AFP
HONDAMENDIAREN OROIMENA

Nakbaren 75. urteurrenean palestinarrak etxera itzultzeko irrikan daude oraindik

Astelehenean palestinarrek Nakba gogoratuko dute, beren herriaren hondamendia, Israel sortzearekin batera, 760.000 pertsona haien etxeetatik indarrez kanporatu eta 500 herri desagertzea ekarri zuena. Oraindik ere bizirik daudenek orduko Palestina «goxoa» gogoan dute.

Errefuxiatu palestinarrak, haien herrira itzultzen saiatzen ari zirela, 1948ko irailean, Israel estatu sortu berriak gerra irabazi ondoren.
Errefuxiatu palestinarrak, haien herrira itzultzen saiatzen ari zirela, 1948ko irailean, Israel estatu sortu berriak gerra irabazi ondoren. (INTERCONTINENTALE | AFP)

Haurtzaroko uneak gogoratzen ditu Amina al-Dabaik; «goxoak» ziren 1948ko egun horretara arte. Beste milaka palestinarrek bezala, Israelen sorreraren ondorengo borroketatik ihes egin zuen egun hartan.

Dabai 1934an jaio zen eta 1948tik 1949ra bitartean alde egin zuten Palestinako 760.000 arabiarretako bat da. Garai hartako palestinar populazioaren bi heren inguru armaz kanporatu zituzten Israelgo miliziano eta talde armatuek edo, bestela, ihes egin behar izan zuten, bost estatu arabiar eta Israelen arteko gerran, tropa juduek bultzatuta. 500 herri ere erabat desagerrarazi zituzten israeldarrek.

Gerra amaitutakoan, Israelek ukatu egin zien errefuxiatu haiei haien etxeetara itzultzeko eskubidea eta, Absenteen Ondasunen Legearen bidez, haien jabetzak errekisatu zituen.

Haien ondorengoekin batera, oraindik bizi direnek 5,9 milioi errefuxiatu palestinarren kohortea osatzen dute, Zisjordania okupatuan, Gazako Zerrendan, Jordanian, Libanon eta Sirian banatuta, NBEren arabera.

Haientzat, exodo hura palestinarrek urtero maiatzaren 15ean oroitzen duten “Hondamendia” izan zen (Nakba); israeldarrek, aldiz, 1948ko maiatzaren 14an aldarrikatutako Estatuaren independentzia ospatzen dute.

Hirurogeita hamabost urte geroago, AFP 1948. urtearen ondoren Gazako Zerrendan errefuxiatu ziren zortzi palestinarrekin elkartu da: 85 eta 98 urte bitarte dituzte.

Sionismoaren errelatoa

Itzultzea ukatzeak dakarren eskubide urraketatik harago, Palestinaren historia, kultura, memoria eta herria desagertzea da sionismoaren helburua. Horregatik, pertsona hauen memoria tresna da herriak bizirik iraun dezan.

Gerrara arte, «eroso bizi ginen», esan du Amina al-Dabaik eta gogoratu ditu zabuak, merkatu zentraleko iturri handia, «eta Lyddan zeuden eta hemen Gazan ez dauden usainak».

Orduko deportazio planifikatua, kanporatzea eta ehunka zibilen eta armarik gabeko borrokalariren sarraskia salatu dute palestinarrek 75 urte hauetan.

Israelen errelatoan, berriz, palestinarrek «beren borondatez» utzi zituzten etxeak eta erbesteratu ziren. Eta sionismorekin ekidistantzia erakusten dutenek «gerrako bi aldeak ankerkerien errudun» izan zirela diote.

1948ko uztailaren 12 eta 13an Israelgo Armadak Lydda -orain Lod, Israelgo erdialdean- konkistatu zuenean izandako gertaeren inguruko eztabaidak bizirik dirau. Baina ukaezina da 30.000 biztanle arabiar zituen hiria ia erabat hustu zela gauetik goizera.

Amina al-Dabaik gaztetako oroitzapenak kontatu ditu: nola azaldu ziren soldaduak, soldadu haiek keffiyehak (zapi palestinarra) zeramatzatela eta horregatik biztanleek lehenik jordaniar errefortzuak zirela pentsatu zutela, eta nola konturatu ziren gero soldadu israeldarrak zirela. Ondorengo egunean herria inguratu zuten eta alde egiteko eskatu zieten biztanleei, jarraitu du emakumeak. «Ez genuela nahi esan genien eta hilko gintuztela erantzun zuten».

Dabairen familia oinez atera zen, hainbat arropa eskutan, laster itzuliko zelakoan. Ramallah eskualdean egonaldi bat egin ondoren, Egiptorantz abiatu zen. Baina bidaia garestia zenez, Rafahn gelditu behar izan zuen, Gazako Zerrendako hegoaldean. Han bizi da oraindik Amina al-Dabai. «Sarraskiak filmatzeko, gaur egun egiten den moduan, ez zegoen inor», deitoratu du. Baina buruan ondo gordeta du irudia: «Neure begiekin ikusi nituen juduen taldeak meskita bati erasotzen eta han babestutako guztiak hiltzen».

Nakba gogoratzearen aurka

Gazako Zerrendako biztanleen bi herenek errefuxiatu estatusa dute, eta itzultzeko eskubidea gauzatzeko palestinarren eskaerak etengabeak izan dira 1948tik.

Okupazioa justifikatzeko Israelek dio palestinarrek beren borondatez utzi zituztela etxeak liskarretan, eta ukatu egin ditu beti bere tropen aurka egindako gerra-krimen salaketak. Gainera, haien lurraldera itzultzeko palestinarren eskubidearen aurka egiten du irmo. Dioenez, horietako batzuk itzultzea onartzea bera ere “Estatu juduaren” bukaera litzateke.

Hassan al-Kilani palestinarra, duela 75 urteko bere argazkia erakusten ari da, Nakba garaikoa (Mohamed ABED / AFP)

Nakba gogoratzea bera ere ez du onartzen Israelek. 2011n, oroitze manifestazioen kontra aparteko indarkeriaz erantzun zuen Israelgo Gobernuak. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren arabera, «Israelen existentzia bera zalantzan» jartzen zuten ekimen horiek.

Nakbaren onarpena gogor errefusatzeaz gain, israeldarrei narratiba faltsu bat irakasten diete, oso distortsionatua baina sinesgarria: herririk gabeko lurra (Palestina) lurrik gabeko herriarentzat (juduak). Hala azaltzen du Zochrot erakunde israeldarrak, errelato sionista nagusi den gizartean garai hartaz sentsibilizatzeko lan egiten duenak.

Duela 30 urte inguru Dabaik Israelgo agintarien baimena lortu zuen eta Lodera joan zen. Bere familia-etxea suntsituta aurkitu zuen eta bizilagunenean israeldarrak bizi ziren. «Negar eginarazten digu. Ezerk ez du garai hartako Palestina gainditzen, goxoa zen», dio. Eta gogoratu du, Nakba baino lehen, Lodeko biztanleak bizilagun juduekiko benetako interakziorik gabe bizi zirela.

Oum Jaber Wishahk, 1932an jaioak, gogoan du lehenengo bizilagun juduak Beit Affa herrira iritsi zirenekoa, Ashkeloneko ekialdean, «min egin gabe eta guk haiei ere min egin gabe. Arabiarrok haientzat lan egin genuen arazorik gabe, segurtasunez».

Zochrot erakundearen arabera juduen indarrek Beit Affa 1948ko uztailean hartu zuten lehenengo aldiz, egun batzuez bakarrik.

Biztanleek, seguruenik, udazkenean hiria behin betiko hartu baino lehen alde egin zuten handik. Baina ez beren borondatez. Beste herri batzuetan gertatutakoak beldurra zabaldu zuen eta izua soldaduak baino lehen iritsi zen. Soldadu israeldarrak «herri bakoitzean sartu ziren, bata bestearen atzetik, gurera iritsi aurretik», azaldu du Wishak, eta «borroka gogorrak» izan zirela.

«Gizonak lotu eta atxilotu egiten zituzten, haurrek oihukatu egiten zuten», adierazi du. Gaur egun Bureikheko errefuxiatu eremuan bizi da, Gazako Zerrendako erdialdean. Gainerako eremuetan bezala, urteekin, palestinarrek eraikin baxuak eraiki dituzte kanpin denden ordez. Baina etxe honek «ez du ezer esan nahi», dio egurrezko makila eskutan duela. Semeak ere hurbil bizi dira. Baina ez da bere etxea.«Bihotza atsekabetuta dut. Nire jaioterriaren ordez Gazako Zerrenda osoa ere emango balidate ez nuke onartuko. Beit Affa da nire herria», adierazi du Wishak.

«Esaten badidate, ‘itzuli orain’, arrastaka joango naiz eskuekin, makuluekin, denda txiki baten azpian sartzeko bada ere», esan du Ibtihaj Dolak, Jaffan jaioak.

Gaur egun Tel Aviveko metropolian integratuta, Jaffa hiri arabiar dinamikoenetako bat zen, “itsasoaren andregaia” ezizenaz ezaguna, Nakba baino lehen.

«Garai hartan elkarrekin bizi ginen», dio pergamino itxurazko larruazala duen 88 urteko palestinar honek. «Nire koinata judua zen eta hiriko gutxiengo judu handiak arabieraz ere hitz egiten zuen».

Duela hogei urte, Dolak bere jaiotetxea aurkitu zuen. Emakume israeldar bat bizi zen orduan. «Tea elkarrekin hartu genuen eta negarrez hasi nintzen, 1948an joan ziren antzinako jabeen patua interesatzen ez zitzaiola esan zuenean». Hain zuzen, Dolak egun hura gogoan du, nola itzuli zen eskolatik eta, uniformea kentzeko astia izan baino lehen, nola bultzatu zuten itsasontzi batera, familiarekin batera, Egiptora joateko.

«Judu bat ikusi nuen kamioneta bati lotuta, jendeak harriak botatzen zizkion, hilda zegoen», gogoratu du. Gaur egun Gazako Al-Shati kanpamentuan bizi da eta herdoildutako lau giltza handiren joko bat astintzen du, etxe abandonatuaren oroitzapen material bakarra. «Jaffa zentimetroz zentimetro ezagutzen dut», adierazi du.

«Diskoteka bat zegoen meskita handiaren aurrean. Gauero festa izaten zen, baina ni ez nintzen inoiz hara joaten, gazteegia nintzelako», oroitu du Abdelhadi Zaruqek ere, 1932an Jaffan jaioak. Aitak ere lan egiten zuen tailerrean ikasi zuen burdingile lanbidea: Wagner izeneko judu bat zen jabea. «Ez dago itxaropenik, nork eramango gaitu Jaffara?» galdetu du ahapeka, aurpegia minez izoztuta.

Israelgo milizianoak, britainiarren armekin, arabiar presoak eramaten autobus batean, Jerusalemen, 1948ko uztailean (INTERCONTINENTALE-AFP)

AFP agentziak elkarrizketatu dituen errefuxiatuek diote ez dela errealista beraiek, datozen urteetan, itzultzea. Baina denek dute konfiantza beren ondorengoek, orain Gazan edo atzerrian dauden arren, beren ametsa egia bihurtuko dutela.

Wishahk ez du bakea aurreikusten «hainbat belaunalditan», eta hori odolaren kontura ez bada. «Nire bizitza amaitu da. Itzultzen ez bagara, gure seme-alabek eta bilobek egingo dute» adierazi du Dabaik eta itzultzeko eskubidearen inguruan tratu bat negoziatzeari uko egin dio. «Ez dut ordainik onartuko nire herriarengatik», gaineratu du.

Hassan al-Kilani 1934an jaio zen Burairen, Gaza iparraldean. Berak akordio politiko bat balego bakarrik onartuko luke kalte-ordain bat. «Baina guk, arabiarrok eta palestinarrok, ezin dugu Israelen indarra berdindu; errealistak izan gaitezen», gehitu du. «Aurre egiten diogu, baina gure erresistentzia mugatua da, gure etsaiarekin alderatuta».

Eraikuntzako langile ohi honek bere herrixkaren mapa berregin zuen, eta familia bakoitzaren izena idatzi zuen, lursailez lursail. Marrazkia egongelako horma batean zintzilik dago. «Geratu ziren guztiak hil zituzten, baita ganadua, gameluak eta behiak ere», esan du.

«Ez zegoen nahikoa munizio, eta galdu egin genuen haien arma kopuruagatik». Hormaren beste atal batean giltza bat dago zintzilik, itzulera desiratuaren sinboloa. «Bidegabekeriak ezin du iraun -dio garaipenean sinetsi nahi duenak -. Baina zaharra naiz. Zenbat urte geratzen zaizkit bizirik?».

Itzuleraren Martxa Handia

2018ko martxotik eta hainbat hilabetez, «Itzuleraren Martxa Handiaren» manifestazioek dozenaka mila pertsona bildu zituzten Gaza eta Israelen arteko mugan -bereziki 1948an ihes eginda utzi behar izan zituzten lurretara itzultzeko eskubidea aldarrikatzen zutenak-. Familia osoak joan ziren, gizonak, emakumeak eta haurrak barne.

Indarkeria handiz erantzun zuen Israelek berriro ere. 2019. urteko urtarrilaren amaierara arte, gutxienez, 312 palestinar hil zituen Israelek; horien artean, 59 haur. Frankotiratzaileek medikuak, kazetariak eta ezgaituak ere hil zituzten. Gutxienez, 29.000 pertsona zauritu zituzten, gehienak tirokatuta.

Nakba, hala ere, ez da soilik duela 75 urte gertatutako hondamendia. Oraindik ere irauten duen Nakbaren hasiera baino ez zen izan: palestinarrek alde egiteko politika sionistek jarraitu dute Jerusalemetik Hebroneraino eta Gazaraino.

«Etengabeko Nakba», esan zion Haman Ashawi filosofo palestinarrak. Etengabeko apartheid, kolonialismo, arrazakeria eta biktimizazioaren adierazpen sakonena. Eta Israelgo gaur egungo Gobernu ultraren joera orduko milizia eta soldaduek hasitako planaren azken atala baino ez da.