Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Tragedia bat, bi errudun, hiru gabezia

Duela hiru urte, Zaldibarko hondamendia gertatu eta egun batzuetara, irakurle baten ekarpena jaso genuen. Gertatutakoaren larritasunaren pertzepzio osoa izan bazen, baina galderak erantzunen oso gainetik zeuden; esaterako, nola zen posible kontrol publiko zorrotza zuen zabortegi bat bat-batean era horretan goitik behera jaustea? Ez zen aurreko tramitazio osoa zuzen egin? Lehenengo egun horietan, ez soilik galderek, uste okerrek ere errealitateari aurrea hartua zioten: adibidez, amiantoaz asko idatzi zen arren, legez zuzena zen “hiltzaile isila” bertan lurperatu izana.

Kazetari zereginean zergatien bila ari ginela, irakurle hark puzzlea osatzeko pieza garrantzitsu bat eman zigun: 2000. urtean Lakuako Industria Sailak sinatutako agindua. Haren arabera, halako ekimenen inguruko kontrola arindu egin zen, ardura nagusia enpresa pribatu bakoitzaren esku utziz, eta ez soilik arlo teknikoan, baita segurtasunari zegokionez ere.

Industria jarduerak errazteko aurrerapauso bezala aurkeztu zen erabakia. Dardara eragiten du azalpenak: «Urte askoan, beharrezkoa izan da Administrazioak zuzenean babestea pertsonen eta ondasunen osasuna edo osotasuna arriskuan jar dezaketen instalazio guzti-guztien egokitasuna. Egungo esparruan (...) egokia da industria-administrazioaren esku-hartze mailak intentsitate bera ez izatea».

Nolatan erakundeek beren kontrol-gaitasunari uko egitea, ekimen pribatuen mesedetan? Bitxia baina ez arraroa, agindu hura sinatu zuen sailburua gaur egun Repsoleko agintari gorena dela gogoan hartzen badugu. Lakuakoa baino ardura oparoagoa, portzierto: 4,24 milioi euro eskuratu zituen iaz Josu Jon Imazek.

Beharbada ezin daiteke esan agindu horrek zuzenean Zaldibarkoa eragin zuenik. Baina jokaleku orokorra horretan laburbiltzen dela bistan da, eta gainerako adierazleek berresten dute: antzemandako irregulartasunak garrantzi txikikotzat hartu izana, Verterren kontra zigor-espedienterik inoiz ez abiatu izana, azken orduko abisuei jaramon handirik ez egin izana... Finean, istripu larriren bat izanez gero, enpresa izango zen arduraduna. Legearen atzetik tranpa dator batzuetan, baina beste batzuetan legea bera da tranpa.

Hortik aurrera, erakundeen erantzukizuna frogatzeko (eta gizarteratzeko) lana malkartsua zen oso. Are gehiago, agenda markatzeko erakundeen ahalmen handia eta herri eragile eta sareen gabeziak eransten badizkiogu. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuen bilaketan jarri zuen fokua -eta dirutza- Lakuako Gobernuak, eta giza mailan oso ulergarria zen egiteko hori, baina gizarte mailan garrantzi bera izan behar zuen erakundeen arduraren zehaztapenak. Bestalde, denborak erakutsi du inozo samarra zela auzia Europar Batzordeak argituko zuela pentsatzea, Durangoko Auzitegiak garbituko ez duen bezala (zertan da “Bidegi auzia” Azpeitikoan?).

Hiru urte ondoren, etsigarria zait Zaldibarkoaren inguruko guztia. Tragedia handi bat izan da eta bada. Bi hildako eragin zituena, eta bi erantzule dituena (enpresa eta erakundeak/legeak). Eta gutxienez, gure gaur egungo gizartearen hiru gabezia seinalatzen dituena: ulertzeko zailak diren auziak antzeman eta gizarteratzeko ezintasunak, lege okerrak ekidin eta ardura politikoak hartzeko zailtasunak eta, finean, ondorioak atera eta konponbideak lortzeko ahuleziak. Izan ere, ezin ote liteke bihar beste Zaldibar bat gertatu gure kontrolik gabeko industria-oihan luze-zabalean? •