Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

EH Bildu: lehen aukera eta azken esperantzaren artean

Oro har, sekulako emaitzak lortu ditu EH Bilduk. Eta aste batzuk barru, berriz ere hauteskundeak. Eta beste behin, itzelak izan daitezke bere emaitzak. Baina gerta liteke, sekulakoak izanda ere, Estatuko korrelazioak erortzen zaizkiola, olatu fatxa bat altxatzen dela -edo ez- eta aurrerapauso batzuk kolokan jarri ahal direla. Adibidez, estatu auzitzat jotzen duten Nafarroan, PSN-UPN ardatza estatu paktu bateko adar egiten badute. Dena ikuskizun dago, baita Gipuzkoan eta Gasteizen ere. Jokoa dago, uste baino irekiagoa. Eta baztertzen badute ere, «denak EH Bilduren kontra» herri honen ekuazio politikoan txertatuz, frustragarria izango da, jakina, amorragarria. Baina ez luke sentitzen dugun poz eta harrokeriarik gabeko harrotasun zoragarria ezkutatu beharko.

Sekulako marka da EH Bildu, sekulako marka egin du. Sekulako estrategia azkarra landu du. Baina estrategia orok bere kontraestrategia du, ahazten eta barkatzen ez duten etsaiek hor jarraitzen dutelako. Iraganeko eskemak eta gatazkak beste bitarteko batzuekin jarraitzeko jende oso interesatua dagoelako, Madrilen eta Bilbon. Historia berridazteko interesa dute, iraganeko erroak eta irakasgaiak jendeak ez ulertzen saiatzen dira, iragan jakin bat izan dutenek etorkizun bat izatea ezinezkoa dela pentsarazten. Eta EH Bilduren bazterketan saiatuko dira, hori da euren jokoa, zaharra bezain oraingoa.

Eraso egingo diote EH Bilduri. Saiatuko dira banatzen, frustrazioak sortzen. Baina ez da zepoan eroriko, ez da eraman nahi luketen bidetik joango. Zenbat eta eraso gehiago, orduan eta indar eta boto gehiago lortu, konpromiso eta ardura handiagoaz jardun. Ezustekoek eta eragozpenek ez dute ernegatuko, ez da marmartien kuadrilla bat bilakatuko. Ez da etxean eserita, ezer egiteke, geratuko. Lan asko dagoelako egiteko, borroka pilo bat borrokatzeko. Jende gehiago behar delako, eta haien kezkak interpretatu eta aurreikuspenekin konektatzea izango da desafioa.

PPren balizko gobernu bat, PP-Vox aliantza, saiatuko da gauzak okertzen, ilegalizazio berrien mamuak astintzen, nahi eta ezinaren sentsazio bat hedatzen. Saiatuko dira EH Bildu logika erreaktibo bateko soka motzean lotzen. Badaude, noski, eta egongo dira, noski, une frustragarriak, batzuetan gauzak ez dira beren osotasunean mugituko eta, beste batzuetan, beharrezko abiadan. Egindako guztia zapuzteko, errotikako aldaketa baten aldeko esperantza oro galtzeko, urratutako bidean zubi denak lehertzeko interesa duten horiek etorriko dira, bai, beste behin. Eta, agian, gure momentua itxaron beharko dugu, koiuntura egokia. Baina orotan frustragarriena izanda ere, ez diogu inoiz estrategikoki pentsatzeari utziko.

EH Bilduk ordezkaritza handitzeko eta gobernuak eskuratzeko aukera oso errealak ditu. Urek ezkerreko abertzaleen komunitate antolatuaren dikeak aspaldi gainditu zituzten. Ikasi da pazientea izaten, estrategikoki pentsatzen, funtsezko funtsean kontzentratzen.

Etorkizunari begira, baikor eta positibo izateko arrazoiak hor dira. Nondik gatozen, non ginen eta non gauden begiratuta, aldaketa erradikala ikusten dut, aurreikuspen handi-handiak. Alkate eta zinegotzi berriak ikusita ohartzen naiz talentua erruz dakartela, energia berria, zapore herritarra. Jende gazteak EH Bildu aldaketarako aukera bezala ikusten du, serioa eta konprometitua. Herritar askorentzat aukera bakarra da, eta batzuentzat, azken esperantza. •