Gorka ELEJABARRIETA
{ DATORRENA }

Bai mundu berria

Ezagutzen dugun mundua amaitzen ari da eta berri bat pizten. Trantsizio fase batean murgildurik gaude. Aldaketa klimatikoak, aurrerapen teknologikoak eta horiei loturiko ondorioek erabateko aldaketa dakarte. Giza trantsizio sakonak era ordenatu, justu eta baketsuan egin daitezke, edo ez. Esperientzia historikoak trantsizio globalak gatazkatsuak direla dio, eta horrelako momentu historikoetan gerrak, pandemiak, krisiak ugaritu egiten direla. Gertatzen ari da; mundua nola dagoen ikusi besterik ez dugu.

Nazioarteko politikan aditu diren askok Geoestrategia, letra handiz, bueltatu dela diote, baina beste askok azken 30-40 urteetan inoiz desagertu ote den galdetuz erantzuten diete. Eta agian biek dute arrazoia. Mundu multipolar batean bizi gara; gero eta aktore gehiagok, kopuruan eta izaeran, parte hartzen dute iraganean estatuen esklusiba zen nazioarteko politikan. Nork bere posizio eta interesak dauzka eta guztiek onartu eta jarraituko duten arau, lege eta arbitro globalik gabe trantsizio global ordenaturik ez da gertatuko; mota guztietako gatazkak areagotuko dira.

Gobernantza globala ziurtatzeko erakunde nagusia Nazio Batuen Erakundea da, gizateriaren norabide nagusiak adostu eta gauzatzea du xede, gatazkak ekiditea eta ekidin ezin izan diren horiek konpontzea. Bigarren Mundu Gerra ondoren sortua, garaiko orekari, indar harremanei eta errealitateari erantzuten zien. Garaiko mundu horren ispilu. Arazoa da mundu hori desagertu dela eta Aldous Huxleyk iragarritako “bai mundu berria”-n bizi garela jada. Segurtasun kontseilua zein herrialdek osatzen duten eta zeintzuek ez duten osatzen ikusi besterik ez dago. Malaiar tanta bezala, egunero, hilero, urtero inposatu den “real politik” delakoa Nazio Batuen Erakundearen botere koertzitiboa txikitzen joan da. Segurtasun Kontseiluko kideen beto eskubideak, NBEk harturiko erabakiak ez betetzeak eta batzuek zein besteek arau orokorrak etengabe ez errespetatzeak kinka larrian jarri dituzte erakunde global horren izatea eta ekimena.

Aste honetan 47 urte bete dira Saharar Errepublikaren aldarrikapenetik. Segurtasun Kontseiluak, 1991ko apirilean harturiko 690. ebazpenean, Saharak haren etorkizuna erabakitzeko erreferendum bat egin behar zuela adostu zuen. 30 urte ondoren oraindik ez da bete. Are gehiago, ez dirudi Marokok inoiz beteko duenik. Adibide bat baino ez da. Iraken AEBek buruturiko inbasioa edo Errusiak Ukrainan egindakoa ere horren adibide dira. Palestina, Myanmar, Sudan, Kubako blokeoa… Baina berdin-berdin beste gobernantza esparru batzuetara ere begiratuko bagenu; hala nola, arma nuklearren inguruko akordioak, aldaketa klimatikorako neurriak, jatorrizko herrien eskubideak, herrien autodeterminazio eskubidea, giza eskubideen karta eta abar eta abar.

Diagnostikoan adostasun orokorra dago: gobernantza sistema globala ez dabil. Badira oraindik ere publikoki hori esaten ausartzen ez diren aktoreak eta pertsonak, baina oro har adostasun zabala dagoela esango nuke. Egoera horrentzako konponbidearen inguruan debate eta iritzi asko dago. Baina ez dago bide proposamen adosturik, eta zaila edo ezinezkoa izango da, oraingo egoera globalean egonda, adosteko gai izatea. NBEren erreforma, Segurtasun Kontseiluaren erreforma, gaur egungo beto eskubideen berrikuspena edo bestelako aldaketak gaur egun oso zailak direla esango nuke. XX. mendean bi mundu gerra behar izan zituzten munduko botere nagusiak esertzeko eta mundu berria nolakoa izango zen adosteko. Ez dirudi garai hartako akatsetatik ikasi dugunik. Trantsizio globala nahitaez gertatuko da, prozesua ez da geldituko, ezin da gelditu, eta gobernantza global ezean, arau eta arbitro adosturik gabe, bide hori nolakoa izango den irudikatzea zaila da. •