Andoni URBISTONDO

Urre zuriaren gatibu Belaguan

Gabonak epel joan ziren, baina urtarrilak negu gorria ekarri du Belagua aldera. Han aspaldi esaten dute saguek ez dutela negua jaten, eta beti iristen dela. Bi metroko geruza pilatu da Eraiz eta Ernaz lepoetan, errepide ertzean, eta han errepide zuria belzten aritzen den kuadrillaren egunerokoa ezagutu nahi izan dugu. Elurra kentzeko ohiko bi makinekin aritzen dira, baina baita elur kopuru handia mendialdera jaurtitzen duen turbo fresatzailearekin ere. Beharko, elurte handietan zortzi metroko elur hormak ere sortzen baitira Euskal Herriko mendate garaienean.

Agoizko eskualdea garbitzeko elurra kentzeko 14 makina dituzte, 600 bat kilometro denera; Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko bailarak.
Agoizko eskualdea garbitzeko elurra kentzeko 14 makina dituzte, 600 bat kilometro denera; Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko bailarak. (Andoni URBISTONDO)

Gutxitan ikusten duenak, jolas moduan hartzen du elurra. Sarri ikusten duenak, aldiz, ez du ikusi ere egin nahi, oztopoak sortzen dituelako eguneroko martxan. Belaguako harana beste maila batean dago. Han dago Euskal Herriko errepide garaiena: Ernaz lepoa, 1.767 metrora. Erronkari Ibaxatik Biarnora, edo alderantzizko bidea egiteko bertatik pasatu behar da derrigor, eta neguak, goizago edo geroago, gogor astintzen ditu paraje haiek beti, bazterrak elurtuz lodi.

Arette-San Martingo Harria eski alpinoko estazioa dago ipar isurian; La Contienda, El Ferial, Belaguako aterpea eta Mata de Hayako iraupen eskiko pistak, hego isurian. Elurrak, urre zuriak, milaka eta milaka lagun erakartzen ditu azarotik apirilera arte, eta langile kuadrilla bat Nafarroako Pirinioetako bailarako herritarren sos iturri garrantzitsuena bermatzen aritzen da 12 orduko lan jardunaldi gogorretan: errepideak garbitzen.

Juan Pito bentan dute egoitza, 1.200 metrora. Han dute tresneria gordetzeko biltegia, gailuak konpontzeko babesa, arazo mekanikoren bat duten aldiro Izaba edo beste herriren bateraino ez jaisteko. Julian Gabas bentako nagusiak zaintzen ditu; jaten eman, eta berotasuna eskaini eguraldia gaiztotzen denean. Atarian bost gradu zeropetik daude, eta haize demonioa, sentsazio termikoa zeropeko 15 graduraino jaitsiz.

Salda bero bat hartzen ari da langile kuadrilla, solasean. Eguneko lanak goizean goiz erabaki dituzte Luismi Martin eta Ander Larrañagak, Nafarroako Lurralde Kohesio saileko kideek, eta meteorologia estazioetako informazioaren arabera.

Ander Larrañagaren hitzetan, «Agoizko eskualdea garbitzeko elurra kentzeko 14 makina ditugu; 600 bat kilometro denera, Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko bailarak baitaude gure ardurapean». Garbi dituzte lehentasunak. Luismi Martin: «Errepide nagusiak, aurrena, noski, eta eskola eta mediku zentroetara iristeko bideak, ondoren. Prezipitaziorik ez dagoenean bakarrik garbitzen dugu, elurra ari badu garbitzea alferrikakoa delako».

Belaguak ematen die buruko min gehien, han egiten baitu elurra mara-mara. 1,15 eta 2 metro arteko elur geruza pilatu da errepidean azken denboralean, eta egunak daramatzate garbitze lanetan: «Belaguak estatus berezia du. Elurra kentzeko bi makina ditugu mendaterako bakarrik, baina baita bi turbo fresatzaile ere», dio Larrañagak. Elurra errepide ertzetara jaurtitzen duen makina ikusgarria da fresatzailea (rolba markakoa da, eta horrela deitzen diote langileek sarri).

Garbiketaren kudeaketaz arduratzen den Serveo-Lakita UTEko Mikel Oiaregi eta Julio Callejak erabakitzen dituzte mendateko lanak, Miguel Albisurekin elkarlanean. «Miguel Belaguako mendateko zaintzailea da; inork ez du berak bezain ondo ezagutzen errepide hau», esan du Oiaregik. Gidariak bakarrik falta zaizkigu, Pirinioetako semeak biak: Tito Garate Urzainki Burgiko semea, elurra kentzeko gailuan, eta Alfonso Iriarte Garraldakoa, Aezkoako semea, rolberoa, fresatzaileko gidaria, alegia.

Mendate gaiztoa da Belagua

Tito Garatek daraman kamioian goaz mendatean gora. Laino itxia dago, baina prezipitaziorik ez. Errepidea, baina, zuri-zuri dago. Garate: «Belagua mendate gaiztoa da oso. Elurtegiz betea dago, eta elurrik egin gabe ere, errepidea aitaren batean estaltzen du haizeak garraiatutako elurrak. Etengabe aritu behar dugu gora eta behera, bestela ezinezkoa izango litzatekeelako ibilgailuak aurrera egitea». Bisutsa latza da, hotza alimalekoa, baina hala ere, gailu barruan eroso doa Tito, berogailua jarrita. Sei metro kubiko gatz daramatza atzean, eta horiek sakabanatzen ditu han eta hemen (gatzak elurra desegiten du).

Gustuko lana du Garatek errepide garbiketa, baina badu sobera atsegin ez dituen ezaugarriak: «Okerrena, sarri ez dela ezer ikusten. Tarteka geratu egin behar izaten dugu, bide ertzean dagoen hesola bilatu, eta aurrera jarraitu. Ez dago amildegi handirik bidean, asko jota elur pila baten kontra joko nuke, baina adi ibili behar dugu». Motorraren eta palaren soinua ere deserosoa da. «Entzun!», esan du, leihoa jaitsiz: «Soinua jasanezina egiten da ordu asko daramatzazunean». Lasai eta presarik gabe ibiltzen da Tito: «Pentsa daiteke kamioian ezin zaizula ezer gertatu, trakzioa daukalako, baina gertatzen da. Jela beltza dagoenean (ikusten ez den jela), adi ibili behar duzu, kamioiak ez baitio eusten irristatu gabe».

Hamaika ikusitakoa da gidaria, baina aho bizarrik gabe ziurtatu du okerrena ez dela eguraldia, arauei muzin egin eta gurpil egoki edo katerik gabe etortzen den jendea baizik. «Horrek izorratzen du dena, errepide erdian gurutzatu eta dena katramilatzen dutelako. Kateak jartzea ez da erraza, baina gaur egun, neguko gurpilak kateak bezain eraginkorrak dira. Hobeak ere bai, ez baituzu ezer egin behar. Zenbatetan gertatu zaigu, sekulako bisutsa egon, eta jendea kateak jartzen gurpilei. Hori ezinezkoa da, ezin da denbora luzerik egin zero azpiko tenperaturarekin. Auto bat geratzen da, gero beste bat, ilara hasten da eta akabo». Garateri gertatu izan zaio Ernazeko lepotik La Contiendaraino atzerantz jaitsi beharra, gatza botatzeko, auto pilaketengatik.

Kuadrilla guztiak aipatu du tinko bide-heziketaren arazoa, baina ñabardura garrantzitsu batekin. Luismi Martin: «Ipar Euskal Herriko eta Frantziako jendeak ez dauka arazo hori. Ondo hezita daude, eta katerik edo neguko gurpilik ez badute, ez dira igotzen, edo ez diete igotzen uzten. Nafarroatik datozen askok, aldiz, ez dute heziketa egokirik. Etortzen dira 100.000 euroko karabanarekin, eta gurpil normalekin. Poliziak ere oso tarteka ikuskatzen du gurpilen kontua neguan, eta konturatzerako sekulako iskanbila sortzen da mendatean gora».

Turbo fresatzailearen indarra

La Contienda gunerainoko bidea egin du Tito Garatek elurra kentzeko makinarekin. Han dago zain Alfonso Iriarte, rolberoa. «550.000 euro balio du makinak, eta 700 zaldiko motorra dauka», argitu dio kazetariari, igo eta berehala. Errepidea zabalik dago Arette-San Martingo Harria eski estazioraino, baina lanik ez zaio falta Iriarteri: «Aparkalekuak libratu eta garbitu behar dira, jendeak lekua izateko, eta errepideak ere ahalik eta gehien zabaldu, bi norabideetan ibilgailu bi ondo kabitzeko eta pilaketarik ez sortzeko».

Turbo fresatzaileak indar ikaragarria dauka. Bi metroko geruza duen elur horma hausten, zatikatzen du burdin hesola luze batek, eta elur parrastada fresatzailearen aurrera jausten da. Arrabola batekin elurra biltzen du Alfonso Iriartek gidatutako makinak, eta tximinia antzeko gailu baten bitartez elurra bospasei metrora jaurtitzen du. Ahalik eta urrunen, haizeak elurra errepidera bueltan ekar ez dezan. Fresatzaileak oso mantso egiten du bidea: «Hiru bat kilometro orduko, asko jota, baina elur geruza handia pilatzen den tokietan ezinbesteko bilakatu da bere erabilera. Elurra kentzeko makina arruntek ezin dute pala baino handiagoa den elur geruzan aurrera egin; turbo fresatzaileak, bai». Belaguan bi turbo fresatzaile dituzte, Suitzatik ekarritakoak, eta etengabe erabiltzen dituzte neguan.

Alfonso Iriarte La Contiendako aparkalekuan utzi dugu egurrean, ipar zuriarekin borrokan. -22ko sentsazio termikoak uxatuta, mendatean behera egin dugu Tito Garaterekin. El Ferial-eraino errepidea nahiko ondo dago, baina handik Belaguako aterpera infernu zuri bilakatu da errepidea. Ordubete eskas da gorantz igo garenetik, baina errepidea zuri-zuri dago, eta arimarik ez dabil. Besteak beste, elurra kentzeko makina pasatu gabe ezinezkoa delako aurrera edo atzera egitea.

Kamioia estaltzen zuen geruza

Garatek bost urte daramatza lanean Belaguan, eta -14 edo -15eko tenperaturak ezagututakoa da (kamioiko termometroan ikusitako tenperatura). Elur geruzari dagokionez, «kamioi osoa estaltzen zuen geruza bai, lau bat metro edo». Eraizeko lepoan izaten dituzte komeria gehien. Han Lakora mendiko babesa bukatu egiten da, eta ipar haizeak elur kopuru itzelak garraiatzen ditu Zuberoako mugetatik Nafarroarantz. Luismi Martin: «Zortzi metroko hormak ere egiten dira tarteka han, ezponden ondorioz. Puntu kritikoa da hori, mendate guztiko gaiztoena». Miguel Albisuk 20 urte daramatza Belaguan, eta 11-12 metroko hormak ezagutu omen zituen urte batzuk atzera.

Eguartea da, eta langileek etena egin dute Juan Piton bazkaltzeko. Hotzak ez du barkatzen, edo edozein janari berok neke oro berdintzen du. Arratseko txandan geratuko dira batzuk, eta Luismi Martin Lurralde Kohesio saileko Zaintze Bulegoko arduradunak euren neguko jarduna laburbiltzen duen datu batzuk plazaratu nahi izan ditu, bertaratzen den jendearen hobe beharrez aritzen direla gogorarazteko: «Negu arrunt batean 700 orduko lana egiten du elurra kentzeko makina batek; 1.800 ordu, fresatzaileak; 650 gatz tona erabiltzen ditugu, eta kaltzio kloruroa, aldiz, 4.2 tona. Nafarroako Gobernuak 600.000 bat euro gastatzen ditu errepide garbiketan, Belaguako mendatean bakarrik».

Egun, Ernazeko lepoan eurentzat dagoeneko mugarik ez dagoela dio Martinek: «Lehen lepoan buelta ematen genuen, baina frantziarrek ez zuten bidea irekitzen eski estazioraino. Jendea haserretu egiten zen ez genuelako irekitzen, baina guk ez genuen errurik. Orain bi aldeetako langileek bi aldeak garbitzeko hitzarmena dugu: gu goazenean, Arette-San Martingo Harriraino joaten gara, eta eurak pasatzen direnean, La Contienda edo El Ferial-eraino. Modu horretan jende gehiago etortzen da nafar Pirinioetara, baita Frantziako jendea ere, eta denontzat hobe».

Desira batekin agurtu da Luismi Martin: bide heziketan treba gaitezela, pixkanaka, eta guztion mesedetan ari diren langileekin pazientzia pixka bat izan dezagula, negua gordintzen denean. Belaguan elurrak luze iraungo duelako, eta beste enbataren bat etorri, etorriko delako. Saguek ez baitute negua jaten!