Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Gazako su-etenaren zain, Europa gerrarako prestatzen

Gazako «hondamendi humanitarioa» ez da berez gertatu, horretaz konturatu da halako batean AEBetako presidenteorde Kamala Harris, eta berehalako su-etena eskatu du asteon. Zer esango ote du bere Gobernuak NBEko Segurtasun Kontseiluan behin eta berriz su-eten proposamenei betoa jarri diela jakindakoan? Azken betoa AEBetako enbaxadore laguntzaileak azaldu zuen NBEko Asanblada Orokorrean: «Horrelako ebazpen batek arriskuan jarriko zituzkeen negoziazio-esfortzu handiak».

Ez dakit ramadanaren hasieraren bezperako zapatu honetan Gazan su-etenik dagoen. Hartarako «oinarrizko puntuak» adostuta omen zeuden duela astebete baino gehiago, baina egunean baino egunean desadostasun gehiago agertuz joan ziren, Israelek negoziazioa utzi zuen eta lerro hauek idazterakoan zalantza handia zegoen ramadana baino lehen Israelen bonbardaketak gelditzerik izango ote zen.

AEBetako administrazioek arazoren bat daukate, nonbait, genozidioari genozidio esateko. 1994an Ruandan izan zen sarraski ikaragarria genozidiotzat jo zuen NBEk, eta Bill Clintonen Gobernuak «genozidio ekintzak» aipatu zituen. Genozidio izateko zenbat genozidio ekintza behar ziren galdetu zioten. Ia milioi bat edo batek daki zenbat pertsona hil ziren. Europako zenbait herrialderen eta AEBen erantzukizun nabarmena gaur egun nabarmenagoa da.

Wodrow Wilson AEBetako inoizko presidenterik onena izan zela uste dute askok. Clinton eta Joe Biden bezala Alderdi Demokratakoak, munduan demokrazia zabaltzea izan zuen ardura nagusia. Demokrazia, herrien autodeterminazio eskubidea barne, eta kapitalismoa, bateragarriak balira bezala. Wilson supremazista ere bazen, inor ez da perfektua. Errua ez zen berea, ordea; Virginiakoa baitzen eta, eskorpioiak igelari heltzeko tentazioari ezin eutsi zion bezala, bere izaera arrazista (eta antisemita) nabariarazi zuen bere agintaldian. D. W. Griffith-en “The Birth of a Nation” filmak erreferentzia egiten dio Wilsonen esaldi bati, zeinak Ku Klux Klan erakundea goresten duen.

Wilson izan zen Nazioen Elkartearen bultzatzaile nagusia. Lehen Mundu Gerra edo Gerra Handia esan zitzaionaren ostean sortua, nazioarteko elkarte hark ez zuen beste gerra handi(ago) bat eragozteko balio izan, horregatik sortu zuten, bigarrenaren ondoren, Nazio Batuen Erakundea. Eragotziko ote du NBEk hirugarrena? Edo laugarrenik izan ez dadin beste nazioarteko erakunde bat sortu beharko ote da, laugarrena izateko aukerarik baldin badago?

Ursula Von der Leyenek dio Europak gerrarako prestatu behar duela. Arma ekoizpena eta erosketa bateratzea erabaki du Europako Batzordeak. Ez dakit Gazan su-etenik dagoen gaur, baina «dagoeneko», “El País” egunkariaren arabera, Europa gerrarako prestatzen ari da. Lehengoan Emmanuel Macronek proposatu zuen Ukrainara tropak eramatea. Baina Errusia da mehatxua. Eta Israel? Ez da gauza bera, esango digute, gauzak konplexuak dira, zer eta noiz den gauza bera eta zer eta noiz ez den xedatzen duen diskurtsoa baliatuta. Gu ez gara ulertzeko gai eta esan behar digute noiz prestatu behar dugun gerrarako, baina ez zergatik, oso gai konplexua delako, hain zuzen. •