Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Aldaketa maitea

Aldaketak onartzeak lasaitu egingo gintuzke.
Aldaketak onartzeak lasaitu egingo gintuzke. (DELPIXART | GETTY IMAGES)

Zurekin dudan harremana nahiko berezia da. Batzuetan zu etortzeko irrikan nago eta beste batzuetan izugarrizko beldurra ematen didazu. Eta beste batzuetan ez dakit ondoan nahi zaitudan ala ez, ez dakit zer sentitu ere.

Zu inbokatzen egiten dut lan, badakizu gauzak besteentzat direnean errazago egiten ditudala. Badakit zer behar duten hobeto egoteko, badakit zu beharrezkoa zarela, behar zaituztela baina batzuetan, ezin zaituztela onartu. Eta beste batzuetan saiatu eta saiatu egiten naiz, baina ez zara etortzen, ezkutatu egiten zara. A zer amorrua ematen didan horrek, zuk ematen didazu amorrua batzuetan. Bai, entzuten duzun bezala. Behar zaitudanean ez zaitut aurkitzen eta nahi ez zaitudanean, bat-batean etortzen zara.

Nire beharretara egokitzea nahi nuke, badakit oso soberbioa dirudidala, baina hori da nire nahia. Zer nahi duzu esatea, ondo ez nagoenean etor zaitez nire ondora eta kendu sentitzen dudan mina, eta gustura nagoenean, dena bere lekuan dagoenean, joan oporretara tarte batez. Nik deituko zaitut behar dudanean. Zelako faltsukeria esan dudana... Horrelakoa izango bazina, ez zinen zu izango, ezta?

Erakutsi didate ez zarela ona, mehatxu bat zarela. Egonkortasuna dela garrantzitsuena, bilatu eta aurkitu behar dudana. Horrela planteatzen dugu bizitza, zu ahalik eta gutxien ikusteko esfortzu etengabean bizi gara; ikasi hau lan ona izateko, harreman luzeak baloratu eta indartu behar dira, ezkondu, konprometitu, gelditu... Denborak ekartzen dituen aldaketak ukatzera ere iritsi gara, gure azalean naturalki gertatzen direnak... Hau frustrazioa!

Saihetsezina zara. Zu gabe ez dago egonkortasunik, zu gabe ez dago bizitzarik. Hau zuri onartzea ez zait erraza egiten, ez pentsa. Erraza ez izan arren, zure laguna izatea erabaki dut eta horregatik nahi nizkizun hitz hauek idatzi. Zu egon bazaude, nahi eta nahi ez. Askotan nire esku zaude eta beste batzuetan, ez. Zure lagun izan naiteke eta ez zure jabe. Uste dut ulertzen ari naizela. Beldurra ere ematen didazu, baina beldurrarekin ere ahal dut egin. Zuk nahi duzu nire laguna izan?

Uste dut zu jada nire laguna izan bazarela, nik begiratu izan dizut gaizki. Prest nago abentura berri hau bizitzeko, gure artekoa lantzen jarraitzeko. Badakit batzuetan ondo egongo garela eta beste batzuetan, oso gaizki. Halakoa naiz, polarra. Espero dut erdibideak bizitzen ikastea, finean horrela baikoaz aurrera, kolorez beteta.

Gure artekoa landuko dudala esan nahi dizut, beste begi batzuekin begiratzen saiatuko naizela, zu ulertzen eta ez horren azkar epaitzen. Saihetsezina zara, hemen zaude, nahi eta nahi ez. Lagun izatea da, agian, egin dezakedan aldaketarik handiena, zaudela ukatzetik begietara begiratzea. Ulertzen saiatzea. Uste dut horrela egingo bagenu, lasaiago biziko ginatekeela. Aldaketak onartzeak, zu onartzeak, lasaitu egingo gintuzkeela. Paradoxikoa dirudi. Dena, dena aldatzen da. •