Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
JOKAI

Artearen eta jolasaren bidean, euskal mitologiaz jantzitako topaleku bat

Jabi Leoz Aristuk eta Jon Artola Urrutiak osatzen dute Jokai kale animazio konpainia. Jolas eta esperientzia kolektiboak proposatzen ditu bikote nafarrak, gure barneko haurra erne mantentzeko, jakin-mina piztuz eta garuna astinduz. Euskal Herriko aisialdian hutsune handi bat sumatzen zuten, eta horri erantzuten diote euskal mitologian inspiratutako instalazioekin.

Marigorri jokoa. Biharamunean zer eguraldi eginen duen errateko eskatu ohi zaio intsektu honi. Igo eta hegan egiten badu, eguraldi ona eginen duen seinale; bertzela, euria etorriko da.
Marigorri jokoa. Biharamunean zer eguraldi eginen duen errateko eskatu ohi zaio intsektu honi. Igo eta hegan egiten badu, eguraldi ona eginen duen seinale; bertzela, euria etorriko da. (Ricardo BOSCH)

Denek parte hartzeko moduko proiektu bat sortu behar zutela erabaki zuten, herritar guztiei zuzendua, adina edozein zela ere. Izan ere, oro har, Euskal Herriko aisialdia haurrentzat soilik zela ohartu ziren. Hor «hutsune handi bat» zegoela ikusten zuten, eta hori betetzeko xedearekin jaio zen, poliki-poliki, Jokai.

Jabi Leoz Aristu Iruñeko Errotxapeakoa da eta Lekunberrin bizi da. Jon Artola Urrutiak, aldiz, Bera du jaioterri eta bizileku. Biek osatzen dute jolas sortzaileen konpainia. Eurenak dira jatorrizko ideia, zuzendaritza eta kudeaketa. Diseinu zorrotza dute bereizgarrietako bat, bai errealizazio teknikoan bai artistikoan.

Larun

Larun izeneko instalazio parte-hartzaile bat dute, jende guztiarentzat prestatua, «inongo salbuespenik gabe». Eskuz egindako eta euskal mitologian inspiratutako sormen-jolasak eskaintzen dituzte bertan.

Jolasek inklusioa, partekatzea, ikastea eta, jakina, jostatzea bilatzen dute, baita buruargitasuna eta dibertitzeko gaitasuna bultzatzea eta karrika konpartituz emozioak sentitzea ere, Artolak eta Leozek GAUR8ri azaldu diotenez.

Instalazio parte-hartzaileen bitartez, nolabait komunitatea sortzen ahalegintzen dira Jokaiko kideak, ongi pasatzearekin eta kaleko bizitza aldarrikatzearekin batera. Jokai «jolasa baino aunitzez gehiago da. Eta horregatik dago publiko guztiei bideratua, inortxo ere alde batera utzi gabe», azpimarratu dute.

Familia proiektu bat

«Jokai familia proiektu bat denez, gure senide eta lagunen baldintzarik gabeko babesa izateko zortea dugu, batez ere bi pertsonarena. Lan taldeko kide dira eta ordu pila bat eskaini diote egitasmoari», adierazi dute esker onez.

Alde batetik, Katalunia aldetik, Alfred Borras proiektuaren diseinatzaile eta eraikitzailea dute lagun. Jolasen eta automaten asmatzailea da bera. Hamabost urte baino gehiagoko esperientzia du kaleko instalazioak sortzen, eta gaur egun Toc de Fusta eta Xics konpainietan dihardu.

Bertzetik, Unai Ruiz Galartza Leitzan bere txokoa aurkitu duen beratarra dago, gainazal mota guztietan lan egiten duen ilustratzailea. Arte Ederretan lizentziatua, Sapai margo estudioan ari da. Egin dituen horma irudien artean aipagarrienetakoa Leitzako plazako frontisaren gibeleko tranpantojoa da.

Belaunaldien arteko erlazioak

Jokairen balio nagusia jolas inklusibo, autonomo, sortzaile eta kooperatiboa sustatzea da, noiz eta gailu elektronikoak jostatzeko eta erlazionatzeko manerez jabetu direnean. Belaunaldien arteko harremanak bultzatzeari garrantzia ematen diote.

Lanerako aukeratzen duten gaiaren arabera diseinatzen eta eraikitzen dituzte jolasak. Kasu honetan, euskal mitologia da. «Alfred eta Unairen irudimenak eta talentu artistiko izugarriak egiten dute posible emaitza zoragarri hau. Alegia, lehendabizi pertsonaia pentsatzen dugu eta gero hasten da jolasera egokitzeko bidea».

Erreferenteei dagokienez, Katalunia da instalazio parte-hartzaileen sehaska. «Bertzeak bertze, Tombs Creatius eta Alfredek lan egiten duen Toc de Fusta konpainiei esker ezagutu dugu mundu miresgarri hau», kontatu dute Jabi Leozek eta Jon Artolak.

Gaueko izeneko jokoa (Ricardo BOSCH)

Bada zerbait senezkoa

«Inguratzen eta isolatzen gaituen teknologia kantitate beldurgarria gorabehera, bada zerbait gizatiarra, senezkoa, jolasteko eta konpartitzeko ekintzan. Larun instalazioak topaketarako espazio hori eskaintzen du, artearen eta jolasaren bidez, eta Euskal Herriko mito eta tradizioz janzten du gainera».

Azaldu dutenez, teknologia hagitz erabilgarri zaigu egunerokoan, dibertigarri ere bai, baina beharrezkoa da gure sustraiak ez galtzea, partekatzen dugun eta batzen gaituen hori. Publikoak eskertzen duela ikusten du bikoteak.

Mari

Larun instalazioa abilezia jolas ugariz osatua dago. Horietan kontzentrazioa, estrategia, punteria, sormena, elkarlana eta bertze hainbat gaitasun lantzen dira. Bi espazio ditu barnean, Mari eta Montessori.

Mari publiko guztiei zuzendua dago eta joko eskaintza zabala du. Adibidez, Lamiak, gorputzaren erdia emakumearena eta bertze erdia ahate, ahuntz edo arrain batena duten izaki ederretan oinarritua. Marigorri ere bai, leku aunitzetan sakratua den intsektu batean inspiratua. Biharamunean zer eguraldi eginen duen errateko eskatu ohi zaio intsektu honi. Igo eta hegan egiten badu, eguraldi ona eginen duen seinale; bertzela, euria etorriko da.

Ingumak izeneko jokoa ere badute. Amets gaiztoen eta gaueko beldurren jeinua da inguma. Erran ohi da jendea lo dagoen bitartean etxeetan sartzen dela. Hori saihesteko, eguzki-lore bat jarri behar da ate edo leihoetan.

Ez dute kanpoan utzi Amalur, jainkosa nagusia. Lurra da izaki bizidunen lekua, eta bera da gure ingurune naturala sortu duen berezko bizi indarra. Hari esker bizi gara animaliak eta landareak, eta hark ematen dizkigu behar ditugun elikagaiak eta etxea. Lurrean bizi dira pertsonaia mitologiko gehienak ere, hildako arimekin batera.

Desioen Putzua izeneko jokoa (Ricardo BOSCH)

Jentilak izeneko jolasean, kristautasunaren aitzinetik gurean bizi izan ziren lehen biztanleak ekartzen dituzte gogora. Neurririk gabeko indarra dutela erran ohi da, larruz janzten dira eta mendian bizi dira. Kontuz ibili behar da eurekin, harri erraldoiak jaurtitzen dizkietelako etsaiei.

Desioen Putzua ere badute Jokain. Uretan jaiotako jainko jakin batzuen existentzia deskribatzeko sortu zen. Ura bizi iturri denez, eskatutakoa beteko zuela uste zuten. 1700. urte ingurutik, jendea txanponak botatzen hasi zen uretara desio bat eskatzeko.

Montessori Gunea

Montessori Gunea 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako espazio bat da, eurentzat propio diseinatutako materialak dituena. Norberak ikastea, esperimentatzea eta zentzumenekin manipulatzea bultzatzen du, haurren autonomian eta segurtasunean laguntzeko.

Gorrititik Ormaiztegira, Euskal Herriko makina bat herri pasatu ditu Jokaik. Azkenak, Zugarramurdi, Markina eta Erandio. Gijon, Laguna de Duero (Valladolid) eta Catoira (Pontevedra) ere bisitatu ditu.

Harrera ona

«Proiektua aurkezterakoan, 2021. urtean, nolako zailtasunak izan genituen kontuan hartuta, egia da espero baino aunitzez ere harrera hobea izan dugula», aitortu dute proiektuaren bultzatzaileek.

«Hilabeteotan milaka pertsona jolastu dira gurekin. Gauza bat dago argi: adina edozein dela ere, mundu guztiak maite du jolastea eta du horren beharra», baieztatu dute.

Badute pasarte bat inoiz ahantziko ez dutena: «Amatxo batek eskerrak eman zizkigun 12 urteko bere alaba, dibertsitate funtzionala duena, lehenbiziko aldiz jostatu ahal izan zelako kideekin batera... Jokai jolasa baino aunitzez gehiago da», errepikatu dute.

Eskuz egindako eta euskal mitologian inspiratutako sormen-jolasak proposatzen dituzte Jokain. (Ricardo BOSCH)

Zuzendu gabeko jolasa

Zuzendu gabeko josteta dute oinarri. «Pertsona bakoitza jolasera hurbil dadin uzten dugu, bere kasa begiratu eta deskubri dezan, bakoitzak modu ezberdin batean ulertzen duelako eta aukera guztiek balio dutelako. Hala, jolasak bertze dimentsio bat hartzen du, eta ikuspegi ezberdinak ematen dizkigu».

Jabi Leozen eta Jon Artolaren zeregina partaideei jolasteko baldintzarik onenak bermatzea da. Laguntza eskatzen badiete, hortxe egoten dira beharrei erantzuteko.

Albert Einsteinen esaldi bat lelotzat hartuta dabiltza plazaz plaza -«Sormena mundu guztiak ikusi duena ikustea eta inork pentsatu ez duena pentsatzea da»-. Hona lotuta dituzten hurrengo hitzorduak: maiatzaren 6an, Getarian; ekainaren 9an eta 10ean, Getxon; 11n, Lizartzan; 21ean, Bilboko Kalealdian, eta ekainaren 24an, Mutiloan.

Jokairekin harremanetan jarri nahi duenak, hemen du bidea: jokai.eus, jokai@jokai.eus eta bi telefono zenbaki: 647 11 69 38 eta 625 39 17 25. Pozarren bisitatuko dituzte hartu nahi dituzten herri guztiak.