuna prestatzeko, eta horren adibide on bat aste honetan bertan ikusi dugu: Arantxa Tapiak irratian iragarri du energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) ez dela bi urte baino lehen onartuko. 2009an Eusko Legebiltzarrean aho batez onartu zen LPS berri bat egin behar zela proposatzen zuen mozioa. 2018an Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen LPSa egiteko. Bada, legegintzaldia pasatuko da LPSrik gabe.

Trantsizio energetikoaren olatua etorriko zela aurreikustekoa zen aspaldi. Orain energia berriztagarriekin lotutako proiektu saldoa dator lurraldera eta ez dago euskal ekonomia deskarbonizatzeko estrategiarik, ezta lurraldea ordenatzeko tresnarik ere. Esango nuke trantsizio energetikoa adibide argia dela: hamarraldi bat galdu dugu, ez dugu jakin etorkizuna prestatzen.

Hainbat faktore egongo dira tartean. Baina aipatu argazki horrek atzean ezkutatzen duena bada horietako bat. Birgaitze demokratiko sakon bat behar dugu Euskal Herriaren alde honetan, ezinbestekoa zaigu, besteak beste, etorkizunari baldintza egokietan aurre egiteko. •