Juantxo EGAÑA

Euskal Herriko haur erbesteratuak Cadaujac-eko harrera gunean

(PHILIPPE GAUSSOT)

Euskal Herrian 1936ko gerra hasi zenean eta, ondorioz, milaka euskal herritar Europako hainbat lekutara erbesteratu zirenean, laguntza humanitarioa emateko hainbat ekimen sortu ziren. Horren adibide bat Estatu frantsesa izan zen, “Euskal haurrei laguntzeko batzorde nazional katolikoa” eratu baitzen. Batzorde honek hainbat harrera gune sortu zituen euskal haurrentzat. Lehenengoetako bat Bordeletik gertu dagoen Cadaujac herrikoa izan zen. Bertan, Philippe Gaussot argazkilariak, komite honen kolaboratzaileak, euskal haur erbesteratuak erretratatu zituen. Bere argazkiek haur hauen eguneroko bizitza erakusten dute, jantokietan, ikasten edo frontoian pilotan jolasten, besteak beste, nahiz eta argazki hauek gerraren giza drama, ihesa, erbestea, familien sakabanaketa eta gerrak utzitako umezurtzen harrera ere islatzen duten. Argazki horietako batzuetan, ikurrina ikus daiteke, haur horiek erabiltzen dituzten espazioetako leku esanguratsuetan kokatuta. Erbesteratutako haur euskaldun hauek agertzen diren argazkiak Cadaujacen atera ziren 1937an. Gaur egun, La Jonqueran dagoen Museu Memorial de l 'Exili-n Philippe Gaussoten erakusketa bat bisitatu daiteke. Erakusketa horretan, euskal erbestearen argazkiak eta erbestealdi errepublikanoko beste argazki batzuk ikus daitezke.