Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

«Meglio tardi che mai»: ezinbesteko telesail italiarrak

Egunotan erabaki dugu aurtengo udako oporraldian Siziliara joango garela. «The White Lotus» telesailaren bigarren denboraldiaren giroak kutsatuta edo «The Godfather» filmarekin dudan grinak bultzatuta akaso, baina kontua da hegazkina hartu eta Italiako uharte hori bisitatuko dugula udan. «Niri bost» pentsatuko duzu, ziurrenik. Lasai, sarrera honek badu-eta argibide bat: Siziliako mapa eta Italiakoa gainbegiratzen ari nintzen bitartean ohartu naiz oraindik ere ez dizuedala hain gustuko ditudan telesail italiarrei buruz hitz egin; «Meglio tardi che mai!» (hobe berandu inoiz ez baino).

“Esterno notte” telesaileko fotograma bat.
“Esterno notte” telesaileko fotograma bat. (GAUR8)
Esterno notte

FILMIN

2022an estreinatu zen ekoizpen hau. Marco Bellocchio zuzendariak telesailen mundura egin du jauzi, Aldo Moro-ren kasua jorratzeko, Italiako politika betiko aldatu zuen bahiketa politikoa. 1978ko Italian girotuta dago telesaila, eta herrialdearen azken urteotako gertakari garrantzitsuenetako bat azaltzen du; Brigada Gorriek (1969an sortutako Italiako talde armatu komunista) Moro bahitu zutenekoa. Mendebaldeko herrialde baten historian lehen aldiz, alderdi komunista batek babestutako gobernua boterera iristear dago. Eta Kristau-demokraziarekiko aliantza historiko bati esker gertatuko da hori. Aldo Moro, presidentea, akordioaren aldekoa da. Inbestidura-egunean, ordea, Moro bahituko dute. Oihartzun handia izan zuen gertaera hark herrialdeko bizitza politiko eta sozialean. 2003an Bellocchiok berak “Buongiorno, notte” filmean kasu bera aztertu zuen arren, orain, ia hogei urte geroago, istorioaren azterketa sakonagoa eta zehatzagoa eskaini digu. Telesail honi esker, Bellocchiok narratzaile bikaina dela agerian utzi du berriro ere, eta eszenaratzeko zehaztasuna alde batera utzi gabe, 70eko hamarkadako Italiako buru-hausgarri politiko korapilatsua xehatzeko abilezia harrigarria izan du. Kontakizunean kronologiak garrantzi berezia duen arren, egitura orokorra pertsonaietatik abiatzeak indar berezia ematen dio. Atal bakoitza gatazkaren barruko ikuspuntu bati buruzkoa da eta hainbat pertsonaiatan oinarrituta dago. Pantaila txikira jauzi egin duen arren, Bellocchiok berretsi du zinema egiten jarraitzen duela eta berea, nolanahi ere, sei orduko film bikaina dela. Bikaina.

1992, 1993 & 1994

FILMIN

Duela 20 urte, sistema osoa hankaz gora jarri zuten ustelkeria kasuak azaldu ziren Italian. 1992an hainbat epailek osaturiko “Esku Garbiak” izeneko taldeak alderdi politiko nagusiak eta enpresa garrantzitsuak inplikatu zituen eroskerien kontrako makro-prozesu batean. Mugimendu horri ‘Tangentopoli’ deitu zitzaion (eroskerien hiria). Hala, 4.000 enpresari eta ehunka politikari epaitu zituzten Antonio di Pietro fiskalak gidatutako prozesuan.

Eskandalu hori guztia pantaila txikira moldatu dute telesail bikain honetan. Betiere, objektibotasun maila altua eskainita. Ibilbide narratibo guztia pertsonaien bitartez irudikatzea erabaki dute, eta horixe da, nire ustez, telesailaren euskarri sendoena. Benetako pertsonaiak eta fikziorako sorturikoak tartekatuz, Giuseppe Gagliardi zuzendariak oreka bikaina lortu du, fikzioaren eta esparru historikoaren nahasketa biribila sortuta.

Dokumentazio ariketa bikain bezala ere, ezin hobeto funtzionatzen du telesailak. Horren eredu, garai hartako erreferentzia politikoak eta telebistako eguneroko programazioaren isla. Ikusten dugun guztia, gainera, sentitu egiten dugulako. Argi dago, bestalde, telesailak ezin direla girotze on batean soilik oinarritu, eta telesail hau ez litzateke hain ezinbestekoa izango haren gidoi goren eta eraginkorrarengatik ez balitz. “1993” eta “1994” honen jarraipena dira.

Strappare lungo i bordi

NETFLIX

Zerocalcare komikigile italiarrak sorturiko animaziozko telesail zoragarria da honako hau. Erritmo bizikoa, bizitzari eta egunerokotasunari buruzko bakarrizketen bilduma txundigarria iruditu zait. Telesaila jada ikusi baduzu, osagarri modura jakin Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara itzuli zuela “Macerie Prime” komikia hiru liburukietan: “Hondamuinean” (2018), “Hondamuinean 2: 6 hilabete geroago” (2019) eta “No sleep till Shengal” (2022).

Zerocalcare komikigilearen bizipenetan oinarritutako helduentzako animaziozko telesaila da. Erromako marrazkilari gazte bat, gizarte-kontzientzia oso sakonekoa eta armadilo erraldoi bat kontzientziatzat duena -ongi irakurri duzu, bai-, eta tartean beste hainbat pertsonaia sartzen direla, bere bizitza-ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen ari da hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean. Animazioa mezu garrantzitsuak zabaltzeko erreminta oso eraginkorra izan daitekeela agerian uzten du telesailak: umorea helduleku gisa erabiliz (ekoizpen oso irudimentsua izateaz gain) eta erabat lur jota utzi nauen amaiera horren bidez (mezu oso bortitza eta beharrezkoa plazaratzen duelako). Guztia ez baitira barreak, telesailak hunkiberatasunerako tartea ere eskaintzen duelako, urrezkoa den gogoeta sorta batekin. Maisuki eta era oso originalean belaunaldi jakin baten erretratu oso zehatza eta gordina egin duela uste dut. Animazio-estilo aldetik jariatzen duen sinpletasun horrek mezu nagusiari garrantzi handia ematen laguntzen du, eta gidoia edozein pertsona identifikatuta sentitzeko moduko egoerez beteta dago; oso umore garaikidea dago eta narrazioa azkarra da.

The Young Pope & The New Pope

HBO MAX eta AMAZON

2016a gogoan izan dugu beste zinemagile ezagun batek, Paolo Sorrentino italiarrak, pantaila txikira salto egin zuelako urte hartan. HBO, Sky Italia eta Canal+ en arteko ekoizpen honek Leny Belardo (“Jude Law”) Pio XIII. aita santu izendatu berriaren istorioa kontatzen du: 40 urte eskas ditu eta AEBtako lehen aita santua da. Lehen bi atalak, gainera, Veneziako zinema jaialdian aireratu zituzten, txalo zaparrada ugarien artean. Hasierako minutuetan, Leny Belardo lehen diskurtsoa prestatzen ari dela ikusiko dugu. Urduri sumatzen zaio, inork ez baititu aita santu berriaren printzipio eta balioak ezagutzen. Vaticanoko balkoian jarri orduko, imintzio eta keinuak eginez, askatasunaren aldeko diskurtsoa egiten hasiko da, Tom Cruisek “Magnolia” filmean egindakoaren parekoa ia-ia. Sexu bereko erlazioen aldekoa dela esanez, abortua, sexu librea eta masturbazio positiboak direla esanez… Bat-batean, irudia moztu eta Jude Law ohean ikusiko dugu eta ohartuko gara dena ametsa besterik ez dela izan. Ametsa, agian, baina telesailaren nondik norakoa zein izango den eta batez ere nolako aita santua aurkeztu diguten jakiteko balioko du. Hortik aurrera, Erromako kuria barruko guda politiko moduko bat hasiko da. Badakit gaiak nagitasun ikaragarria sortzen duela eta agian ez zarela gerturatu ere egingo. Baina amore ematen ez duen aita santu mendekari eta haserrekorra ikusteko aukera hau oso interesgarria iruditu zait; haurtzaroan gertaturikoaren aurka eta hainbat momentutan Jainkoarengan sinesten ez duela esanez. Sorrentinok hain berezkoa duen estetika zoragarri horretaz baliatuz eta hizkuntza zinematografiko oso aberatsa erabiliz, ezinbesteko telesail bilakatu da, zalantzarik gabe. Osagarri horiekin guztiekin zuzentasun ezaren bankete bat ikusteko aukera izango duzue. “The New Pope” izeneko bigarren zatian ere osagarri horiek topatuko dituzue.

Gomorra

HBO MAX eta DISNEY PLUS

Bost denboraldi, 58 atal, telesail biribila. Italian egiten ari garen bidaia honen barruan, izenburu bakarra aukeratu beharko banu, “Gomorra” izango litzateke. Ikusi ez duzun telesailik onena izan liteke, ziurrenik, eta Italian inoiz egindako onena. Letra larriz idatzitako maisulana. Roberto Savianoren liburuaren eta 2008ko filmaren ostean, Napoliko Camorraren bizitza azalarazten duen telesail ikaragarri hau estreinatu zuten. Akzioa, suspensea, tiroak, traizioa, beldurra… Lehen ataletik harrapatuko zaitu telesailak. Napoliko talde kriminalari buruzko erradiografia izugarria izateaz harago eta Savianoren kazetaritza-lanaren egokitzapen gorena izateaz gain, batez ere giza izaerari buruzko telesaila dugu honako hau. Gidoi bikaina, biraketa ugari eta, inongo zalantzarik gabe, azken urteetako ekoizpen sendoenetakoa.

La meglio gioventù

1960ko hamarkadaz geroztik Italiako familia baten istorioa azaltzen duen sei orduko telesail laburra edo film bikoitza. Nicola eta Matteo helburu eta ametsak partekatzen dituzten anaiak dira. Liburu berberak irakurtzen dituzte eta lagun berez gozatzen dute. Giorgia izeneko neska bat ezagutzen dutenean, ordea, guztia aldatuko da. Nicola psikologo lanetan hasiko da; Matteok, aldiz, ikasketak utziko ditu eta polizia-taldean sartuko da. Belaunaldi baten erretratua eskaintzen du telesaio labur berezi honek: mundua hobetu nahi duen belaunaldi bati buruzko istorioa. Italiako historia errepasatzen duen bitartean, Italiako familia batek lau hamarkadatan bizi izandakoa kontatzen du.

Hiru orduko bi zatitan banatuta, Bertoluccik “Novecento”-rekin egin zuen moduan, Marco Tullio Giordana italiarrak bere herrialdeko azken hamarkadetako kronikari bikaina dela argi utzi du. Iraupen luzekoa izan arren, telesail labur edo film miresgarri eta zirraragarri hau, bereziki bigarren zatia, ez da inoiz ere astuna egiten, pertsonaiek eta kontatutako gertakariek interes handia pizten dute eta.

ZeroZeroZero

Narkotrafikoaren inguruko telesailek, normalean, nahiko ikuspegi itxia eskaintzeaz gain, arazoaren fokua toki jakin batean soilik kokatu ohi dute. Ekoizpen italiar honek prismatikoak urrunago ipini eta drogaren negozioari buruzko erradiografia aparta egitea lortu du. Horretarako, hiru fase erakusten dizkigu telesailak: salmenta (Mexikon), erosketa (Italian) eta banaketa (AEBetatik ateratzen den itsasontzia). Maisuki jokatzen du ikuspuntu desberdinek eskaintzen dutenarekin eta, gurutzatzen diren istorioen mamia erabilita, gidoi oso eraginkorra osatzea lortu dute. Mexikon, AEBetan, Marokon, Senegalen eta Italian filmatutako telesail ilun, bizi eta xurgatzailea. Amazonen mundu-mailako “Narcos” bezala definituko nuke.

L'amica geniale

HBO MAX

Hainbeste telesail ditugu eskura, ezen ezinezkoa baita Hollywoodeko fokuetatik at kokatzen diren eta, gainera, denboraldi bat baino gehiago daramaten telesailetako batzuk ikusle orokorrari iristea. Horren adibide argia da “L'amica geniale”. Elena Ferrante idazlearen liburu ezagunak moldatu dituen fikzio honek joan den mendeko 40ko hamarkadako Napoliko auzo xume batera garamatza hasieran. Han, bi lagun hazi dira: Lila eta Lenù. Bi neska adimentsu eta langile dira, baina familia pobreetan jaiotakoak. Bizitza paraleloan garatzen dute, eta miseriatik ihes egiten saiatzen dira, ikerketaren eta fantasiaren bidez. Saverio Costanzok maisutasun narratibo handiz zuzendu du telesail hau, eta aktore-taldea osorik nabarmenduko nukeen arren, aktore protagonistak gailentzen dira bereziki. Max Richter handiaren soinu banda ere txalotzeko modukoa iruditzen zait. Jariatzen duen hunkiberatasunagatik, edertasun estetikoagatik, egiazkotasunagatik eta interpretazio bikainengatik biziki gomendagarria da.

Romanzo criminale

“Romanzo criminale” eleberri ezagunaren egokitzapena, Magliana bandaren zabalkundea eta gainbehera kontatzen dituena. 70eko hamarkadaren amaieran Erroman narkotrafikoa menderatu zuten gazte batzuek osatu zuten talde hura, eta Mafiarekin, Camorrarekin eta Italiako Zerbitzu Sekretuekin ere loturak izan zituzten. 70eko hamarkadako Erromako giro paregabeari esker, errealismo izugarria jariatzen du telesailak. Akzio-eszenak oso ondo filmatuta daude, eta genero honetako benetako gertaeretan oinarritutako istorio on baten osagarri gehienak topatuko dituzu bertan: aliantzak, traizioak, maitasuna, polizia-ikerketak, ustelkeria... Telesaila 2008. urtekoa da, eta alor batzuetan apur bat gaizki zahartu izanaren sentsazioa ere izan dudala aitortuko dut: genero ikuspegia, pertsonaien garapena, elkarrizketa batzuk eta abar.