Arantxa URBE - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
3 BEGIRADA:

Nortzuk dira «zaurgarri» esaten diegun horiek?

Ikasle zaurgarrien banaketa orekatuagoa lortu nahian dabil Gasteizko Hezkuntza Saila.
Ikasle zaurgarrien banaketa orekatuagoa lortu nahian dabil Gasteizko Hezkuntza Saila. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gurutze Gorrikoak etorriko dira etxean Interneteko konexioa jartzera», esan dio pozarren harreran hartuta duen semeak, eskolatik itzuli denean. «Zeeeer?», bota dio aitak, semearengandik entzuten ari dena ezin sinetsi. Izan ere, erabaki kontzientea da etxe horretan Interneteko konexiorik ez egotea, zaurgarritasunarekin zerikusirik ez duena, alegia.

Hezkuntza Akordioaren arrimuan sutsuki eztabaidatu genuen segregazioen inguruan. Esango nuke ingurumaria hartan hasi zela “zaurgarri” hitza zabaltzen. Konturatzeko, zaurgarrien inguruan hitz egiten jarri gara denok: nola banatuko ditugun ikastetxe jakin batzuetan pila ez daitezen; nola ikastetxe guztiek -bai, denek, baita esklusiboenek ere- haientzako ikas-postuak erreserbatu beharko dituzten finantzazio publikoari eutsi nahi badiote, behintzat; zaurgarritasun indizeak kalkulatu dituzte... baina zein dira, benetan, zaurgarriak?

Esanahiaren bila jo dut Elhuyar hiztegira. «Zaurgarria: Fisikoki edo moralki zaurtua izan daitekeena». «Zaurtua: Fisikoki edo moralki zauritua edo hondatua». Definiziotik haratago, esango nuke iruditegi kolektiboan zaurgarrien talde bat eraikitzen joan garela, hainbat ezaugarri egotzita. Eta, akaso, gure aurreiritzi horietatik eraiki dugu “zaurgarri” kontzeptua.

Jakin-minari eutsi ezinik, eskolaratzean zaurgarriak nola arraio identifikatuko dituzten bila, hara non aurkitu dudan Gasteizko Hezkuntza Sailaren ikasturte berrirako matrikulaziorako “Hezkuntza-laguntzarako berariazko premiei buruzko galdetegia”. Interes handiz irakurri ditut etxekoei egiten zaizkien galderak: zenbat erreferentzia pertsonekin bizi den eta zein ikasketa-maila duten; zein lanbide duten, eta erantzuteko 12 lanbide-talderen sailkapena eskaintzen zaie. Etxearen ezaugarriei dagozkien hainbat galdera, ondoren: zenbat liburu dituzten; ia dituzten Internet, entziklopediak, hiztegi eta kontsulta liburuak, literatura klasiko edo garaikideko liburuak, eguneroko prentsa paperekoa edo on-line, aldizkari tekniko edo espezializatuak, eta Netflix, Amazon Prime edo ordainpeko beste telebistaren bat. Eta, galdetegia amaitzeko, zenbat ordenagailu, auto, bainugela, logela, e-book, tablet eta smartphone dituzten markatu behar dute Araba, Bizkai edo Gipuzkoako eskolaren batean beren seme-alaben izena eman nahi badute.

Galdera bakar bat ere ez ia egunean zenbat aldiz jaten duten; ia zenbat orduz pizten duten berogailua; ia haien aisialdia nolakoa den; nolakoa den tratua etxekoen artean; euskararekin eta euskal munduarekin harremanik izateko aukera ote duten eskolatik at; ia herriko baliabideak eta azpiegiturak ezagutzen ote dituzten. Galdetegi horrekin ezin izango nituzke nire iruditegiko “zaurgarriak” bereizi, alajaina!

Zaila egiten zait irudikatzea ikasle zaurgarrien banaketa orekatuagoa lortuko dela galdera horien bidez; baina, tira, denborak esango du. Bien bitartean, jarrai dezagun denontzako eta bakoitzarentzako eskola pentsatzen: zaurgarri gisa sailkatu arren, haren arrakasta ere helburu izango duen eskolan: etxean Interneta izan ala ez. •