Koldo SAGASTI

Bartzelonatik Tel Avivi, adeu

Otsailaren 8an, historikoa izanagatik, prentsako letra txikira zokoratuta geratzen diren albiste horietako baten berri izan genuen. Ada Colauk, Bartzelonako alkateak, agerraldi ofizial batean jakinarazi zuen konde-hiriak Israelekin dituen harreman instituzionalak bertan behera utziko dituela, Palestinako populazioaren kontra ezarrita duen apartheid erregimenak dirauen bitartean. Era berean, Tel Aviveko Udalarekin duten senidetze akordioa ere etengo dutela iragarri zuen. Bartzelona, Gaza eta Tel Aviv lotzen dituen hitzarmena 1993an sinatu zuten, Osloko Itunen ondorengoetan, keinua balizko estatu palestinar baten sorrera prozesuan akuilua izango zelakoan, baina hiru hamarkada geroago agerian geratu da sinatzaileetako batek, Israelek, hasieratik ere ez zuela sinatutakoa betetzeko inongo asmorik izan. Gauzak horrela, erabaki zentzuzkoena da, udal buruaren hitzetan, gaur egungo testuinguruan inongo zentzurik ez duen harreman hori amaitutzat ematea.

Iragarpenak, segur aski, ez du ondorio praktikorik ekarriko apartheid erregimenaren mende egunero bizi diren palestinarrentzat, baina balio sinboliko handiko keinua da, Bartzelona baita Tel Avivek Mediterraneoaren beste aldetik historikoki bilatu duen hiri moderno eta kosmopolitaren eredua. Horren erakusle izan dira estatu sionistaren ordezkaritzaren eta haren aliatuen erreakzio suminduak. Protokoloari jarraituz, antisemita izatea leporatu diete ekimen honen sustatzaileei.

Baina horiek ez dira adierazpen instituzionalak jasan dituen gaitzespen bakarrak. Kataluniako zenbait hedabidek asmo elektoralista ikusi dute Colauren iragarpenean. Ez dakit alkatea giza eskubideekiko konpromiso zintzoak bultzatu ote duen erabaki hori hartzera, edo botoak eskuratzeko grinak. Nolanahi ere, hala balitz, pentsatzekoa da aldaketa soziologiko sakon bat gertatzen ari dela, baldin eta alkatetza irabazteko aukera duen alderdi baten kanpainako aholkulariek uste badute Israelgo apartheid erregimena irmo salatzea errentagarria izan daitekeela hauteskundeetan. Hala bada, baliteke Katalunian haizea Palestinaren alde jotzen hastea. •