Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Azala

Lana bukatu, eta haizea hartzera atera naiz. Oraindik nire munduan nagoela, kontrola espaloi izkinan: «Zer dira aurpegian dituzun gorriune horiek? Tratamenduren bat jarraitzen ari zara?». Horrela, bertzerik gabe. Shocka. «Niri gorri jarri zitzaidan gorputz osoa, dermatitis seborreikoa zen. Zein diagnostiko duzu zuk?». Jakin nahi nuke... Baina joaten ari zait, ezta? Aunitz nabari zait? Edozein kasutan, zergatik eman behar diot azalpenik? «Barkatu, baina ez zaitut ezagutu ere egiten...», atera zait. Beroa, bihotza punpaka eta, seguru, aurpegia are gorriago. Bultzada eman dit kaxoian nuen gai bat ekartzeko: azala.

Organorik handiena dugu azala. Kanpotik babesten gaitu, eta bertan inprimatzen diren markek banaketa baten gatazka adierazten ahal digute, baita kontaktu batena ere. Gerta daiteke kontaktu bat desiratzea eta ez izatea, edo nahi ez izan arren inposatzea.

Azal lodia lotsagabea izatearekin lotzen da; azal fina, lotsatia izatearekin. Xilkoa edo zilborra da gure lehenbiziko tatuajea eta hortik aitzinera orezta, orbain eta zimurrek gure azala marrazten segituko dute. Bakoitzak bere istorioa kontatuko du.

Azalaren berezitasuna da agerian dagoela, bereziki aurpegia, baina bertze organo eta gorputz ataletan ere idatzita gelditzen dira gure ahoak isiltzen dituen hitzak. Argi dago: ongi egoteko gatazkak kanporatu behar ditugu; inori zaplaztekorik eman gabe, ordea. Bertzalde, inoren gorputzari buruzko iruzkinak sobera daudela erranen nuke, baita eskaner baten gisako goitik beherako errebisioak ere.

Badakit hagitz praktika hedatuak direla, baina horretan erortzean ohartzen bagara. behintzat, pauso handi bat emanen dugu. Diotenez, energia txarrek ez eragiteko kapa zuri argi sinboliko bat jantzi dezakegu. Ari naiz josten, pertsonak epaitu gabe, etiketez eta pertsonaiez harago ikusteko entrenatzen naizen bitartean. •