Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
IKUSGARRITASUN ESKE

Sincro Urbarri-Etxebarri igeriketa sinkronizatuko klubaren eguneroko lana

Guraso talde batek sortu zuen 2010ean Sincro Urbarri-Etxebarri igeriketa sinkronizatuko kluba. Haientzat igeriketa artistikoa «aparteko» kirola da, «beste zenbait kirol batzen dituen diziplina». Klubeko igerilariek nabarmendu dute «talde giro ona» ezinbestekoa dela uretako lanerako. Euskal Herrian bederatzi klub daude.

Maria Abrisqueta eta Josune Diez Sincro Urbarri-Etxebarri taldeko igerilariak, entrenamendu saio bateko koreografiako pauso bat egiten.
Maria Abrisqueta eta Josune Diez Sincro Urbarri-Etxebarri taldeko igerilariak, entrenamendu saio bateko koreografiako pauso bat egiten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Sincro Urbarri-Etxebarri igeriketa sinkronizatuko taldeak besoak zabalik hartu du GAUR 8 Etxebarriko igerilekuan. Ez daude ohituta hedabideekin hitz egitera, eta haiei entzutea nahi dute. Ikusgarritasuna eman nahi diote kirolari eta balioa eman neskek egiten duten lanari. «Ditugun igerilariak apartekoak dira, eta sekulako ikuskizuna eskaintzen dute, aintzat hartu behar dira. Esfortzu, sakrifizio eta konpromiso handia eskatzen duen kirola da, baina ez du laguntza handirik jasotzen», dio, penaz, Marijose Aguilera (1974, Basauri) Urbarri-Etxebarriko presidenteak.

Bera agertu da Etxebarriko kiroldegiko harreran, eta igerilekurako bidea erakutsi du, ikusteko non entrenatzen duten. Igerilekuak sei kale ditu, eta horietatik bi dituzte entrenatzeko. Ez dute leku handirik; sinkronizatuak igerileku osoa behar du, eta bertikalean, ez horizontalean. Hala ere, ez dira kexatzen, dagoenarekin aurrera egiten dute. Igerilekuko zaratatik kanpo, ondoan dagoen kanpoko igerilekuaren zelaian mintzatu da Aguilera.

Euskal Herrian igeriketa sinkronizatuko klubik zaharrena Sestaokoa da; 1996an sortu zen. Ondoren, Sincro Urbarri-Etxebarri taldea sortu zuten, duela hamahiru urte. Haien ondotik etorri ziren Easo -Gipuzkoa-, Ur-dantza -Araba-, Berriozar, AD San Juan, Amaya CD -Nafarroa- , Nautika eta Meatzaldea -Bizkaia- klubak. «Kirolariak sortzeko xedearekin eratu genuen kluba. Hasieran neskak igeriketan aritzen ziren, baina gero, igeriketa sinkronizatuan espezializatu ziren. Nesken pasioa ikusita, gurasook lanean hasi ginen talde bat sortzeko, eta kiroldegitik aparte, klub pribatu bat sortu genuen», azaldu du Aguilerak.

Marijose Aguilera Sincro Urbarri-Etxebarri klubeko presidentea, Etxebarriko igerileku kanpoan, galderei erantzuten. (Monika DEL VALLE / FOKU)

60 neska daude klubean, 5-21 urte bitartekoak. Hori bai, hasieran ez zeuden hainbeste neska, baina berehala kopurua igotzen hasi zen, kategoria bakoitzean bi talde edukitzeraino. «Urte batzuetan ezezkoak ere eman behar izan ditugu, ez zegoelako tokirik». Neskez gain, inoiz klubean mutilik izan ote duten galdetuta, Aguilerak esan du izan zutela bat, «ibili ona» zuena, baina orain ez dutela gizonezkorik. «Baten batek egin du probaren bat, baina azkenerako ez dira kirolean sartzen. Oso zaila da, mundu guztiak uste baitu emakumeen kirola dela, eta nagusiki bada emakumeena, baina mutilek ekarpen handia egin diezaiokete kirolari».

Horren harira, Urbarri-Etxebarriko presidenteak adierazi du «aurreiritziak» daudela. «Beste leku batzuetan ez da hori gertatzen. Adibidez, Kanariar Uharteetan mutil askok igeriketa sinkronizatua egiten dute, baina hemen tabu gisa hartzen da oraindik. Hori aldatzeko borrokan gabiltza».

Oztopo nagusia

Kirol minoritarioa baita, hainbat traba dituzte sinkronizatuak hazten jarrai dezan. Horietako bat «kaptazioa» dela nabarmendu du Aguilerak. Nola lortu ume gehiagok igeriketa sinkronizatua egitea? «Jendeak pentsatzen duen gauza bakarra da ordu asko entrenatzen direla, baina kirolak ematen dizuna... Balioek orduek baino gehiago konpentsatzen dute. Haientzat ez da lan nekeza entrenatzera etortzea; alderantziz, ihesbidea da, disfrutatu egiten dute».

Oztopo horrez gain, beste batzuk ere badituzte. Esaterako, klubeko txikienek, alebinek, ezin dute joan Espainiako Txapelketara. Adingabeak babesteko legearen bidez, Eusko Jaurlaritzak ez die uzten joaten. «Euskal Herritik kanpoko gainerako taldeetan ez da hori gertatzen. Nesken hazkuntzarako desabantaila da», kexatu da Aguilera. Kirola «garestia» ere badela gaineratu du: «Entrenatzeko ordaindu egiten dugu, bi kale izateko. Bien bitartean, beste kiroletako klubek ez dute ordaintzen zelai batengatik. Guretzat bi kale ez dira nahikoa, espazio gutxi da. Babes nahikoa ez zaionez ematen, eta garestia ere badenez, horrek eragiten du jendeak atzera egitea».

Euskal Herrian igeriketa sinkronizatuak «ikusgarritasun txikia» du, Urbarri-Etxebarriko presidentearen ustez: «Hemen apustu oso gutxi egiten da. Kirol minoritarioetako bat da, eta gainera, andreena; hori uste du jendeak, behintzat».

Aguileraren iritzi berekoa da Yrama Simaro (2001, Galdakao), Sincro Urbarri-Etxebarri taldeko entrenatzaileetako bat, eta argi du Euskal Herrian igeriketa sinkronizatuak ez duela «indar handirik»: «Hemen gutxien ezagutzen den kiroletako bat da. Oro har, uste dut uretako kirolek ez dutela indar handirik Euskal Herrian, eta igeriketa sinkronizatuak ere oso gutxi du. Klub gutxi daude». Simarok gehitu du Katalunian eta Madrilen, adibidez, igeriketa sinkronizatuak indarra duela.

Abrisqueta eta Diez igerilariak. Monika DEL VALLE | FOKU

Araudi aldaketa, onerako

Urbarri-Etxebarriko entrenatzaileak duela lau urte utzi zuen igeriketa sinkronizatua, eta 18 urterekin entrenatzaile izateko. Klubeko alebinekin aritzen da. Astean lau egunetan entrenatzen dute, eta Simarok azaldu du zer egiten duten lan saioetan. Lehendabizi, beti beroketa egiten dute, fisikoki gorputza prestatze aldera. Gero, askotan uztartzen dira indar, erresistentzia eta malgutasun lanak, eta sinkronizatuko zenbait serie egiten dituzte. Teknika ere lantzen da, baita errutina lana eta akrobaziak ere.

Aurten igeriketa artistikoari buruzko araudian aldaketa bat izan da, eta horretara egokitu behar dute igerilariek. Araudi berriarekin, txapelketen aurretik, entrenatzaileek orri bat entregatu behar dute non igerilariek egingo duten guztia ipini behar duten. Simarok adibide bat jarri du: «0 segundotik 10era trantsizio bat dago, 10etik 20ra hankekin mugimendu bat egiten dute... Esaterako, zuk jartzen baduzu bi bira eman behar dituztela, eta soilik bat ematen badute, puntuak kentzen dizkizute».

Araudiaren aldaketa onerako izan den galdetuta, Urbarri-Etxebarriko entrenatzaileak erantzun du kirola «objektiboago» egiteko modu bat dela, «subjektibotasuna» kentzeko, nahiz eta inpresio artistikoan, hori ez den neurtzen. «Urte batzuk barru, ziur nago neurtu egingo dituztela igerilariek egiten dituzten mugimenduak; musikarekin, indarrarekin, adierazpenarekin... Horrez gain, exekuzioa ere baloratzen da; egiten duten hori nola egiten duten».

Olinpiar Jokoetan izan ohi du ikusgarritasunik handiena igeriketa sinkronizatuak. Horren ondotik, baina, zer? Hau adierazi du Simarok: «Mundu guztiak esaten du Olinpiar Jokoetan igeriketa artistikoa ikusten duela, baina azkenean, ez da futbola bezalakoa: futbola astero ikus dezakezu. Lehiaketa jakin batzuk ditugu, baina Olinpiar Jokoei eta Munduko Txapelketei bakarrik ematen zaie ikusgarritasuna. Eta askoz ere txapelketa garrantzitsu gehiago daude».

Beraz, zer egin jendea igeriketa sinkronizatuarekin zaletzeko? Simarok nabarmendu du «aparteko» kirola dela, kirol asko batzen dituen diziplina delako. «Ikusgarria izateaz gain, oso diferentea da. Ez duzu topatuko koreografia batetik bestera gauza berdinik. Itzela da musika nola ematen den aditzera koreografia bakoitzean. Egongo da jendea gimnasia erritmikoa eta gimnasia artistikoa ezagutzen dituena, eta igeriketa sinkronizatuak bi horiek batzen ditu, eta horregatik da aparta».

Talde lana, ezinbestekoa

Igeriketa artistikoa bada kirol ikusgarria, kanpotik ikusteko oso polita baita, baina barrutik, erraza da mugimenduak egitea? Eta taldekide guztiak koordinatuta aritzea? Horren inguruan aritu dira Maria Abrisqueta (2002, Arrigorriaga) eta Josune Diez (2005, Basauri) Urbarri-Etxebarriko igerilariak. «Musikak zortziko konpasak ditu, eta katalanez zenbatzen dugu, azkarragoa delako. Musikaren erritmoa jarraitzen saiatzen gara, gero badago baten bat arritmikoa dena, baina azkenerako lortzen dugu denak batera joatea», azaldu du Diezek barre artean.

Bai Diez, bai Abrisqueta 2012an hasi ziren igeriketa sinkronizatuan. Lehena 7 urterekin, eta bigarrena 10ekin. «Amak behin bideo bat erakutsi zidan eta esan zidan: ‘Hau egin nahi duzu?’. Eta nik erantzun nion: ‘Ongi da’. Urbarri-Etxebarri taldean izena eman nuen, proba bat pasatu behar izan nuen taldean sartzeko eta hemen jarraitzen dut», adierazi du Arrigorriagakoak. Abrisqueta Olinpiar Jokoei esker hasi zen kirolean: «2012ko Olinpiar Jokoek boom handia izan zuten igeriketa sinkronizatuan. Telebistan ikusten nuen eta gurasoei esan nien hori egin nahi nuela».

Diez junior mailan dago eta Abrisqueta, absolutuan. Igeriketa artistikoan talde giroa gustatzen zaie gehien, «beste esparruetan bizi ez duzun zerbait» delako, Arrigorriagakoaren ustez. Gainera, taldean «giro ona izatea ezinbestekotzat» jo dute, «emaitza onak» izateko. «Uretatik kanpo arazoak badaude, hori gero uretan nabaritzen da, eta konplizitatea badago, nahigabe ere dena koordinatuagoa izaten da». Talde lanaz gain, Diezek azpimarratu du urak ikasketetatik «deskonektatzen» laguntzen diola.

Bien hitzetan, kirol «gogorra» da igeriketa artistikoa, «ordu asko baitira uretan eta uretatik kanpo». «Zure gorputza muturreraino eramaten duzu; ezinean zaude eta ikusten duzu zure ondoko taldekidea ere horrela dagoela, eta horrek ematen dizu indarra jarraitzeko. Ordu asko dira, baina disfrutatzen direnak; beraz, merezi du», nabarmendu du Basaurikoak. Alor fisikoaz gain, Abrisquetak alor mentala ere gehitu du ekuaziora: «Fisikoki gogorra denez, mentalki prestatuta egon behar zara hori jasateko eta gero txapelketan maila emateko».

Segitzeko, «eragingarriak falta»

Abrisqueta da klubeko igerilari helduenetariko bat, eta 21 urte baino ez ditu: «Nire adin tarteko gero eta jende gutxiago dago eta zailagoa da talde bat osatzea». Hori zergatik den galdetuta, Arrigorriagakoak zenbait arrazoi ikusten ditu: «Jende askok kirola uzten du unibertsitatera pasatzen denean; denbora faltaz gain eta entrenamendu orduez aparte, txapelketek ere denbora eskatzen dizute». Diezek gaineratu du «plan askori uko egin behar» izatea: «Udaran oporretara ez zoaz Espainiako Txapelketa duzulako, ezin duzu asteburu-pasa joan edo ostegun gau batean atera, entrenamendua duzulako».

Hori horrela izanik ere, deigarria da zergatik uzten duten kirola hain goiz, beste kirol batzuekin alderatuta, eta kontuan hartuta andreek, normalean, gizonek baino lehenago hartzen dutela erretiroa. Zentzu horretan, harago joan da Abrisqueta, eta adierazi du «eragingarriak falta» zaizkiela lehiatzeko: «Maila absolutuko txapelketa guztiak kentzen ari dira, eta orain ezin dugu errutina teknikorik egin -horrelako errutinetan elementu tekniko batzuk sartu behar dira nahitaez-; errutina libreak baino ez ditugu. Motibazio falta dagoela uste dut».

Horren harira, Diezek azaldu du aurten junior maila urtebete luzatu dutela: «Nik, adibidez, 18 urte ditut eta aurten absolutuan lehiatu beharko nuke, baina horri esker, juniorretan lehiatu naiteke. Pentsatzen dut izango dela ez dutelako nahi neskek kirola hain azkar uztea. Izan ere, ez dira ohartzen unibertsitatearekin uztartu daitekeela igeriketa sinkronizatua».

Elkarrizketa bukatu eta entrenatzera joan dira bi igerilariak. Helduenek beren lan saioa hasten dutenean, orduantxe bukatzen dute txikienek. Klubeko koskorrenak igerilekutik kanpo daude, eta dantza egin dezaten, abesti bat jarri die entrenatzaileak. Une horretan, helduenak txikienei batu zaizkie, erakutsiz zer pauso eman behar dituzten abesti horretan. Argazki horrek erakusten du ondoen, klub bat izateaz gain, familia bat ere osatzen dutela.

Simaro entrenatzailea, lan saio batean. Monika DEL VALLE | FOKU

EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA, ZORNOTZAN

Gaur eta bihar bitarte egingo da Euskal Herriko Igeriketa Artistikoko Txapelketa Zornotzan, eta talde hauek parte hartuko dute: Sincro Urbarri-Etxebarrik, Sestaok, Nautikak, Meatzaldeak, Easok, Ur-dantzak, eta Berriozarrek. Aurtengo araudi aldaketa dela eta, Yrama Simaro Urbarri-Etxebarri taldeko entrenatzaileak adierazi du Euskal Herriko Txapelketarako helburua izango dela «ikustea umeak nola dabiltzan», Espainiako Txapelketari begira «aldaketaren bat egin behar bada, egiteko». «Disfrutatzea» beste xedeetako bat ere badela gaineratu du.

Urbarri-Etxebarri taldeko igerilarien ustez, irabazteko lehian ibiliko diren taldeen artean, haiek eta Nautiko egongo dira. Izan ere, neguan ere jokatu zuten Euskal Herriko Txapelketa, eta bertan, Urbarri-Etxebarri taldeak maila absolutuan urrea lortu zuen, eta juniorretan, zilarrezkoa.