Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Abenduaren 28ko kontuen gaineko estilo ariketak

Ohar hau zabaldu zuten joan den urte amaieran hedabideek: «Inoiz ez nintzateke alkate izango EH Bilduren botoekin, inoiz ez. Ez nuke inoiz EH Bildu sostengatuko, hutsaren truke, edozer gertatuta ere. Nahiago dut eskailerak garbitu». Aste bi igarota, ordutik buruan daukadan durundia koaderno honetara jaurti beharrean nago.

Ustekabeak. Neure alkatetzaren kudeaketa bikainari buru-belarri emana, bat-batean ez dizkidate ba beren botoak eskaini alkate segitu dezadan? Eta gero, ez didazue sinetsiko, zer eta botoa eskatu didate! Hutsaren truke! Sekula holakorik! Ezetz asmatu zer lanbide dudan orain? Eskailera-garbitzaile!

Ezezka. Ez didate ilargia eskaini, ez itsas izarrik, baizik eta beren botoak. Ez diet esan atzo lupia freskoa afaldu nuela, ez elurra dakarrela, baizik eta inoiz ez nintzatekeela alkate izango beren botoekin. Eta gero, ez didate surik eskatu, ez baso-erdi ardo gorri, baizik eta botoa, hutsaren truke. Ez dut nahiago azazkalak margotu, ez konpainia bateko administrazio kontseiluko buru izan, baizik eta eskailerak garbitu.

Errepikazalea. EH Bilduk bere botoak eskaintzen badizkit, ezetz esango diot, EH Bilduren botoekin, eskainiko balizkit ere, ez bainintzateke alkate izango. Eta EH Bilduk neure botoak hutsaren truke eskatuko balizkit, ez nuke EH Bildu sostengatuko neure botoekin, hutsaren truke. EH Bildu hutsaren truke neure botoekin sostengatu baino nahiago dut eskailerak garbitu.

Puztua. Gure hizkuntza baskonikoan hitz eginen nizueke; nire jakintza mugatuak eta nire zuhurtzia mugagabeak, haatik, umiltasunaren bidea hobestera naramate. Zuen eskaintza paregabe bezain eskuzabala, baldin halakorik balego, zinez estimatzekoa izanen litzateke eta hagitz ohoratua senti ninteke horren kari. Nolanahi ere den, hiri eder bezain noble honetako alkate izatearen erregaliari uko egin beharrean nago, hala zeruko nola lurreko begien aurrean ez bailitzateke onargarri. Zuei nire sostengua emateaz denaz bezainbatean, halaber, har beza nire ezetza balizko galde horrek, nire botoek xede jasoagoa baitaukate. Komentu batera joaki naiz, eskailerak garbitzera, zerurainoko bidea pinu usainean egin ahal izateko.

Telegrafikoa. ALKATE IZATEKO EH BILDUREN BOTOAK STOP INOIZ EZ STOP EH BILDUK NIRE SOSTENGUA ESKATU STOP ESKAILERAK GARBITU NAHIAGO STOP CHRISTINAK SINATUA

Baserritarra. Bilduko horrein botuekin enitzake alkate izengo, sekule bez. Neure botue be eniskie emungo, baiñe tontuek pe eztie enda porsiakaso eskatu eiñ ddustie horreik satelittiok, alkaldixie konsegiruteko, pentzetan dot nik... Eztaitt pa, ondion sasoie baukot bentzet eta eskillarak garbiketan noie.

Ez da oso originala aukeratutako gaia, badakit. Ezta gaiaren bariaziook ere. Izan ere, Iruñeko alkatetzaren inguruan sortutako zalapartak eta alkate ohiaren hitzen errepikak Raymond Qeneauren “Exercices de style” lana ekarri zidan gogora. Hura bai originala. Duela zazpi hamarraldi pasa arrakasta handia izan zuen, ia señora horren hitzek bestekoa, eta Xabier Olarrak maisuki itzuli zuen 2005ean. “Estilo-ariketak” liburua, frantsesez eta euskaraz, Inuxente Egunean inprimatu zen, alkate zapuztu horren hitzak bezala. •