Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Txerreroa

Sardinak eta Mielotxinak erre ditugun honetan, erregosi zaizkigu barrenak. Etbk Tolosako inauteriak karnabal nazional izendatu ditu aurten ere, eta zakozaharrek bete dituzte Lesakako karrikak ilunabar-arratsean.

Erre ditugu txarkeriak atzean uzteko asmoz, urte zaharra akabatzearekin helburu berrien zerrendak egiten ditugun bezalaxe. Suak garbitu egiten gaitu, ernaberritu. Nahi zenuke tabakoa birsortzaile izatea, baina sua izanik ere, zerrendan sartu zenuen urtarrilean.

Joaldunek astindu dituzte joareak ama-lurra esnatzeko, momotxorroek egurrezko sardeekin lurra kolpatu dute neguko lozorrotik esna dadin. Gure parajean ez da lozorrorik egon, astebeteko negua izan dugu, hemezortzi gradu maiz, hego haizea. San Juan loreak ikusi nituen aurreko astean.

Ama lurra iratzarri. Batzuei zoru pelbikoa ernatu zaigu inauterietan, ezagutzen ez ditugun kantuak dantzatuz. Jendarteak dituen arau formalak galtzen omen dira egun hauetan, omen. Nahi ditugu gure buruak mozorrotuta, baina polit.

Merke-zurreko adarrak jantzi nituen buruan, goma-aparrezkoak, beltzez jantzi, begiak belztu eta ingurua ilundu. Ezpainak gorri. Lepodun kapa. Zortzi eurotan Maleficent. Bigarren ardo zurian, lagun batek aurpegiratu zidan ez duela balio, eder nengoela. Kokoteraino zegoela, hurrengo urtean berak ere bere burua edertuko duela. Badirela kuadrillak ederrez mozorrotzen direnak: Greziako ederrak, Egiptoko ederrak, 50eko hamarkadako ederrak, 60ko hamarkadako ederrak… hori ez dela inauteria.

Kritika, satira… edo poteatzea, besterik gabe. Ordena aldatzea, subertsiboa izatea… edo lagunekin karetak jantzita ongi pasatzen saiatzea, soilik. Tonu kabernikola batean Loroloroloro… kantatzea telebista kameraren aurrean. Herrira inauterien esentzia paganoa usaintzera etorri direnen furgoneta astintzea lo dauden bitartean… Dena da inauteri, otsailean egiten bada.

Aldatzen dira hierarkiak? Onartzen dira bestela onartuko ez liratekeenak? Edo ez da kanbiatzen ezer?

28 urteko gizonezko bat atxilotu dute Tolosan igande gauez, bi emakumeri egin die eraso; horietako bat adinez txikikoa, labana batekin mehatxuak. 37 urteko gizonezko batek eraso egin dio adin txikiko emakume bati Ibarran. Bi sexu eraso salatu dituzte Azpeitiko elegante egunean, gizon bat atxilotuta dute. Tolosako zezen plazan protesta ekitaldi bateratua egin da. Txarangek zezentokiari buelta eman ostean, Asanblada Feministako kideek, udal ordezkariek eta inauterietako hainbat eragilek beste itzuli bat eman diote plazari Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde eta Indarkeria matxistari aurre egin lelopean. Azpeitian bertan behera utzi dituzte karnabalak, ez gaude festetarako. Erasoen aurrean nola erantzun beharko genukeen, adostasunik ez. Transmititzen dena oso bestelakoa da bi kasuetan.

Hainbat liskar izan dira Tolosan, Tolosan ere bai. Horietako batean Ertzaintzak Foam jaurtigaiak erabili ditu, eta gazte bat larri zauritu du begian, hamasei urte ditu. Hamasei urte eta malko-guruina apurtuta, ez dezagun negarrik egin esku-hartze profesional eta kirurgiko honen aitzinean. Iñigo Cabacasen hilketa oroitu dugu berriz. Ertzainak ertzainaz disfrazatuta.

Arrautze, arrautze, zingar arrautze, bat ez bada bertze. Zakua dauku ariñe, Matxin santuek egiñe, hau betetako leku on batera aillegatuko bagiñe. Inauteri ondoan, Garizuma. •