Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
{ DATORRENA }

Borne Erreforma, bigarren zigorra emazteentzat

Bere Erretreten Erreforma aurkeztu zuenean, Elisabeth Bornek argudio indartsua baliatu zuen: «Erreforma hau –hitza eman zuen– justuagoa da, bereziki emazteentzat». Alta, egitasmoa aztertu ondoren, letra txikiak bestelako egoera iragartzen duela iradoki dute, hala nola, L’Obs eta Mediapart hedabideek. Besteak beste, erreformaren eraginari buruzko txostenean oinarrituta, emazte gehienentzat etorkizuna ilunagoa izan daitekeela ohartarazi dute.

Txostenaren arabera, belaunaldi bakoitzeko 200.000 emaztek denbora luzeagoaz lan egin beharko dute. Gizonezkoen kasuan, ordea, belaunaldiko 170.000k. Hau da, adinaren gibelatze orokorraz gain, emazteek beste atzerapen bat jasoko dute. Datu orokorra krudela zelakoan, agian, Bornek urtero-urtero 3.000 emaztek «lehenago ahal izango dute erretreta hartu» nabarmentzea hobetsi zuen. Hainbat osasun langileri, ez guztiei, aitortuko omen zaien tratamendu bereziak ekarriko lukeen hobekuntzari zenbakiak ezarriz.

Gaur-gaurkoz, erretiroa hartzeko batez besteko adina 62 urtekoa da gizonen kasuan. Emazteei dagokienez, erretretara joateko batez besteko adina 62 urte eta zazpi hilabetekoa da.

Zifrak argigarriagoak dira erretreta saria aintzat hartuz gero. Gizonezkoei dagokienez, 1.931 eurokoa da batez besteko pentsioa; emazteena, 1.154 eurokoa.

Egiturazko diskriminazio hori murriztera joko du Bornek aurkezturiko erreformak? Horretan ere plazaraturiko bilanek ez dute oso toki onean uzten Emmanuel Macronen gobernu burua. Berez, gizonezkoei hobekuntza apala ekarriko lieke sistema berriak. Belaunaldien arabera aldaketak izanik ere, kasurik onenean %1era ez litzateke helduko igoera. Emazteek zerbait gehiago jasoko lukete. Beren pentsioaren hobekuntza askoz jota %2ra helduko litzatekeelako. Papurrak. Jatorrizko egoera nolakoa den kontuan hartuta, ahal da, egiazki, defendatu emazteentzat erretreta sistema berria justuagoa dela? Hori bera egin zuen, datu zeharo partzialak baliatuz, Bornek, eta bere hitzek boomerang efektua izan dute.

Amatasunari loturiko lan etenaldiak, zaintzari gehitutako lanaldiaren murrizketak, soldata arrakala... Horiek eta beste hainbat faktorek prekarioago bilakatzen dituzte, oro har, produkzio-adinean dauden emazte askoren bizitzak. Izan ere, erretiroa hartzeko orduan sumatuko dituzte gehienek ondorio kaltegarrienak. Mendekotasun ekonomikoa eta, egoera latzetan, pobreziaren atzaparkada etor daitezkeelako lan bizitza baten bueltan.

Marko hori iraultzeko edo, besterik ez bada, aipaturiko faktore horiek konpentsatzeko moduko neurriak jasotzen ditu erreforma berriak? Erantzun bakarra ezezko biribila da. Gizonezkoekin alderatuta, gaur egun frantses Estatuko emazteen pentsioa %30-40 baxuagoa da eta erreformaren eraginari buruz plazaraturiko hausnarketak ez du inolako hobekuntzarik aurreikusi desoreka izugarri hori murrizte aldera.

Izan ere, txostengileak argiki adierazi du zahartzaroan diru-sarrera zertxobait txukundu nahi duten emazteek aukera bakarra dutela: beranduago hartzea erretiroa.

Horrela, bide batez, Elisabeth Bornek eginiko iragarpena egiaztatuko dute: matematikoki, lan gehiago egiten badute gehiago kobratuko dutelako. Hori bai, eskas duten denbora-bizitzaren truke. •