Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
{ ANALISIA }

Zer ikusten da Talaia Feministatik?

Eremu desberdinetako 30 bat emakume -arituak eta adituak- talaiara igota, ortzi-mugari begira, estatu feminista begitantzen. Bide luzea eta trabatsua espero da, baina ibili beharrekoa.

Duela aste batzuk aurkeztu zuten Talaia Feministaren 2023ko behin-behineko txostena.
Duela aste batzuk aurkeztu zuten Talaia Feministaren 2023ko behin-behineko txostena. (Andoni CANELLADA | AGENTZIA)

Talaia esaten zaio ingurunea begiztatzeko eta zaintzeko egokia den tokiari. Goragunea izan ohi da eta eremu zabal bat behatzeko aproposa. «‘Talaia’ diogu, baina ez gorago gaudelako; ez dugu uste gehiago eta hobeto ikusten uzten digun gain batean gaudenik. Aitzitik, uste dugu poliedro hori ulertu eta aldatzeko beharrezkoa dela ortzi-mugari elkarrekin begiratzea. Baina gure talaia behetik eraikitzen da: hitz handi ulertezinez osaturiko adituen egiak bota beharrean, bizitza zehatzetatik eta eguneroko jakintzatik abiatzen da», zehaztu dute.

Talaia feministak Euskal Herriaren egoera behatu eta aztertu nahi du hortik, behatoki feminista horretatik. Irakurketa kolektiboko ariketa bat da eta helmuga gertuago edo urrunago dagoen aztertu nahi du. Helmuga? «Euskal Herrian sustatu nahi dugun trantsizio feminista». Ez da elkarte bat, «baina feminismotik eta ezkerretik euskal estatu feminista eraikitzeko prozesuan eragin», nahi du.

Aktualitatea irakurtzeko «ezkerreko emakume feminista, subiranista eta independentistak» igo dira talaiara, 2023. urteari begiratua emateko. Jatorri, eremu eta borroka politiko desberdinetan dabiltzan 30 bat emakume, «adituak eta arituak».

Prozesuan parte hartzen ari den Jule Goikoetxearen hitzetan, «gutxitan egon naiz horrelako prozesu batean, non 25-30 emakume elkartzen diren maiztasun batekin sakoneko gai ideologikoak aztertzeko. Mugimendu feministaren ekarpenari begiratzean, ez da bakarrik arreta jarri behar helburuetan, baizik eta prozesuan. Gure kasuan, subalternoak direnen kasuan, prozesuak laguntzen du subalternitatetik ateratzen. Jakintza eta boterea hartzen dituzu eta horrek espazio publikoa hartzeko gaitasuna ematen dizu. Horrek ekartzen du eraldaketa estrukturala. Prozesua oso interesgarria izaten ari da. Oso prozesu gutxi daude non emakumeek orduak eta orduak ematen dituzten estatua nola gobernatu nahi duten eztabaidatzen, gure bizitzak eta gure herria nola gobernatu nahi ditugun eztabaidatzen. Hori da oraingoz Talaiak daukan gauzarik garrantzitsuena».

Dagoeneko osatu dute behin-behineko txostena eta datorren otsailaren 17an Errenterian izango den Talaia Feminista Unea topaketan partekatu eta itxiko dute txosten hori.

Hausnarketarako sei gai paratu dizkiote 2023ari: eguraldia eta krisi ekologikoa; azaroaren 30eko greba feminista; bizitzaren garestitzea; euskararen aurkako oldarraldi judiziala; Rubiales, Mario Lopez, PPDA eta indarkeria matxista; eta abaiaren debekua.

Gaien hautaketari dagokionez, «saiatu gara kontsekuenteak izaten gure filosofia ehuntzen duten hiru hariekin», azaldu dute. Kolektibotasuna, desmuntatu beharreko poliedroaren aurpegi desberdinak eta ‘bizitza erdigunean jartzea’ izan dira hari horiek.

Talaia Feminista sortzeko bidean topaketa asko izan dira. Irudian, horietako bat, Donostian. Jon URBE | FOKU

Krisi ekologikoa

«Kolapso ekologiko baten aurrean gaude». Ingurura begiratu besterik ez dago krisi ekologikoaren zantzuak igartzeko. Eguraldiaren gorabeherak, deforestazioa, bioaniztasunaren suntsiketa, ekoizpen kate global kutsakorren normalizazioa, agroindustriaren hazkundea, itsasoaren azidotzea, neurrigabeko erregai fosilen edota plastikoaren erabilera... nonahi begiratuta, badira kezkatzeko moduko seinaleak.

Talaia Feministaren txostenak jasotzen duenez, «kolapso ekologikoa ezin da osotasunean ulertu, ez bada zaintza eta krisi sozialik gabe, eta honek, espezifikoki, emakumeen gainean eta zaurgarriagoak diren herritarrengan du eragin handiagoa; jatorri, klase eta genero ardatzen eraginpean. Pertsona aberatsenen %10ek munduko CO2-emisioen %48 inguru eragiten dute, eta %1eko eliteak emisio guztien %17. Bereziki, ipar globala elikatzeko ekonomiak megaproiektuen gaineko gatazka ekosozialak areagotzen ditu, eta honek herri indigena eta nekazaritza-komunitateetan duen eraginak milaka pertsona erailtzen edota kaltetzen ditu egunero, emakumeen gaineko indarkeria eta bortxaketen kopurua areagotuz eta euren zaintza rolak muturrera eramanez».

Jendarte eta kontsumo ereduaren ondorio da kolapso ekologikoa. «Hausnartu behar da zein bizitza eta gizarte eredu erdietsi nahi dugun; hala, jendarte ekologikoago, berdinzaleago, burujabeago eta lurraren eta bertako izakien zaintza bermatuko duen gizarte baterako urrats integralak eman beharko ditugu. Urrats integralak aipatzerakoan, ulertzen dugu baliabide naturalen erabilera gobernatzen duten legeak, horiek sostengatzen dituzten bizi-beharrak, lurraren zaintza lanetan jarduten dutenen lan baldintzak eta pertsonen zaintza lanetan atsedenaldiak eta askatasun eskubidea bermatzea aintzat hartzen duten neurriak izango direla. Hau da, irtenbide ekofeministak egunerokotasunera eramateaz ari gara».

Pasa den azaroaren 30eko greba feministan jasotako unea. Andoni CANELLADA | FOKU

Greba Feminista

«Greba Feminista Orokorra izan dugu 2023ko azaroaren 30ean. Mugimendu feministaren lidergoarekin eta Euskal Herriko gehiengo sindikalaren babesarekin, 1.500 langile batzorde baino gehiago batu dira grebara, hezkuntzan, garraioan eta komunikabideetan erantzun handia izan du eta, batez ere, historiako lehen Greba Feminista Orokorra egin dugu Euskal Herrian». Horixe, gertaera.

Talaia Feministaren arabera, «historikoa» izan zen greba, eta mugimendu feministak zituen helburuak bete zituen. «Zaintza langileen antolaketa sendotu eta zabaldu da eta zaintza langile kontsideratuak ez ziren horiek -amak, emazteak, emakumeak, eta, oro har, lan ordaindugabea egiten dutenak- eskubiderik gabeko langile moduan ulertu eta ikusaraztea lortu da. Sindikalismo feminista eta mugimendu feministaren arteko elkarlanean sakondu da eta negoziaziorako eskakizun oso zehatzak aurkeztu dira interlokutore ekonomiko, politiko eta sozialen aurrean, greba prozesuan adostutako ‘Herri Akordioa’ aurrera eramateko. Horrez gain, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren proposamen politikoa hedatu eta zabaldu da».

Urrats garrantzitsuak eman ziren joan den azaroaren 30eko grebarekin, nahiz eta erresistentziak ere izan ziren. «Erresistentziak hamaika izan dira, bai prozesuan eta baita egunean bertan ere, gizonek ez-zaintzaile eta borrokaren subjektu izatearen pribilegioari uko egin nahi izan ez diotelako askotan; eta baita ere, zaintza bihurtzen ari den negozioari uko egin nahi izan ez diotelako administrazio eta instituzio publiko askok». Trabak traba, mugimendu feminista indartuta atera zen.

Bizitza garestitzea

«Murgilduta gauden prekarizazio eta pobretze prozesuaren testuinguruan, bizitzaren garestitzeak egoera larriagotzen du, emakumeok izanik, besteak beste, kaltetuenak. Arrazoiak ezagutzen ditugu: baliabide material gutxiago daude emakumeen esku; enegarren krisi honi aurre egiteko pisua emakumeen bizkar uzten da; ikusezinak diren eremu pribatuetan, etxeetan, geratzen da krisiari aurre egiteko ardura eta krisiari aurre egiteko hartutako erabaki politiko eta ekonomikoak ez dira berdin iristen emakumeengana». Egungo errealitatea garbi jasotzen du txostenak. Gainera, bizitzaren garestitze prozesua burujabetza feministaren klabean «atzerapauso» gisa irakurtzen du. «Mekanismo sistemikoak zalantzan jartzen ez dituen biziraupen-logika oraindik nagusi den bitartean, badirudi txinparta-sentsazio bat zabaltzen dela eta, horri esker, mobilizazio handiak aurreikus daitezkeela. Hartara, trantsizio feministaren bidean urratsak egiteko beharrezko ikusten da merkatu kapitalisten mendekotasuna haustea eta horretarako desmerkantilizazio eta desfamiliarizazio prozesu bikoitza bultzatzearen aldeko apustua egiten da».

Euskararen kontra

2021etik, bai EAEn eta bai Nafarroan areagotuz joan dira euskara biziberritzea helburu duten politiken kontrako sententziak. Euskararen kontrako oldarraldia harrotuta dabil. Horren aurrean, joan den azaroan 70.000 lagun batu ziren Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Deitzaileen artean, mugimendu feministako hainbat eragile eta kide izan ziren.

Talaiaren txostenak jasotzen duenez, «euskara ikasteko bide eta autobide guztiak ireki behar dira urgenteki: doakoa, unibertsala eta masiboa izan behar du euskalduntzeak. Eta horretarako behar diren plangintzak egin eta baliabide guztiak guztien esku jarri behar dira. Orain artean, Euskal Herrian, euskalduntze politika liberalak egin dira: nagusiki administrazio publikoko langileei lan liberazioak eskainiz euskara doan ikasteko, eta gainontzekoek, merkatuaren legera, ordainduta ikasi behar dute, horretarako aukera badute, bederen. Politika klasista bihurtzen da. Eskubide bat pribilegio bihurtu da, beste behin».

Borroka feministak aingura bat ikusten du euskaran eta lurraldean. «Euskarak herri bat ematen du, lur bat, komunitate bat gainontzeko borroka emantzipatzaileek sustraiak bota ditzaten».

Eraso matxista baten kontrako manifestazioa Gernikan. Aritz LOIOLA | FOKU

Rubiales, Lopez, PPDA

«2023ak hiru izen ezagun izan ditu; hiru erasotzaile ezagun; nahiz eta erasotzaileak ez diren hiru bakarrik izan. Hiru gertaera hauek, ordea, aukera ematen digute gure bizitzak zeharkatzen dituen indarkeria matxistaz hitz egiteko», jaso du txostenak.

Rubialesek Futboleko Munduko Kopan jokalari bati emandako muxu behartuak, Gernikan urte luzez saskibaloi-taldeko entrenatzaile izandako Mario Lopezek egindako sexu-eraso jarraituak eta Ipar Euskal Herrian ezaguna den Patrick Poivre d’Arvor, PPDA gisa ezaguna, kazetari frantses ezagunak egindako erasoek zeresana eman dute 2023an.

«Mugimendu Feministaren lanketari eta gogoetei esker, asko ikasi eta aurreratu dugu indarkeria matxistaren ulerkeran. Izendatu egin ditugu pairatzen ditugun indarkeria guztiak, seinalatu egin ditugu, eta salatu; eta honek izugarrizko garrantzia dauka. Indarkeriaren ulerkera honek politizazio bat ekarri du, marko teoriko berri bat, indarkeria matxista sistemaren muinean kokatzen duena. Jada ez da sekula izanen puntualki gertatzen den zerbait, ez da berriz izanen emakume batzuei gertatzen zaien zerbait, ez da izanen pertzepzio kontu bat», zehaztu du Talaiak.

Abaiaren debekua

«Ipar Euskal Herrian zein Frantziar estatuan, Frantses gobernuak abaia (soinekoa arabieraz) erabiltzearen debekua finkatu eta orokortu zuen 2023 ikasturtean hezkuntza sistema publikoan. Abaia ez da adierazpen erlijiosoa duen jantzia, beduinoen jantzi tradizionala da, esanahi kulturala duena, beraz. Abaia debekatzea musulmanen eta arabiarren estigmatizazioa sortzen duen erabakia da». Gertaera horretatik abiatu du gogoeta Talaiak bere txostenean.

Gaiak ertz dezente dituela onartuta, Talaia Feministaren ustez «abaiaren debekua arrazakeria, diskriminazioa eta estigmatizazioa sortzen dituen politikaren adibidea izaki, emakumeongan inpaktu kaltegarri zuzena du. Alta, bizi dugun mundu globalizatu honetan gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere beren kultura eta identitate erlijiosoa modu publikoan bizi nahiko luketen komunitateak. Honek gogoeta eskatzen digu, jendartean, instituzioetan eta feminismoan bertan».

Sistemikoa

2022. urtean lehen urratsak egin zituenetik, Talaiak garbi izan du euskal feminismoak sistemikoa den estrategia bat eskaini behar duela. Bertako partaide den Kizkitza Gil De San Vicenteren hitzetan, «sistemikoa den zapalkuntza bati sistemikoa den erantzuna eskaini behar zaio. Esparru kulturaletik, sozialetik, politikotik, instituzionaletik, komunikabideetatik... Sistemikoa den estrategia bat eskaintzeko eragiletza feminista transbertsala behar da, jendarte esparru guztietan emango dena. Talaiak horri erantzuten dio».

Hori da, beraz, Talaia Feminista, urrutira begiratu eta ortzi-mugan euskal estatu feminista bat imajinatzen duen begirada kolektiboa.