Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Alaba bakarrak*

*Aldiro «seme bakar» irakur dezakezu testuaren interpretazioa genero perspektibatik salbu dagoela pentsatzen baduzu. Ordezkatu, «alabaseme» irakurri edo batzuetan «alaba» eta bertzeetan «seme» jarri.

Estatu españolean jaiotzen diren umeen %53,3 haur bakarrak dira. Estatu frantsesean %44,2. Ez didazue sinetsiko, baina ez dut Euskal Herriko daturik topatu. 1940an, Espainia delakoan jaiotako emakumeen haurretatik %7,4 ziren bakar.

Ume aunitz ez ekartzea ez omen da gutxiren kontua. Berdin gertatzen ei da ikasketa maila ezberdinak dituzten emakumeen kasuan, jatorri sozial eta geografiko anitzetan. Lan egoera ere ez da faktore erabakigarria. Zaintzak behar dituztenen eta zaintzeko gaitasuna dutenen proportzioa berdintzen ari da, irauli ere egin daiteke hamarkada batzuetan. Jendarte honen, jendarteen egituraketan, gai gakoetakoa da. Ez da nire asmoa, noski, demografiaren inguruko hausnarketa sakon bat egitea. Karaktere nahikorik ez eta jakintzarik ere ez.

Erika Lagoma Pombar naiz eta alaba bakarra naiz. Alaba bakarraren alaba bakarra.

Alaba bakarrak autoestimu altuagoa du, konfiantza handiagoa berarengan. Gurasoen atentzio esklusiboa jasotzen du, adimenaren garapen azkarragoa dauka. Ordenatuagoa da, arduratsuagoa. Bakardadera egokitzen da, lan intelektuala eskatzen duten denbora-pasak garatzen ditu. Zer den orokortzea.

Zailtasun handiagoa dauka taldean jarduteko. Lagun gutxiago dauzka; gutxi, baina harreman sakonagoak. Ez da eroso sentitzen talde handian. Egozentrikoagoa da. Goizegi heltzen da. Ez da hain eskuzabala. Mimatua. Uzkurragoa da. Zailtasun handiagoak ditu harremanetatik sortzen diren gatazkak kudeatzeko. Zer den orokortzea.

70eko hamarkada akaberan ama izan zenari erran zioten haur bakarra ekartzea txarra zela. XXI. mendean amatu garenoi dioskue ez dugula pentsiorik izanen zahartzen garenean.

Haurra nintzelarik anai-arreba zaharragoak zituzten inguruko lagun anitzek. Urteen joanean, senide gazteagoak sortu zitzaizkien bertze hainbati. Goitik eta behetik. Batek bazituen sei, bertzeek bi edo gutxienean bat. Nik gurasoei ez nien deus erraten, baina begiratzen nien eta pentsatzen nuen etorriko zela baten bat. Amaren sabelari ere erreparatzen nion. Aztoramendua ere sentitu izan dut anai-arrebarik ote nuen galdetzen zidatenean. Sarri galdetu izan didate ia faltan hartzen ditudan senideak. Orain arte, behintzat, alaba bakarra izatea gabezia bat izan da jendarte honen iruditerian. Ez dut jakiten zer erantzun. Ez da falta bat, baina, bai, izatea gustatuko litzaidakeen zerbait. Errealitatean beti horrela ez den erromantizazio bat ere badago. Iragarkietako familia eredu heterosexual hiru umedun irribarretsua.

NIk sentitu izan dut arazoa ez den bakardade bat, huts bat. Munduan bakarrik egotearen sentipen bat eta ez du zerikusirik etxean jaso dudan maitasunarekin. Amatxi-aitatxi, ama-aita eta ni. Oinarria erpina baina estuagoa duen piramidea izan da nirea urte luzez. Nerabezaroan pisu egiten zitzaidana gabonetan.

Aitatxi galdu nuen iaz, xake taulan fitxak galtzen ari naiz, eta sentipena dut lehen lerrora pixkanaka hurbiltzen ari naizela adinkide ditudan beste guztiak bezala. Haurren zaintza bizi dut lehen pertsonan, eta zaharrena ere bizitzen hasia naiz. Ezinbestekoa den zaintza sistema-publiko komunitarioa eraikitzen jardungo dugun honetan, nire zaharren zaintzan arduradun bakar izanen naizela badakit. •