Koldo SAGASTI

Euskalwashing

Maiatzaren 15ean 75 urte bete ziren Israelgo estatua aldarrikatu eta palestinarren hondamendia abian jarri zenetik. Bertakoek ‘Nakba’ esaten diote, arabieraz, zorigaiztoko egun horri. Egiari zor, Palestinaren eremuan bizi zen populazioa garbitu eta bertan juduentzako estatu bat ezartzeko proiektua mende erdi bat lehenago hasi zen mamitzen, mugimendu sionistaren sorrerarekin batera, eta zazpi hamarkada geroago garbiketa etniko kanpaina hark bere horretan dirau; hori bai, garai modernoetako eskakizunetara egokituta. Behinola, gudaroste paramilitar sionistek burututako sarraski ankerrek bultzatu zituzten 800.000 palestinarretik gora erbestera; egun, berriz, bestelako prozedura sotilagoak baliatzen dituzte euren asmo zitalak gauzatzeko; besteak beste, Palestinako lurraren zatiketa, apartheid harresia, kolonien etengabeko hedapena, palestinarren eraikuntzen birrinketa sistematikoa edota apartheid legedia. Gaur, metroz metro konkistatutako lur eremu horiei behin betikotasun bermea emateko, Israelgo erregimenak azpiegitura iraunkorrak baliatzen ditu; horien artean, Jerusalem Ekialdeko koloniak hirigunearekin lotzen dituen tranbia. Trenbide horren eraikuntzan Beasaingo CAF enpresa dago nahasita eta krimen horretan parte hartu izanak zehar-kalte nabarmena ekarri dio mundu mailan bere irudi korporatiboari.

Gauzak horrela, Israelgo erregimenak bere irudi publikoa zuritzeko propaganda aparatuak baliatzen dituen bezala, haren politika kolonialetan esku hartzen duten nazioarteko eragile eta konpainiek ere zurikeria-kanpaina eraginkorren beharra dute euren etika gutxiko jokaerak ezkutatzeko. CAFen kasuan, euskara eta euskal kulturaren inguruko ekimenen sustengua da bere jokabide kriminalaren gaineko arreta desbideratzeko trikimailua; dela Korrikaren kilometro bat diruz lagunduz; dela, azken asteotan bezala, CAF-Elhuyar zientzia sariak sustatuz.

Konpainia gipuzkoarrak argi utzi du, zehar-ondorioak gora behera, proiektu horretan jarraitzeko duen erabaki irmoa. Orain euskal kulturgintzako eragileen garaia da, gizalegezko jokabidea erakuts dezaten eta ez dezaten euren irudia jar CAFen zurikeria-estrategiaren mesedera. Euskaraz zein arabieraz Nakbak oraindik badirauelako. •