Juantxo EGAÑA

JOSE LUIS CALLEJAREN OROIMENEZ

(JOSE LUIS CALLEJA RUIZ. CALLEJA FAMILIAREN FUNTSA.)

1999ko maiatzaren 22an Jose Luis Calleja Ruiz argazkilaria zirkulazio-istripu batean hil zen. Eibarren jaio zen 1963. urtean. Gazte-gaztetatik, pintura eta argazkilaritzarekiko interesa erakutsi zuen. Irakasle ikasketak egin zituen Donostian, eta Eibarrera itzuli zenean, argazkigintzako hainbat tailer egin zituen. 1985ean, Bartzelonara joan zen, eta han ikasi zuen batez ere argazkigintza-teknika. Handik bueltan, sariak eskuratu zituen hainbat argazki-lehiaketatan. Hortik aurrera hasi zen bere ibilbide artistikoa eta fotokazetaritzakoa. 1986an “Egin” egunkariaren Eibarko ordezkaritza berrian argazkilari gisa lan egiteko deitu zioten, eta urtebete geroago "El Correo" egunkarian hasi zen lanean. Fotokazetaria izan zen bitartean, kolorearekin eta haren aplikazioekin lotutako argazki-tekniken ikerketa ez zuen alde batera utzi. Gaur egun, bere anaia Julio Callejak, fotokazetaria bera ere, gordetzen ditu Jose Luisen argazki-funtsak. Artikuluak erakusten duen argazki datatu gabea euskarazko prentsari buruzko erreportaje baterako zen.