Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Nire barruko soziolinguista

Inguratzen nautenek darabilten hizkuntza deszifratzen saiatu da nire barruko soziolinguista.
Inguratzen nautenek darabilten hizkuntza deszifratzen saiatu da nire barruko soziolinguista. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskararen ezagutzak goranzko joerari eutsi dio Nafarroan». Nafarren laurdenek dutela euskararen ezagutzaren bat. Edo %12ak erabiltzen duela. Zifra hotzak, eta gogoeta beroak atzetik. Ziklo aldaketak eta estrategia berriak eta, erabiliaren erabiliz, kamustu ditugun esamolde ederrak jarraian. Eta betiko eztabaidak: gazteek dutela errua, dena emanda jaso baina konpromisorik hartzen ez dutelako. Gurasoek dutela kulpa, euskaraz haurrei eta zakurrei bakarrik egiten dietelako. Zonifikazioa putzu sakon eta ilun bat dela. Epaileak euskararen kontra daudela. Halaxe ariko gara, argudioak harriak bezala elkarri jaurtiz. Eta momentuko sukarraldiaren ondoren beste lubakiren batean lokaztuko zaizkigu gogo-gorputzak; parke eolikoetan edo bigarren etxebizitzetan edo eskola segregazioan. Itsasoan urak handi dira, murgildu nahi dutenentzat.

Burua borborka dudala atera naiz kalera. Euskaldun guztiok gorputzean daramagun soziolinguista inguratzen nauten ahotsek darabiltzaten hizkuntzak deszifratzen hasi zait. Konturatzerako, parean egokitu zaizkidanen profila eraikia neukan: elebiduna hau, elebakarra hura, elebidun hartzailea bestea. Harik eta telefonoan dardara sumatu dudan arte. Nire inkesta partikularra osatzen ari nintzen bitartean jo eta su aritu dira nire Whatsapp eta Telegram-eko taldekideak. Youtubeko bideoak, artikuluak eta argazkiak; denetik jaso dut oso denbora gutxian. Kale erdian geratu eta hor hasi naiz bata eta bestea arakatzen, ez ditudala osorik irentsiko jakin arren; lehenengo hamar segundoak asko jota, titularra eta lau lerro, argazkiaren azterketa panoramiko bat eta kito. Katuek adina bizitza izango banitu ere ezingo nuke jasotzen ari naizen informazio-oldea digeritu.

Edukiak partekatzeko daukagun antsiaz eta mundu hiper modernoaren ajeez gogoetan ari nintzela nire barruko soziolinguista kilimaka hasi zait berriro. Kaleko jendeari pasatu dion galbahea pasatu die nire mugikorreko mezu, bideo eta artikuluei ere. Eta apenas azaldu den euskarazkorik. Bat-batean, nire egunerokoaren tarta soziolinguistiko bat osatua zeukan. Hor agertu dira, kontzientziaz euskaraz ari ez naizen ordu horiek denak: sofaren erosotasunean irentsitako telesail britainiarra eta Interneten orririk orri egindako zeharkaldiak; erosotasunaren izenean gazteleraz egindako elkarrizketak eta autoko irratiak isurtzen duen musika. Poliki-poliki nire esaldietan txertatzen ari diren makulu txikiak: “ke fuerte”-ak eta “benga ya”-k eta “sinmas”-ak. Etxe bat irudikatu dut, pixkana-pixkana hautsak eta goroldioak eta huntzak eta sasiak irentsia. Eta inertziaren korrontearen indarraz hazten eta gizentzen ari den nire baitako erdalduna parez pare jarri zait begira, irribarrez. •