IKUSMIRA

Ongi bizitzeko lan egin, eta ez lanerako bizi

Astearteko mobilizazioan erakutsitako pankarta.
Astearteko mobilizazioan erakutsitako pankarta. (Patxi BELTZAIZ)

Giroa pil-pilean dago Estatu frantziarrean. Parisko Gobernuak ezarri nahi duen erretreten erreformak, erretreta edo jubilazioa hartzeko gutxieneko adina 64 urtera luzatuz, langileen haserrea eragin du eta erantzun irmoa jaso du karriketan. Urtarrilaren 19an egindako lehen greba egunak jarraipen zabala izan zuen eta 10.000 pertsona inguru mobilizatu ziren Baionan «Borne Erreforma» deitu zaion lege aldaketaren aurka -Elisabeth Borne lehen ministroak hartu duelako erreforma aurrera ateratzeko ardura-. Bigarren greba eguna asteartean deitu zuten sindikatuek eta berriz ere milaka lagun elkartu ziren erreformaren aurka azaltzeko. Baionan egindako manifestazioan 17.000 pertsonak hartu zuten parte gutxi gorabehera, eta sustatzaileen arabera, mobilizazio gehiago izango dira datozen asteetan. Goiko argazkian asteartean Baionako protestan erakutsitako pankarta ikus daiteke, «Lana edo bizia?», garrantzitsuagoa zer den galdetuz. Helburua ongi bizitzeko lan egitea delako, eta ez lanerako bizi beharra.