Iñaki SANZ-AZKUE
KAPAR BAT TXIO ARTEAN

Kaparrari Euskal Herrian ematen zaizkion izendapenen bilketa sareetan

«Herritarrak zientzian inplikatzen» izena zuen UEUk Bilbon antolatutako jardunaldiak, eta ia ezustean kaparrari Euskal Herrian ematen zaizkion izendapen ugariak biltzeko galdeketa arrakastatsua antolatu zuten sare sozialetan bertara joandako albaitari batek eta biologo batek. Ezin adibide praktikoagorik imajinatu.

Akainek odola behar dute elikatzeko eta beste animaliengandik lortzen dute elikagai hori.
Akainek odola behar dute elikatzeko eta beste animaliengandik lortzen dute elikagai hori. (Nieves GOMEZ)

Kuriosoa, behintzat, bada istorio honen hasiera. Albaitaria eta biologoa, Bilbo zaharrean barrena, jardunaldi batzuetara bidean. Eta hasi dira, lur azpiko trena hartzeko sator-zuloan behera, berriketan. Eta hizketarako gaia atera da: kaparrak. Bilbo urbanoan, kaparrak mintzagai, aizue. Sugandilek kaparrak dituztela esan dio biologoak albaitariari. Albaitaria kaparretan aditua izan... Eta ohartu dira, batek “kapar”, besteak “akain”, badirela hainbat izen, eta galdera suertatu da: zenbat izen eta aldaera izango ote ditu (edo ote zituen) animalia honek euskaraz?

Eta hala, adierazi dio biologoak albaitariari berak egin izan duela horrelako probarik sare sozialetan. Twitterren, hain zuzen ere. Galdetu izan duela, esaterako, zapaburu baten argazkia jarrita halakorik: «Eta zuen herrian, nola deitzen diete adinekoek animalia honi?». 2019an izan zen, eta 31 izen ezberdin jaso omen zituen, bertako erabiltzaileek emanda. “Attonburuxka”, “amormuxkua”, “apaparrutxa”, “atxintapurrua”… Euskal Herriko hainbat herritan jasoak. Eta esperientzia ederra izan omen zen. Dena ez delako liskarra sare sozialetan.

Iritsi dira jardunaldiak egingo diren gunera. Kale grisetan barrena, eremu berdeak mintzagai. Eta erabaki dute, Bilboko Zazpikaleetan, erdi-brometan, erdi-serio: «Gaur gauean kapar baten argazkia jarriko dugu Twitterren, ia zer pasatzen den. Ia inork erantzuten duen. Ia zenbat izen ateratzen zaizkigun». Eta jardunaldietara sartu dira. UEUk antolaturiko “Herritarrak zientzian inplikatzen” jardunaldietara. Eta hor, biologoak honako hitzaldi hau eman du: “Herritarren zientzia eta sare sozialak”. Elkarrizketak ez dira kasualitatez sortzen...

Kaparrek jakingo balute

Esan eta egin. Egunean bertan, albaitariak argazkia lortu eta kapar baten irudia igo dute sarera: Twitterrera, zehazki. Kapar bat azalduko da txio artean. Eta galdetu diete bertako erabiltzaileei ia irudiko animaliak zein izen duen haien herrian. Ia inguruan dituzten adinekoei galdetzerik edukiko zuten. Hasi da erronka eta hasi dira erantzunak. Hasi da kapar-festa sare sozialetan. «Ez genuen halakorik espero, egia esan».

Twitterren jasotako erantzunekin egindako hitz-hodeia: gehien azaldu den izena agertzen da tamaina handienean, eta kopuru horren arabera daude jarriak beste izenen tamainak.

Dozenaka izan dira jasotako erantzunak. Eta asko jendeak emandako izenak: “kapar”, “akain”, “bakasta”, “lakrain”, “artapo”... Kaparrek eta gizakiak mendeak daramatzate elkarrekin bizitzen. Azkenaldian, ordea, fama handitzen ari zaiela-eta, badirudi gehiago ikusarazi ditugula gizarte mailan. Eta agian, ez dugu pentsatu guk adina edo gehiago ezagutuko zituztela gure aurrekoek animalia txiki hauek. Euskal Herrian bai baititu hainbat izen kaparrak eta badago ezagutza, jakinduria, haiekin bizi izatetik atera dena eta gure hizkuntza ere aberastu duena, esamoldeekin eta hiztegi berezi batekin, besteak beste. Eta zein kuriosoa, ikustea kapar baten argazkiak sare sozialetan, euskaldunon artean, sortu dezakeela halako auzolan bat, elkarren artean ahalik eta izen gehien biltzeko, eta haien ezagutza partekatzeko eta liskarretik kanpo, ekarpenak egiteko. Nork esango zuen, kapar baten argazkiak elkarlana bultzatuko zuela…

Kaparrez dakiguna

Esan dezagun aurretik (badaezpada) sare sozialetan eginiko saiakerak gehiago zuela zirikatzetik ikerketatik baino, eta gehiago izan dela ezagutza biltze txorroka bat, ezagutza biltze meta bat baino. Bere txikitasunean, ordea, badu meritua. Izan ere, biologoak eta albaitariak jardunaldietan entzun zuten moduan, herritarrak zientziara hurbiltzeko modu on bat izan daiteke herritarren parte-hartzea sustatzea, eta zein modu hoberik haiek ezagutzaren bilatzaile, biltzaile eta zabaltzaile egitea baino? Nork egingo zion, bestela, kasu kaparrei buruzko txio bati? Zein aitzakia hartu, jendea erakarri eta kaparren ezagutza gizarteratzeko?

Erantzun dute Nafarroa Beheretik, Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik… Euskal Herriko izkina guztietatik. Gehienek, izen bakarra emanda, baina beste batzuek: «Gure herrian bi izen hartzen ditu». Eta izenak gora, izenak behera, etorri dira albaitariari interesa sortu dioten aipamenak.

«Gure etxean (Urola erdia) ‘akaña’ eta ‘bakasta’ hitzak bi ‘bitxo’ desberdinentzat erabili izan ditugu». Eta albaitariak haien interesa erabili du sarean dibulgatzeko, eta ohartu dira animaliaren fase ezberdinek izen ezberdina jasotzen dutela. Alegia, gutxik dakiten moduan, kaparrak larba fasea, ninfa fasea eta heldu fasea dituela, eta sare sozialetan, behin baino gehiagotan aipatzen dutela tamaina dela etxeko adinekoek jarritako izenak ezberdinak izatearen arrazoia. Alegia, animaliaren fasearen arabera, izen ezberdina hartzen duela kaparrak herri batzuetan; edota izan daitekeela, tamaina handiko kaparraz hitz egiten dutenean, emeaz hitz egitea. Izan ere, arrak zein emeak behar dute odola elikatzeko, baina hala ere, emeak tamaina handiagoa hartzen du, eta odol kantitate handiagoa behar du, arrautzak erruteko.

Arraren eta emearen arteko desberdintasuna: emea askoz handiagoa izaten da (NEIKER)

Sarean ere esan dute, esaterako, Usurbil inguruan “artapua” (ardi-apotik ote datorren, dio beste batek) deitzen zaiela ardiek dituzten txiki eta zapalei eta “akaña”, zakurrek dituztenei. Eta noski, albaitariak ere izan du erantzuna horretarako. Izan ere, hainbat akain espezie daude Euskal Herrian eta batzuek ostalari ezberdinak dituzte gogoko. Ardiekiko joera duten bezala batzuek, beste batzuek, zakurrekikoa. Ez dira edozein odolekin konformatzen, itxuraz.

Eta hala, herritarren erantzun eta erantzun artean, hasi gara ikasten… hasi da albaitaria animaliaren zientzia ezagutza gizarteratzen.

Kaparrei loturiko hizkuntza bat

Sarean denok hitza emateko aukera dugula-eta, norberaren esperientziak ere loratu dira txio artean. Basora joan aurretik gorputza labanda olioz igurztea komeni dela, edota zakurrari agertzen zitzaizkiola asko, edota ardiengatik ezagutzen zituztela batez ere. Eta hala, hasi da kaparren mundua sare sozialean gailentzen, batak besteari erantzunez, edota Juan Kruz Lakastari gogoraraziz (etiketatuz) bere abizenak ere kapar esan nahi duela iparraldean (sekretu gutxi sare sozialetan…). Atera dira Jon eta Aitor Sarasuak kaparrari eskainitako bertsoak ere, eta iruzkinen harira ere hiztegi zaharren argazki eta aipamenak, eta Herri Hizkeren Atlasak horien aldaera ezberdinak biltzeko egin zuen lan bikainaren erreferentziak. Kaparrei buruzko bibliografia, lagunok. Non eta… sare sozialetan.

Belaunaldiz belaunaldi, kaparrekin izandako harremanak esamoldeak ere atera omen ditu. “Pertsona kaparra” pertsona astuna omen, esan dute Iruñean, eta gazteleraz ere hala erabiltzen omen dute. Alegia, “caparra” moduan. “Arraio lakaina!” omen da jende erretxinarentzat erabiltzen dena. Edo “kaparrie baino beteago zihoan” esaten omen zaio mozkor doanari Bizkai inguruko herri batzuetan. Izan ere, kaparra odola hartzen duen heinean joan ohi da handitzen eta betetzen. Baten batek ikusiko zuen mozkorraldiren bat non kaparra bezain beteta amaitu zuten...

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) aldaera desberdinak jasotzeko lan bikaina egin zuen (EHHA)

Eta hala, esaldi eta aipamenen artean, konturatu gabe bezala, txioak joan, txioak etorri, animalia “nazkagarri”, “txar” eta “txiki” bati buruz aritu da txiokatzen sarea, eta erabili dira aipamen horiek dibulgatzeko. Ezagutza zabaltzeko. Esperimentu txiki honek balio diezaguke, agian, ikusteko sareetan beste moduren batera sekula landuko ez litzatekeen gai bat lantzeko jendearen parte-hartzea beharrezkoa dela. Izan ere, kaparrak bere txokoa aurkitu du Twitterren. Txioak 17.800 ikuskapen izan ditu.

Albaitariak kontatuko diguna

Metroko sator-zuloan, eskailera mekanikoetan behera doaz berriz albaitaria eta biologoa. Lyme gaixotasunaren zabalkundeak gizartean kaparrekiko kezka areagotu duela dirudi. Gero eta gehiago dira animalia honi buruzko aipamenak prentsan, eta larrialdi zerbitzuetan ere gero eta gehiago, kapar batek heldu dielako gerturatzen diren herritarrak. Ez da erraza jakitea kapar kopurua handitu den edo larrialdietara doan herritar kopurua igo den beldurraren ondorioz. Izua bai, baina animalia honi buruzko ezagutza ez da oso handia gizarte mailan. Gaixotasunaren transmisioaz eta odola hartzeaz haratago, ez asko, behintzat.

Gure albaitaria Aitor Cevidanes da. NEIKEReko ikertzailea eta eltxoetan eta kaparretan aditua. Aitorrek azalpenak ematen jarraitu du. «Kaparrak ez dira intsektuak. Kaparrak armiarmen (araknidoen) taldekoak dira. Artropodoak, alegia. Helduak direnean, armiarmek bezala, lau hanka pare dituzte. Intsektuek, ordea, hiru pare».

Euskal Herrian 19 kapar espezie ditugula ere aipatu du, eta normalean, menditik bueltan gorputzean itsatsia ekartzen duguna espezie bera dela. Ixodes ricinus izenekoa, alegia. Landare ugariko guneak ditu gustuko; belar luzeko zelaiak, iratze lekuak, bai eta basopeak ere. Beti hezetasun nahikotxo dagoen eremuak. Eta guztiok dakigun moduan, odola eskuratzea dutenez helburu, landare horietan izaten dira zain, gu, edo beste edozein animalia, noiz pasako zain… Hori gutxi ez eta, badirudi klima aldaketak ere lagunduko diela kapar espezie berriei gurean leku egokiak aurkitzen.

Sare sozialen alde ona

Txioa sarera igo eta bi egun geroago oraindik ere erantzuten ari da jendea. Txioherriak elkarlanerako gogoa duela dirudi. Eta horrek berak bidea irekitzen dio jakin-minari. Agian, sekula gai horri buruz hitz egiteko hartuko ez luketen tartea ireki zaielako bertan. Haien hizkuntzan, eta gainera, gai horri buruzko ekarpen bat egiteko edota jendearekin iritziak eta ezagutzak partekatzeko parada ere badutelako. Gizakia animalia soziala delako eta ondo bideratuta, agertzen duelako interesa.

Akaina landareetan egoten da animaliaren bat pasatzeko zain (Erik KARITS / UNSPLASH)

Eta hala, azken urteetan martxan jarri dira jendearen parte-hartzea sustatzen duten hainbat ekimen Twitterren: #sugebizi, #orkideabila edota #polenbila, esaterako, une honetan bertan ere martxan direnak. Zientzia herritarra bultzatzeko eta dibulgatzeko. Baina izan dira tartean herritarren ezagutzarekin eta laguntzarekin osatu diren ikerketak ere. Hor da, adibidez, Josu Narbarte arkeologoaren kasua. Euskal Herriko serora-etxeen kokapenari buruzko galdera bota zuen duela hilabete batzuk sarean, eta sekulakoa izan zen orduan ere erantzuna. Hainbat herritako serora-etxeen kokapena eta argazkiak jaso zituen orduan eta mapa bat osatu, jendeak emandakoak gero sarean bertan erakusteko. Gauza bera esan behar da zapaburua izendatzeko izen ezberdinei edota sugandila izendatzekoei buruz galdetu zenean ere. Herritarren eta zientzialarien arteko gertutasuna eta elkarrekintza bultzatzen dira ekimen txiki hauen bidez.

Zazpikaleetako zaborra jasotzeko kamioi soinuen eta usoen hegaldi motzen artean doaz kaparrei buruzko hitzak airean. Sugandila bat kaparrekin aurkitzen duen hurrena, kaparra kendu eta berari bidaltzeko eskatu dio albaitariak biologoari. Eta nik, noski, baietz esan diot. Jasoko dudala. Bilboko inurritegiaren erdian, aurrera goaz. Horrenbeste jenderen artean egoteak ematen duen anonimotasun eta bakardadean murgilduta, elkarrizketa sinple eta eroen alde egiten dugu. Hortik aterako direlako gero, agian, proiekturik ederrenak, eta noski, txioherria zirikatzeko balioko duten zientziari loturiko iruzkin zoroenak.