Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Elkarrizketa
Norma Vera Salazar
Ekintzaile kolonbiarra

«Sarraskiak edo hilketak errazago aitortzen dira sexu indarkeria baino»

Hernan Giraldo paramilitarrak adin txikiko 201 neskato bortxatu zituen. Norma Vera Salazar giza eskubideen defendatzaileak delitu horiek denbora luzez ikertu ditu.

Norma Vera Salazar.
Norma Vera Salazar. (GAUR8)

Unibertsitateko irakaslea, giza eskubideetan eta nazioarteko zuzenbide humanitarioan aditua, eta gatazka armatuen eta genero gaien ikertzailea, Norma Vera Salazar kolonbiarrak Karibeko kostan paramilitarren sexu indarkeria pairatu duten 10.000 biktimari baino gehiagori lagundu die azken bi hamarkadetan. Magdalenako Emakumeen Sarearen sortzaile eta presidentea ere izan zen 2013 eta 2018 artean.

Hernan Giraldo Serna paramilitarraren kontrako prozesu judiziala abiatu zuen. Hogeita bost urtez Sierra Nevada de Santa Marta ingurua kontrolpean izan zuen Giraldo Sernak. 1.500etik gora arma gizon izan zituen bere esanetara. Droga trafikoaren ibilbideak kontrolatzen zituen. Hamalau urte baino gutxiago zituzten 201 neskato bortxatu zituen. Preso zegoela ere bost adingabe bortxatu zituen espetxean bertan, dokumentu faltsuekin sarrarazi ondoren. Talde paramilitarrekin abian ipini zuen prozesuaren ondoren, Justizia eta Bakea Legea sortu zuen Kolonbiako Gobernuak. Giraldo Sernak legeari heldu zion kartzela zigorra arintzeko, baina soilik 33 bortxaketa aitortu zituen. Kopurua faltsua zela frogatu zuen Vera Salazarrek, zortzi urtez egindako ikerketaren ostean. Fiskaltzak gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen delituak.

Freytter elkartearen eskutik Euskal Herrian izan da, gatazkaren testuinguruan gertaturiko sexu-krimenak azalarazteko. Gasteizko Legebiltzarrean egon zen, eta Euskal Herrira migratutako emakumeekin elkartu zen. Gaur8rekin egindako elkarrizketan nabarmendu duenez, «errazagoa da sarraskiak edo hilketak aitortzea sexu indarkeria baino».

Bi hamarkada baino gehiago eman dituzu Magadalena departamentuan paramilitarismoa eta sexu biolentzia gerra arma gisa ikertzen. Zer ezaugarri hartu zituen fenomeno horrek Karibeko kostaldean?

Paramilitarismoa erantzun kontrainsurgente gisa hasitako fenomenoa da. Eskualdeetan antolatu zuten, abeltzain eta eskuin muturrari lotutako sektore ekonomikoen laguntzaz. Babes horren ondorioz, egitura horiek sendotu egin ziren eta lurraldearen kontrola izan zuten, eta horrek legez kanpoko beste jarduera batzuk ekarri zituen, hala nola narkotrafikoa, lurrak desjabetzea, lekualdatzeak edo gizateriaren aurkako krimenak. Magdalenaren kasuan, paramilitarismoaren eragina oso bortitza izan zen. Kolonbiako Kariben gertatu ziren 333 sarraskietatik 123 Magdalenan izan ziren. Desplazamendu masibo handiena, 11.000 pertsonena, Santa Martan gertatu zen, departamentuko hiriburuan, non 1.200 desagertu baino gehiago zenbatu ditugun. Hernan Giraldo Sernak 14 urtetik beherako 200 adingabe baino gehiago bortxatu zituen: sexu indarkeria gerra arma bilakatu zen. Emakumearen gorputza gerra arma gisa erabili zuen seme-alabak izateko eta odolkidetasunaren bidez lurraldearen kontrola bermatzeko. Berrehun seme-alaba baino gehiago izan zituen. Munduko gatazka modernoetako sexu harrapakari nagusia da.

Zein faktorek ahalbidetu zuten sistematikotasun hori?

Alde batetik, lurraldean hain hedatuta dagoen misoginia. Bestetik, gorputzaren erabilera eta sexu krimenak ikusezin bihurtzea ahalbidetu dute bortxaketa masibo horiek. Faktore horiei konplizitate instituzionala gehitu zaie; “lehen gaueko eskubidea”, latinez “jus primae noctis” esaten zitzaion hori, baliozkotu egin du erakundeen konplizitateak. Garai batean, 1.500etik gora gizon izan zituen bere kargu Giraldo Sernak. Eskualdea kontrolatzen zuen, baita Ameriketako Estatu Batuetara kokaina bidaltzeko ibilbideak ere. Narratibak eraikitzeko gaitasuna zuen; neskatoak gurasoek beraiek entregatzen zituztela esaten zuen. Gezurra zela frogatu nuen; gurasoak presionatu egiten zituzten. Gatazkaren baitan, erresistentzia ezinezkoa zen. Paramilitarismoaren dinamikek ez zuten inolako erresistentzia gunerik ahalbidetzen. Sexu krimenak ikusezin bihurtu zituzten; hori da sakoneko arazoa.

‘Zulagailua’ ezizenez ezaguna zen Giraldo Serna. Horrek nolabaiteko eskubidea ematen zion neskatxak indarrez desloratzeko. Eta toki jakin batzuetan ‘Giraldoren emakumea’ izatea duintasun handikotzat jotzen zuten. Bortxaren fruitu, 200 bat seme-alaba izan zituen. Helburua familia leinuaren bidez lurraldearen kontrola mantentzea zen.

Errazagoa da gatazkaren baitan sarraskiak eta hilketak aitortzea krimen ikusezin bat aitortzea baino. Giraldo Sernak 33 bortxaketa soilik aitortu ditu. Guk, berriz, 201 bortxaketa ikertu ditugu. Barranquillan eta Medellinen preso egonda, adin txikiko bost neskato bortxatu zituen espetxean bertan. Bere alabak izango balira bezala sartu zituzten.

Konplizitate sare bati buruz ari gara, beraz.

Horixe. Estatu aparatu kriminal batek balioztatu zuen hori. Prokuradoretzak esku hartu zuen, paper faltsuak eman zizkien eta Espetxeetako eta Kartzeletako Institutu Nazionalak (INPEC), dokumentazioa faltsua izan arren, espetxean sartzen utzi zien eta adingabeko neskato horiek espetxean bertan bortxatzea baimendu zuen. Gaia lerro mehe batzuetatik pasatzen da. Lehenenik, krimen sexualak ikusezinak direla -inork ez du horretaz hitz egiten eta ez ditu aitortu nahi -. Bigarrenik, Estatuak ez zuela bere eginbidea zintzo bete, Giraldo Sernak aitortu zituen 33 krimenetatik haratago ez baitzuen inolako ikerketarik egin.

Eta hirugarrenik -eta aldatzeko konplexuena-, gizarte zibilak sexu indarkeria normalizatu duela nolabait. Normaltzat jo da gizonak neskatoekin oheratzea. Oso zaila da hain errotuta dauden gizarte egiturak eta kultur logikak eraldatzea eta erakundeek beren eginbeharra betearaztea. Misoginia eta indarkeria maila handia dago lurraldean. Matxismo estrukturalak ez die lekurik uzten emakumeen eskubideak eta duintasuna aintzat hartzen dituzten diskurtsoei.

Zerk bultzatu zintuen ikerketa hau egitera?

Ni neu sexu indarkeriaren biktima izan nintzen, ez gatazka armatuaren testuinguruan, osaba baten eskuetan baizik. Sexu indarkeriaren eta familia barruko indarkeriaren biktimak eta lurrak erreklamatzen dituzten 10.000 emakume baino gehiago ordezkatu ditut. Ikerketa hau katarsi pertsonal moduko bat izan da; norbanako erreparazio bat, alegia. Sexu indarkeriaren biktimentzat, krisi pertsonalak gainditzeko eguneroko ariketa da bizirik irautea. Bilaketa pertsonalerako prozesua izan da ikerketa hau; nik izan ez nuen justizia eman nahi izan diet biktimei. Bortxaketa ez da soilik gorputzarena; arimarena ere bada.

Nolakoa izan zen emakume horienganako hurbilketa?

Hernan Giraldo Serna bortxatzaile sistematiko bat zela guztion ahotan zegoen. Ezagutza publikokoa zen, baina inor ez zen ausartzen gertatzen ari zena salatzen. Berrehun biktima elkarrizketatu nituen. Haiekin mintzatu nintzen. Zailena haien burua biktima gisa aitortzea izan zen. Izan ere, askorentzat ‘ohorea’ zen Giraldo Sernaren ‘emakumea’ izatea. Modu anonimoan bildu nituen lekukotasunak. Oso zaila da sexu biolentziari buruz hitz egitea, estigma oso handia baita.

Nola baloratzen duzu Bakerako Jurisdikzio Berezia?

Oso positiboa da. Ikusezin geratu diren krimenak mahaigaineratzeko eta biktimentzat justizia lortzeko baliagarria izan daiteke. Sexu krimenei beste ikuspegi batetik heldu behar diegu. Gerraren beste dimentsio batzuk ikusteko, pedagogia egiteko eta ez errepikatzeko neurriak sortzeko aukera ematen digu.