Gaiane YENOKIAN
AZERBAIJANEN ERASOA

Nagorno Karabakheko desplazatuak: etxetik urrun, baina ez salbu

Iragan irailaren 19ko Azerbaijanen erasoak Nagorno Karabakheko biztanleria osoa kanporatu zuen bere lurraldetik. 100.000tik gora dira beren etxeak atzean utzi eta ihes egin zutenak. Egun Armenian dauden arren, ez dute eraso berrien mehatxua uxatu, ezta beldurra ere.

Desplazatuen ilara luzea Nagorno Karabakhetik ihes egiteko.
Desplazatuen ilara luzea Nagorno Karabakhetik ihes egiteko. (Gaiane YENOKIAN)

Etxeko balkoitik, Margarita Ghushuntsek sarritan begiratzen du ekialderantz, Nagorno Karabakherantz. «Harantz begiratzen dudan bakoitzean, handik ihes egitean pasa genuen infernua gogoratzen dut. Amesgaiztoa behin eta berriz berpiztea bezala da», dio 32 urteko emakume armeniarrak.

Amesgaizto horrek bera bezalako 100.000 partaide ditu eta irailaren 19an piztu zen. Orduan, Azerbaijanek eraso bortitza burutu zuen Nagorno Karabakhen aurka. Egun gutxiren buruan, biztanleria osoak ihes egin zuen eskualdetik Armeniara. Ghushuntsek ere uholde horretan utzi zuen atzean bere jaioterria.

Armeniarrek «Artsaj» ere deitu ohi diote beren enklabeari. Sobietar Batasuna desegin zenean, bertako armeniar gehiengoa Azerbaijango errepublikan esnatu zen, ezustean. Independentzia eta nazioarteko onarpenaren bidea luzea bezain odoltsua izango zen. Bakuren kontra borrokatu eta irabazi egin zuten lehendabiziko gerran, 90eko hamarkada hasieran. 2020an, alabaina, Azerbaijanek erasoa jo zuen berriz. Turkiar eta israeldar dronek erraz indargabetu zituzten armeniarren tankeak, artilleria eta gainontzeko armamentu konbentzionala. Gatazka sei astez luzatu ondoren, azaroaren 9an, bake itun bat sinatu zuten Armenia, Azerbaijan eta Errusiako agintariek: su-etena, presoen trukaketa eta duela 30 urte Azerbaijani kendutako lurrak bueltatzea ziren, besteak beste, akordioaren puntu nagusiak.

Antza, ez zen nahikoa izan. Iragan iraileko ofentsibak sortutako beldurrak jota, karabakhtarrek lehenbailehen ebakuatu nahi zuten. Ordurako bederatzi hilabete eman zituzten setiopean, Bakuk Nagorno Karabakh eta Armenia lotzen dituen errepide bakarra moztu ostean. Irailean ireki zen berriz, baina noiznahi itxi zitekeen berriro. Margarita Ghushuntsek ere hala uste zuen: Stepanakert-etik -Nagorno Karabakheko hiriburua- Armeniako mugaraino 28 orduko bidaia nekagarria egin ondoren, Harutyun bere senarrarekin eta bien hiru seme-alabekin Tegh herrixkara iritsi ziren. Margaritaren aita bertan bizi da, eta gizonak denak hartu ditu bere etxean egun.

Tegh-en lasaitasuna nagusi izango zelakoan zeuden, baina herria, hain zuzen, Azerbaijanekiko mugan dago. Margaritak etsaiaren posizio militarrak ikus ditzake etxeko balkoitik, bai eta Azerbaijango banderak ere inguruko mendien gailurretatik.

«Tiroak ere entzuten ditugu. Hori dela eta, nire seme-alabek ezin dute lasai lo egin. Trumoi hotsa entzuten dutenean niregana jotzen dute. ‘Ama, tiro egiten digute berriro?’, galdetzen didate halakoetan».

100.000tik gora desplazatuen artean 30.000 adin txikikoak dira. Gaiane YENOKIAN

Erailak eta torturatuak

Irailaren 28an, Artsajeko azken buruzagi Samvel Shajramanianek enklabearen desagerpen ofiziala iragarri zuen. Berak sinatutako dekretuaren arabera, Nagorno Karabakheko Errepublika «desegintzat» joko da 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dagoeneko Armenia osoan zehar banatzen da bere biztanleria. Batzuk gobernuak emandako aterpeetan daude; etxeak alokatu dituzte beste batzuek eta senideen etxeetan edo solidarioek eskainitako bizitokietan instalatu dira. Munduko beste hainbat desplazatu ez bezala, karabakhtarrek jakin badakite ez direla inoiz bueltatuko.

Hainbat hitzaldi publikotan eta nazioarteko bileratan, Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek azpimarratu ohi du Nagorno Karabakheko armeniarren eskubideak «Azerbaijango legeria nazionalarekin eta nazioarteko konpromisoen bidez» babestuko liratekeela. Baina armeniarrak ez dira fidatzen. 40 baino gutxiago gelditu omen dira setiatutako enklabean. Bertan, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen laguntza humanitarioa jasotzen dute.

Anahit Manasyan giza eskubideen defendatzaile armeniarrak jakinarazi zuenez, iraileko erasoen ostean biktimen gorpuek tortura eta mutilazio zantzuak zituzten. Bestalde, Armeniako Ikerketa Batzordeak urrian argitaratutako datuen arabera, azerbaijandarren armadak 14 pertsona torturatu zituen. Beste 64, Karabakhetik Armeniarako errepidean hil ziren.

Erevanen G8ri eskainitako elkarrizketa batean, abokatua eta nazioarteko zuzenbidean eta giza eskubideetan aditua den Siranush Sahakyanek antzeko kasu batzuk ekarri ditu gogora. «2020ko gerraren ondoren, Hadrut eta Shushi eskualdeetako 70 armeniar zibilek bertan gelditzea erabaki zuten, azerbaijandarrak sartu zirenean. Bakura eraman zituzten, eta bertan, torturatu eta hil egin zituzten», dio Sahakyanek.

NBEk ere «Karabakheko armeniarren eskubideak eta segurtasuna» bermatzeko deia egin dio Azerbaijani. «Deia egiteaz gain, NBEk ere horretarako baldintzak sortu beharko lituzke», kexu da Sahakyan. Bere ustez, bi «oinarrizko» pauso eman beharko lirateke. «Batetik, armeniarren aurkako gorroto-kanpaina amaitu behar da; bestetik, aginte osoa duen nazioarteko mekanismo bat ere bidali behar da Azerbaijanera, armeniarrak babestearren. Egoera ez bada aldatzen, ez da inor itzuliko», azpimarratzen du legelariak.

Desplazatuak atseden batean, inorako bidaian. Gaiane YENOKIAN

Eraso berrien beldur

Margarita Ghushuntsen alaba txikia, Rozai, Nagorno Karabakheko blokeoaren erdian jaio zen. Hilabete haietan zehar, gasa, elektrizitatea, elikagaiak, botikak eta erregaia kendu zizkieten enklabeko armeniarrei. Osasun sistema ere bertan behera geratu zen. Edonola, ez ziren izan bizi-baldintza gorrienak Margarita Stepanakertetik kanporatu zutenak.

«Blokeoaren ankerkeria jasateko prest geunden denok, gure eskubideak babestearren. Tamalez, azken erasoaren ondorioz, Artsajeko Gobernua armak entregatzera behartu zuten. Herria babestuko zuen armadarik gabe, bizirauteko aukera denak galdu genituen», damu du armeniarrak.

Bizilagunek galdetzen omen diote ea herrian geratuko den bere familiarekin. Margaritaren erantzunak kezka bizia sorrarazten du beti. Desplazatuak dio azerbaijandarren tropek «edozein unetan» eraso egin dezaketela Armenian.

Gerta daiteke. Armeniako Kanpo Arazoetako Ministerioak gogorarazi duenez, 2020ko gerraz geroztik Azerbaijanek 150 kilometro koadro okupatu ditu Armeniako Errepublika barruan. Azaroaren 1ean, Genozidioa Prebenitzeko Lemkin Institutuak «Bandera Gorriko Alerta» bat igorri zion Azerbaijani. Datozen egun edo asteetan inbasio bat burutuko delakoan dago Lemkin.

Urriaren 3an, Armeniako Parlamentuak Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutua berretsi zuen. Nazioarteko zuzenbidean aditu Siranush Sahakyanen ustez, Azerbaijango krimenei buruzko nazioarteko ikerketa bat gauzatzeko baliagarria izan daiteke. «Azerbaijanek Erromako Estatutua ez berresteak oztopoak sortzen ditu, Artsaj-en bere krimenak ikertzeko. 2021eko maiatzetik aurrera, baina, jurisdikziopean geratuko da Armenian, nazioartean onartutako lurraldean, egindako krimenengatik. Hori izan liteke Armenia babesteko moduetako bat», azaldu du Sahakyanek.

Eraso baten zantzuak ibilgailu batean. Gaiane YENOKIAN

070 kodea

Nazioarteko ebazpenak gauzatu baino lehen, desplazatuen premiazko beste behar batzuk bermatu behar dira. Karabakhtarrek armeniar pasaportea dute betidanik, baina, antza, horrek ez ditu armeniar herritar bilakatzen legearen aurrean.

«Herritarrak ez, errefuxiatuak gara pasaportean 070 kodea dugunok», argitu du Anush Ghavalyanek. Stepanakerteko kazetaria dena Erevanen gelditu zen bere herriaren gaineko blokeoak iraun zuen bitartean, etxera bueltatu ezinik. Dioenez, burokraziari egin behar diote aurre orain denek. «Lehen pausoa errefuxiatu agiria lortzea da. Gero, norberak erabaki dezake estatus horrekin gelditu ala herritartasuna eskatu. Zalantza asko daude, jendeak ez baitaki zer den hobe epe motzean», azaldu du Ghavalyanek.

Armenian geratu partez, karabakhtar batzuek erbesterantz jo dute dagoeneko. Avanesyandarrak, ordea, Armenian zehar sakabanatu diren horietakoak dira. Hasieran, Vazashen herrira jo zuten, baina laster erabaki zuten etxez aldatzea berriro.

Goris herrian altxatutako kanpamendua. Gaiane YENOKIAN

«Gure bizilagunak azerbaijandarren posizioak seinalatu zituen, herriaren parean, hain zuzen. Ezin zuen ganadua bazkatzera eraman, azerbaijandarrak animaliak lapurtzen zituztelako. Bost seme-alaba ditut. Izutu egin ziren, eta beste babesleku bat bilatu behar izan genuen», gogoratu du Lusine Avanesyanek, Kalavan herrixkatik. Bertan instalatu ziren, hango udal ostatuak gelak eskaini baitzizkien. Nahi duten denbora geratzeko aukera daukate.

Kalavanera iritsi bezain pronto, Romela Avanesyan, Lusineren amaginarreba, bertako baliabideak aztertzen hasi zen: baratzea eskuratzeko aukerak, ganadua lortzekoak… Karabakhen landatu zituen granada-zuhaitza sendoak ditu buruan oraindik 61 urteko emakumeak. Dioenez, duela urte asko landatu zituen, baina atzean gelditu ziren denak, jakina. Etxetik betiko ospa egin behar zuen uneetan, kuttunenak zituenak eraman zituen: bere lorategiko landareak eta haziak. «Bilobei granada ukituak bakarrik biltzeko esan nien, eta besteak heltzen uzteko», gogoratu du Avansesyanek. «Baina granada horiek galduta daude betiko, bai eta gure lurraldea zena ere».