Iñaki Sanz-Azkue
INGURUNEA DESKUBRITUZ

Ikasleak hozitu Txikipedia loratzeko

Urtarrilaren 26an Ingurumen Hezkuntzako Nazioarteko Eguna da. Sarri azpimarratzen da hezkuntzan, hainbat kontzeptu eta gai jorratzeko, ezinbestekoa dela material egokia sortzea eta hori eskuragarri izatea. Material egokia, eta euskaraz, ikasleek erabiltzeko moduan egon dadin. Denon eskura, erraz iritsi gaitezen. Horiek sortzeko bidean, alabaina, izaten dira trabak eta ezinak, denborak infinituraino atzeratzen dituzten proiektuak, eta beraz, material faltak zenbait eduki lantzeko nagia eragiten du. Txikipediak eta Ingurugelak buelta txiki bat eman nahi izan zioten kontu horri eta hauxe pentsatu zuten: eta gaia lantzen badugu materiala sortzen dugun bitartean? Eta horrela hasi ziren, 2022ko udaberrian, ordura arte falta ziren dozenaka landareren euskarazko artikuluak sortzen elkarlanean. Ikasleak, irakasleak, ikastetxeak, Txikipedia eta Ingurugela. Guztiak proiektu berean, ikasleak hozitzeko asmoz, Txikipedia loratzen amaitzeko.

Irungo Eguzkitza ikastetxeko lau ikasle, aukeratutako eremua aztertzen.
Irungo Eguzkitza ikastetxeko lau ikasle, aukeratutako eremua aztertzen. (GAUR8)

2021-22 ikasturtean Gipuzkoako ikastetxe askotan udaberria sekula baino gehiago loratu zen. Ez eguraldiak hala eragin zuelako, baizik eta irakasleen eta ikasleen begiek inoiz baino atentzio handiagoarekin erreparatu ziotelako inguruneari. Landarez eta lorez beterik zegoen inguruko zelai, belaze, belai edo eskola inguruko lorategi txikiari. Eta hor hasi ziren zalantzak, zurtoin, hosto, hazi, fruitu eta lore, guztiak ala guztiak ezberdinak zirela ohartu zirelako eta ikusi zutelako, ikusi, itsutasuna noraino iristen den. Landare itsutasuna ikusi (eta sentitu) zuten, alegia.

Eta hala, Eskolako Agenda 2030aren haritik, Gipuzkoako hainbat ikastetxe hasi ziren lantzen zelai batek ekosistema moduan duen garrantzia, eta landareak bere bakardadean egin dezakeen funtzioa, edota espezie bakoitzak baduela bere txokoa, hezetasun, argitasun, lurzoru eta beste hamaika faktoreren arabera aldatzen dena. Ikusi zuten inguruko zelai guztiak ezberdinak direla, eta gizakiaren erabilerak ere baldintzatzen duela horien izaera. Beraz, gizakiaren arabera aldatzen dela paisaia ere, eta paisaiak berak baldintzatuko duela, gero, zein fauna espezie biziko diren bertan. Zenbat eta landare ezberdin gehiago izan, orduan eta biodibertsitate handiagoa izango da ordura arte ezkutuan pasatu diren zomorro txikien munduan. Aniztasuna luparekin ere beha daitekeelako.

Gipuzkoako 50 ikastetxek baino gehiagok babesgune txiki bat sortu zuten, eskola inguruan edo Udalak eskainitako parkeren batean, esaterako. Eta bertan landareak loratzeko eta intsektuak erakartzeko irla txiki bat sortu zuten ikasleen begietara. Belarrari bere kasa hazten uzten zitzaion paradisu bat, eremu urbanoan. Eta landu zuten didaktikoki, EHUko Arantza Aldezabalen laguntzarekin, begiak zorroztu eta inguruan ditugun zelaien azterketa bat egiteko eta horiek ere baloratzeko behar zuten moduan. Hezkuntza zelaietara atera zen. Landareak ikusi eta aztertzera.

Landare itsutasuna, argitzen

Babesguneko landareei begira, ordea, zalantza handiak hasi ziren sortzen. Irakasleak zein ikasleak konturatu ziren, bertakoak, egunero ikusten zituzten landare (eta lore) horiek, behin baino gehiagotan nahi gabe zapaldu dituzten horiek, oharkabean pasatzen zirela haien begien aurrean. Ikusi ere ez zituztela egiten, itsu egongo balira bezala landareen munduaren aurrean. Materiala eskatu zuten, eta eman zitzaizkien baliabideak: mugikorrerako app-ak, gidaliburuak, webgune batzuk, eta… Txikipedia? «Txikipedian ez dago apenas landarerik…».

Zarauzko La Salle ikastetxeko ikasleak belardi batean lanean. (GAUR8)

Hala, Eskolako Agenda 2030aren ardura zeraman Ingurugelak, Aranzadiko Botanika Sailaren laguntzarekin, 120 espezie baino gehiagoren zerrenda osatu zuen. Ia guztiak bertako landareak: arruntak, mehatxatuak, urriak eta ugariak, txikiak, handiak… Dibertsitate handiko zerrenda osatu zuten. Eta proposatu zitzaien ikastetxeei, lanketa egiten zuten bitartean, Txikipedia hornituko zuten landareei buruzko artikuluak ikasleekin osatzea. Nahi zituzten landareak hartzeko aukera izango zuten, baina bi izango ziren Txikipediara modu ofizialean igoko zirenak. Ikastetxe bakoitzak bi landare eskainiko zizkion gizarteari baita hezkuntzari ere.

Ikasleak... eta irakasleak

Gipuzkoako ia eskualde guztietan prestatu ziren formazio saioak. Eskolako Agendan parte hartzen zuten ikastetxeetako koordinatzaileen elkarguneetan, koordinazio bileretara gerturatu ziren Galder Gonzalez eta Aiora Mujika Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko langileak, eta Txikipediaren erabilerari buruzko prestakuntza eman zuten. Horren ostean, 50 ikastetxek baino gehiagok eman zuten izena denen artean Txikipedia hornitzeko lanketan. Landareei buruzko artikuluak egitea bera izan zen irakasleak zein ikasleak bertako espezieetara gerturatzeko lehen pausoa. Eta egin ziren Txikipediarako artikuluak eskola txikietan, handietan, landa eremuko herrietan zein hirietan. Sarri landareen gertutasuna norberaren begien araberakoa ere badelako, lekuarena baino gehiago.

Irakasleak, Arantza Aldezabal eta Maddi Artamendiren formazioan. (GAUR8)

Babesgune eta artikuluen artean ernatu zen ikasleen landareekiko kuriositatea eta hozitu irakasleek landareekiko itsutasunari buruz zuten informazio gutxia. Txikipediarekin elkarlanean sortu dira, geroztik, 85 landare espezieri buruzko artikuluak. Guztiak, ikasleek eginak. Horietako asko eskola inguruan ikus daitezkeenak.

Urte hasierarekin batera 100 artikulura iritsiko da proiektua. Ikastetxeen arteko elkarlana sustatzea eta bultzatzea bide interesgarria da, ez soilik haien arteko harremanak aberasten dituelako eta lan egiteko modua partekatzen dutelako, baizik eta, ikasketa prozesuan txertatuz gero, gisa honetako emaitzak ere lor daitezkeelako, gizartearentzat onura sortuz eta hezkuntzarentzat interesgarriak izan daitezkeen materialak eginez.

Itsasoko arrainak eta energia

Esperientziaren arrakasta ikusita, Ingurugelak eta Txikipediak elkarlanean jarraituko dute 2023an. Abenduan, jada, izan dira prestakuntzarako tarteak. Urtarriletik aurrera, Euskal Herriko “itsasoko arrainak” izango dira protagonistak Lehen Hezkuntzako umeentzat. Bigarren Hezkuntzakoek eta Batxilergokoek “energia” gaia, gaur egun pil-pilean dagoena, izango dute Txikipediarako lan moduan.

Itsasoko arrainen proiektua ere elkarlanaren eredua da, eta hala egin nahi izan da adar asko enbor berari lotuz. Izan ere, begirada eta ikuspuntu ezberdinak dituzten adituak elkartzeak ekoizpen bereziak eta aberatsak sortzea ekartzen baitu. Kasu honetan, Txikipediak Euskal Herriko kostaldeko hainbat elkarte biltzen dituen Itsasoikorekin landu zuen bertako itsasoko arrainei buruzko ezagutza, espezieei buruzko artikuluak sortzeko asmoz, hain zuzen ere. Horrekin batera, EHUko Ilustrazio Zientifikoko Masterreko irakasleak eta ikasleak ere sartu dira proiektuan, eta haiek izango dira, zorroztasun zientifikoa oinarri hartuta, itsasoko arrainen ilustrazioak egingo dituztenak.

Alburnus alburnus espezieko arrain baten ilustrazioa (GAUR8)

Azken pauso horretan, Ingurugelak Gipuzkoako ikastetxeei zabaldu die proiektuan parte hartzeko aukera, eta ikasleekin batera, gaia lantzeaz gain, Txikipedia osatuko duten artikuluak egitekoa ere bai.

Irekitako bideak puntu interesgarri asko sortu ditu, bai hezkuntza aldetik, bai lan egiteko moduagatik edota hainbat elkarte lotuz, nork bere esperientziatik egin dezakeen ekarpena kontuan izanda, egin den apustuarengatik. Izan ere, haziari hozitzeko baldintza egokiak jartzen zaizkionean, loraketa errazago ematen baita.