Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Borraska

Ibaiak harrotzen direnean, gotorleku bihurtutako etxeetan ezkutatuko gara, gure baitara bilduak.
Ibaiak harrotzen direnean, gotorleku bihurtutako etxeetan ezkutatuko gara, gure baitara bilduak. (Jon URBE | FOKU)

Hazita datoz ibaiak, goseti. Mapetan marra urdin estatikoz marraztutako xirripak mugitu egiten dira etengabe; etxe, zubi eta petrilez zedarritutako ubideen kontra errebelatzen dira aldiro. Eta ibaiak harrotzen direnero bezala, oholez gotortutako ate eta leihoak ikusiko ditugu etxabeetan. Garai bateko hondar-zaku eta dikeekin akordatzen naiz halakoetan, eta irudimenak gudu-zelaietara eraman ohi nau. Badakizue: palakadaz palakada hustutako lurrean eraikitako lubakiak eta frankotiratzaileen miraila finarentzat zirrikitua ozta-ozta uzten duten leiho estaliak. Batzuetan munduak aldarrikatu gabeko gerrateak hasten ditu gure kontra, gutxien espero dugunean. Kaosetik borraska bakar batera bizi gara.

Eta horretarako aukera daukagunak teilatuperen batean gordeko gara. Haize-ufadek esnatuko gaituzte gauaren beltzean eta euria entzungo dugu pertsiana itxien kontra, indartsu, iazko uda lehorrean amorrua pilatzen aritu izan balitz bezala. Irratia piztuko dugu, musika pixka bat, ekaitza baino ozenago, ahal dela. Gure porlan, egur eta pladurezko gotorlekuetan giltzapetuko dugu gure burua. Tarteka telebista edo mugikorra piztu eta leiho seguru horretatik miatuko ditugu gure horma hauskorren beste aldeko irudiak: olatuek jipoitutako arrantza-ontziak portuan eta zuhaitz eroriak errepideetan; aterkiak jendearen eskuetatik ihesi eta elurrak irentsitako mendi-bideak. Armairutik manta lodia aterako dugu, begietatik gorputz osora hedatu zaigun hotzikarak beharturik. Berogailuaren goxora hurbilduko ditugu gure gorputz ikaratuak.

Goxotasunak ez digu askorik iraungo, ordea. Antsiaz arituko gara gure eguneroko ordenatuan zeharkatzen ditugun lekuak kaosak nola irensten dituen zokomiran: olatuek mehatxatutako malekoiak eta adar hautsien zaparradapeko plaza eta parkeak. Orain egun batzuk gure neurrira eginak sentitzen genituen lekuak. Gure espazio segurua txikitzen eta txikitzen ari dela ohartu eta are gehiago uzkurtuko dugu gorputza mantapean. Etxea bunker bilakaturik; ate eta pertsianak itxirik, pantailak leiho bilakatuko zaizkigu eta hortxe egongo gara, esperoan, ekaitza noiz pasako.

Eta jada hain sendo sentitzen ez ditudan horma hauen alde honetatik pentsatu dut hori bera dela “helduaroa” deitzen diogun urtaro lauso hau ere. Gure pentsamendu, uste eta aurreiritzien baitara biltzea, gero eta gotortuago, gero eta itxiago. Gure espazioa txikitzea, azal dezakegun horretara mugatzea, gure logikatik kanpo geratzen den oro mehatxutzat hartzea. Hauskortzen eta biguntzen doazen gure gorputz hauen hormak indartzea, fikziozko ordena baten menera biltzea, kanpoan haizea eta euria ate-joka ari zaizkigun bitartean. •