Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
MIGRAZIO-POLITIKEN GIZA KOSTUA

Europa ez da segurua; «heriotza eta babesgabetasuna» baino ez dakar

Mugarik Gabeko Medikuak txosten bat argitaratu du, Europako politikek beren mugetan eragindako krisiaren ondorio latzak zehaztuz. 7.900 kontsulta mediko eta 2023ko 8.400 pertsonen itsasoko erreskateak oinarri hartuta, EBren eta estatuen politikek baimendutako indarkeriazko taktikak izugarri bizkortu direla salatu du.

Migratzaileak Bruselan lo egiten duten gela handietako bat.
Migratzaileak Bruselan lo egiten duten gela handietako bat. (Pierre FROMENTIN | MSF)

Azken urteotan, Europan, bere mugetan eta mugetatik kanpo, jatorri politikoko krisi bat piztu da, eta horrek heriotzak, etsipena eta babesgabetasuna areagotu ditu Europako Batasunean (EB) segurtasuna eta babesa bilatzen saiatzen diren pertsonen artean. Europan eta Europatik kanpo, Mugarik Gabeko Medikuen taldeek migrazio-politiken «ondorio suntsitzaileak» aztertu dituzte, eta "Heriotza, etsipena eta babesgabetasuna: EBko migrazio-politiken giza kostua" txostenean islatu. Ondorio nagusia esanguratsua da: EBko politiken bidez indarkeria normalizatzen ari da disuasio-modu gisa, segurtasun bila mugitzen diren pertsonek babesa izan ez dezaten.

Txosten honek erakundeak Europako eta Afrikako 12 herrialdetan eta erdialdeko Mediterraneoan egindako operazio sanitario-humanitarioen emaitzak islatzen ditu; zehazki, medikuen eta pazienteen lehen eskuko testigantzak jasotzen ditu, larrialdiko 7.900 kontsulta mediko baino gehiagoren eta 2023ko 8.400 pertsonen itsasoko erreskateen ondoren. Halaber, Libiako, Balkanetako, Poloniako, Greziako eta Italiako egoera aztertzen du, «politika eta praktika gero eta kaltegarriagoetako laborategi» bihurtu baitira.

2015eko "migrazio-krisia" deritzonetik, Mugarik Gabeko Medikuak sistematikoki eskatu die EBri eta haren estatu kideei beren erantzukizuna har dezatela migratzaileen laguntza- eta babes-premia larriei erantzuteko orduan. Hala ere, hobetu beharrean, salatu du «errefuxiatuen eta migratzaileen aurkako indarkeriaren normalizazioa errotu» dela, eta EBko erakundeek inbertsio handiak egin dituztela hirugarren herrialdeetan, hala nola Nigerren eta Libian, non migratzaileen bidea blokeatzen duten edo jatorrizko herrialdeetara itzultzen dituzten, tratu txarrei aurre egin eta gero.

Harrapatuta

Ondorio nagusietako bat da migratzaile asko erabat harrapatuta daudela. Horren adibide da Libiako kostazainen zeregina; izan ere, EBk finantzatuta, itsasoan dauden pertsonak hartu eta Libiako atxilotze-zentroetan giltzaperatzen dituzte. Erakundeko taldeek zentro horietako batzuetan lan egin dute, 2016tik 2023ra. Bertan, «bizi-baldintza negargarriak» dokumentatu zituzten, gaixotasun kutsakorrak erraz zabaltzeko aukera ematen dutenak. Gainera, erakundeak ohartarazi du pazienteek salatu egiten dituztela jipoiak, gizakien salerosketa, sexu-erasoak eta tortura.

Nigerren, Serbian eta Tunisian EBtik kanpoko indarkeriaren antzeko ereduak jasotzen ditu erakundeak, bai eta migratzaileen eta errefuxiatuen oinarrizko osasun-laguntza eta segurtasuna ukatzeko ereduak ere. «Hala ere, indarkeria hori EBko mugen barruan ere argi eta ondo dokumentatuta dago», Mugarik Gabeko Medikuen esanetan, eta Polonia, Grezia, Bulgaria eta Hungariako adibideak aipatzen ditu.

Blokeatuta

EBko mugak zeharkatzen dituzten pertsonak «deshidratazioak, hipotermiak eta zauriek» jota hiltzen ari dira, salbu jartzen saiatzean edo berotan egindako itzultze bortitzetatik ihes egitean. Beste batzuk Mediterraneo eta Egeo itsasoetan itotzen dira, laguntza, bilaketa eta salbamendu faltagatik eta kostazainen praktika arriskutsuengatik. Baina beste batzuk erabat blokeatuta geratzen dira. Erakundeak Europan dauden 2.000 kilometro baino gehiagoko mugako hesiak eta hormak salatzen ditu, «jendea EBtik kanpo mantentzeko diseinatutakoak, askotan arantzazko alanbrearekin koroatuak eta droneekin indartuak».

Errefuxiatuak mendebaldera bidean negu betean. (Pierre FROMENTIN / MSF)

Horren adibide dira Polonia-Bielorrusiako eta Serbia-Hungariako mugak. Arkitektura hori osatzeko, «legea betearazteko» ardura duten hainbat segurtasun-indar daude. Segurtasun bila dabiltzanen aurkako errepresio bortitzek, tratu apalesgarria barne, lesio fisikoak eta trauma-osteko estres-nahasmenduak eragin dituzte, erakundearen arabera.

Poloniako mugan, zehazki, Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute pazienteen ia %40k mugako harresiaren azpiegiturak eragindako lesioak zituztela. Grezia, Bulgaria, Hungaria eta Poloniako mugetan, indarkeriak eragindako zauriak eta kalteak tratatu zituzten. Gainera, 2023an, 12 hondoratzetatik bizirik atera zirenak artatu zituzten, baina orotara Italiako eta Greziako kostaldean 875 hildako edo desagertu dokumentatu ziren.

Atxilotuak

EBra igarotzea lortzen duten pertsonek beren osasuna eta ongizatea murrizten dituzten neurriei egin behar diete aurre. Hala ere, babes bila dabiltzanek indarkeria pairatu dute Europara iritsi aurretik ere. Palermon, 2023ko urtarriletik abuztura bitartean, Mugarik Gabeko Medikuak artatutako 57 pazienteen artean, %61ek Libian torturatu zituztela adierazi zuten, eta %58k tratu txarrak jasan zituztela atxiloketa-zentro batean.

Zehazki, Mugarik Gabeko Medikuak espetxe-egituren dinamikak salatu ditu, hala nola EBk Grezian finantzatutako sarbide kontrolatuko zentro itxienak. Horiek bertan bizi diren pertsonen osasuna txikitu dute. «Trauma osteko estresak eta antsietateak eragindako depresioak ohikoak dira pazienteen artean, baita haurren artean ere, eta bizitza- eta higiene-baldintza kaskarrek eragindako larruazaleko afekzio kutsakorrak, berriz, ugaritu egin dira», salatu dute..

Identifikazio- eta harrera-zentro horietan -hotspots izenez ezagutzen direnak-, mugako prozedurek ziurgabetasuna eta larritasuna sortzen dute, eta babesak desegiteak eta laguntzeak, berriz, zaintzarik, babesik eta bizi-laguntzarik gabe uzten ditu migratzaileak.

Ukatutako segurtasuna

Lurrez EBrako sarrera blokeatzeaz gain, estatu kideek itsasoan arriskuan dauden pertsonei laguntza emateko duten betebeharrari ere muzin egin diotela salatu du erakundeak. «EBtik kanpoko kostazainen salbamendu-erantzukizunak kanporatzeak eta Mediterraneoan bilaketa- eta salbamendu-ahalmenak bertan behera uzteak ia eguneroko tragedia bihurtu dituzte hondoratzeak eta saihestu daitezkeen heriotzak Mediterraneo erdialdean», adierazi dute.

2021eko azaroan, bizirik atera ziren 99 pertsona erreskatatu zituen Geo Barentsek, Libiako kostaldetik 30 milia ingurura. (Virginie NGUYEN HOANG / COLLECTIF HUMA)

Bien bitartean, Europako kostaldera iristea lortzen dutenek «disuasio-politikekin egiten dute topo, eta horrek ez die uzten sendatzen, finkatzen eta duintasunez bizitzen». Izan ere, asiloa eta horri lotutako eskubideak ukatzen zaizkien pertsonek kalean edo etxe okupatuetan bizi behar izaten dute. Belgikan eta Holandan, Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute «harrerarekin lotutako zerbitzuetatik kanpo geratu diren pertsonen osasuna okertu egin dela».

Gainera, erakundearen psikologiako langileek jakinarazi dute kalean bizi diren pertsonen osasun mentala nabarmen okertu dela, nahasmendu psikotikoa, trauma-osteko estresaren nahasmendua eta depresioa diagnostiko nagusitzat hartuta.

«Haurrak, gainera, estatuaren abandonuaren eta bazterketaren helburu dira. Frantzian, inoren kargura ez dauden ehunka adingabe daude, estatuko zerbitzuetatik, arretatik eta babesetik kanpo», salatu du erakundeak.

Migrazio ituna

Txostenean jasotako froga horiekin guztiekin, Mugarik Gabeko Medikuak erakusten du indarkeriak EBn nazio eta eskualde mailan aurkeztutako proposamenak markatzen jarraitzen duela. «EBko Migrazio eta Asilo Itunean aurkeztutako egungo erreformek indarkeria-sare bat jasotzen dute, segurtasuna bilatzen dutenak uxatu nahi dituena», zehazten du.

Hain zuzen ere, Europako Batasuneko Kontseiluak (EB), Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak abenduaren 20an adostu zuten itun hori, hiru urteko negoziazioen ondoren. Akordioa funtsezko bost erregelamenduk osatzen dute, zeinak EBra modu irregularrean iritsi nahi duten pertsonen sarbidea gogortzen duten, eta «elkartasun malguko mekanismo berri» bat ezartzen du akordioak, herrialdeei aukera ematen diena migratzaileen harrera saihesteko, konpentsazio ekonomiko baten truke.

Familiak Poloniako mugan (Maciej MOSKWA )

Erakundearen ustez, Europan segurtasuna bilatzen duten pertsonei harrera-baldintza duinak bermatu beharrean, Itunak atxiloketa de facto instituzionalizatzea eta pertsonek asiloa eskatzeko duten eskubidea ahultzea baino ez du egiten. Izan ere, adierazten dute Itunak ez duela indarkeria geldiaraziko segurtasunik gabeko herrialdeetan mugen kudeaketa kanporatuz; ez ditu amaituko mugetako itzulketak, ez eta espetxeetako antzeko baldintzetan dauden pertsonen atxilotzeak ere; ez die helduko harrera-baldintza seguru eta duinei, ez eta asiloa eskatzeko espazioari ere; ez du babestuko biziak salbatuko dituen laguntza humanitario independentea izateko eskubidea.

Indarkeriaren etengabeko normalizazio horren aurrean, erakundeak adierazi du ez duela gomendio politikorik edo konponbide azkar eta sinplerik proposatzeko. Aitzitik, honako hau adierazi du: «EBk lehenbailehen aurre egin behar die indarkeria horren oinarrian dauden arazoei, hala nola deshumanizazioari, europarrak ez diren herrialdeetako errefuxiatuen eta migratzaileen aurkako arrazakeriari eta segurtasuna blindatzean soilik oinarritutako ikuspegiari». Horrek, adierazi duenez, «premiazko eta funtsezko norabide aldaketa eskatzen du, EBko mugetan babesa bilatzen ari diren pertsonen artean denbora luzeegian zentzurik gabeko heriotzak, lesioak eta epe luzerako traumak eragin dituzten azpiko kausei helduko dieten konponbide esanguratsuekin batera».