Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

3202

Ortzi-muga gorritzen ikusi du Melen begiak, ametsetik piztu berri.0204_gaur8_zientzia
Ortzi-muga gorritzen ikusi du Melen begiak, ametsetik piztu berri.0204_gaur8_zientzia (GETTY)

Ortzi-muga gorritzen ikusi du Melen begiak, ametsetik piztu berri. Bigarrenez zabaldu duenean gorriago ikusi du, biziago, eta bigarren begia zabalduz esnatu da, egunarekin bat. Hegazkineko leku estuan arteztu denerako, ortzi-muga gainditu berri duen Eguzkiak aurpegia igurtzi dio. Ederra zaio egunsentia lainoen gainetik eta ez du berehalakoan konprobatu amaren egoera, esnatzen den bakoitzean egiten duen legez. Ongi dagoela konfirmatu duenerako, zeruan pizten hasi den urdin ilun sakonak busti du Melen bereizmen ertaineko erretina, baina bere gogoa ez da dagoeneko zentzumenak irakurtzen ari, ehunka kilometrora dago; bizi egitasmo berrian.

Hilabete batzuk lehenago, gero eta pisutsuagoa egiten ari zitzaion zurrunbiloa Meli. Informazioa bildu eta modu esanguratsuan aurkezten aritu izan da azken urteetan adimen zerbitzu anitzetan, eta horixe egin izan du egunerokoan, edozein unetan, bere beharrak asetzeko. Hamaika estimulu milioika nortasun biltzen diren metropolian. Badira asteak non soilik ametsetan hartzen ahal duen atseden. Gaztetan datu kantitate handiko atazak ebazteko prestatu bazen ere, eta lan horretan adimen bikaina izanagatik, nazkatu da Mel bizimodu horrekin; ez dio gehiago 13V12 izenari erantzun nahi.

Melen gogoa, baina, ez dago atzera begira. Fusioak bultzaturiko hegazkina baina arinago heldu da helmuga duen etxaldera, nodo batetik bestera, sare gero eta banatuagoan barna. Melen gogoa, baina, ez dago atzera begira. Fusioak bultzaturiko hegazkina baina arinago heldu da helmuga duen etxaldera, nodo batetik bestera, sare gero eta banatuagoan barna. Apenas ahal duen informaziorik bildu, basamortu itxura duen lautada horretan. Ikusten ahal du etxaldearen kanpoaldea, mugimendu handirik barik, eta entzun abereren bat noizbehinka. Seinale gehiagorik ez, heltzera itxaron beharko du bere bizileku berria ganoraz hautemateko. Urduri dago Mel, baina begi keinu batez laguna portuan zain duela konprobatu eta lasaitu egin da. Lagunaren irribarrea kutsatu zaio ahoan.

Hegazkina hiriko portu zentralera heldu denean, gogoz kontra irten behar izan du Melek makinen terminaletik. Halakorik XXXII. mende betean! Ez du oso altu pentsatu, baina, badaezpada, bera baita arrotza hiri zahar honetan. Beldur puntu batekin igaro ditu terminaleko kontrolak, baina gelditu gabe irten da portuaren erdigunera, zuzen bere lagunaren kokapenera. Irribarrea berriz ere, orain begien bidez kutsatua ahoraino. Besarkatu eta behera egin dute azkar, laster irtengo den trena hartzera.

Parez pare eseri dira trenean, eta une horretan utzi dio lagunak bere gogoa partekatzeari, ahoa zabaldu eta ahots kordak dantzatuz esateko; “Kaixo 13V12, aspaldiko!”. Laguna belarritik hautemateak poztasunez bete du Mel. Data eguneratzeko instant bat hartu du erantzun aurretik, eta aldatu du urtea 3202tik kristo ondorengo 2252ra. Bizitzear dituen nortasun aldaketetatik lehena besterik ez. Inguruko isiltasuna gero eta nabariagoa zaio, ez da apenas zaratarik heltzen trenak gurutzatzen dituen eremu mortuetatik. Isiltasunaren isiltasunaz, bere gogoa inoiz baino ozenago entzuten du; desio bizia du gorputz berrian sartzeko, datu berriak modu berrietan antolatzeko. “Ez Lur, esaidazu Mel aurrerantzean”. •