Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Mapa politikoaren argazkia ateratzeko ordua iritsi da

Hauteskunde bezperan hauteskundeen emaitzaz aritzea ariketa ausartegia ere bada, gaur botatakoak bihar bertan ezerezean gera baitaitezke. Aldiro gertatu ohi zaie inkestei, baita boz lekuak itxi eta berehala plazaratzen diren horiei ere, nahiz eta jadanik boza eman dutenekin eginak izan. Soziologiaren adar honek beti txundituko gaitu.

Hauteskundeen emaitzaz aritzerakoan, bestalde, emaitza horiez alderdi bakoitzak egin dezakeen kudeaketa ere kontuan hartu behar da. Alegia, bi une daude lortutako uzta ona, erdipurdikoa edo txarra izan den ebazteko. Lehena, jakina, lortutako boz kopuruarena da; bigarrena, paktu politikaren bidez lortzen den botere mailarena. Gerta daiteke, beraz, emaitza onak lortu arren, emaitza horiek ez izatea horrenbesteko isla erakundeetan, edo alderantziz.

Dena dela, gero gerokoak, biharkoa ahalik eta boz gehien lortzeko momentua baita. Bide batez, berriro ere, Euskal Herriko -kasu honetan, hegoaldeko- mapa politikoa ikusteko aukera izango dugu.

Egia esan, sekulako astinaldi bat gertatzen ez bada (azkenekoa, Podemosek hauteskunde orokor batzuetan lehen indar izan zenean Hego Euskal Herrian), mugimenduak ez dira alimalekoak izaten. Tendentziak berresten edo aldatzen dira, baina jadanik ezagunak diren parametroetan.

Bi dira oraintxe indar nagusiak: EAJ eta EH Bildu. Inkesten arabera, biak doaz gorantz. Politikoki harrigarria ere bada azken urteotako tendentzia hori izatea, non bien arteko lehia erdigunean jarri baita. Azalpenak bilatuta, EAJ erreferentziarik gabe geratu den eskuineko espainolismoaren aterpe bilakatu delako eta EH Bildu, ezker abertzalearen berrespen hutsa ez den neurrian, sektore berrietara iristeko aukera duelako, eta gazteen erreferentzia ere bilakatu delako.

Geroa Bai alde batera utzita (EAJren itzalpekoa omen den baina EAJri boz emango ez lioketen hautesleak biltzen omen dituena), jelkideek kasik 120.000 bozeko aldea atera zioten EH Bilduri duela lau urteko foru hauteskundeetan; 60.000 pasatxo udaletako bozketetan. Erreferentzia onak izan daitezke biharko emaitzak aztertzeko orduan.

Alderdi batetik besterako boz mugimenduak garrantzitsuak izan daitezke alde hori mantentzeko edo murrizteko; esate baterako, PPk leku jakin batzuetan burua altxatzen badu eta EAJri maileguan utzitako bozen zatitxo bat berreskuratzen badu.

Boz joan-etorri horiez gain, abstentzioa faktore erabakigarria izango da; abstentzio horrek zenbateraino eragingo dion bakoitzari, alegia. EAJk nabarmen senti dezakeela diote eta horregatik ere aritu dela hain zakar azkenaldian, urduritasunagatik, fake news delakoak ere erabiliz. EH Bilduri dagokionez, hainbat gairen bueltan sortu diren polemikek (hezkuntza legea, pandemiaren inguruko tendentzia negazionista batzuk, energiari buruzko eztabaida, abstentzio aktiboa aldarrikatzen duten sektoreak...) zer nolako pisua izan dezaketen ikusteko dago.

Espekulazioak gorabehera, alderdi nagusien arteko aldea mantentzen edo murrizten den jakiteko ez dugu denbora luzez itxaron beharko. Erantzuna, bihar. •