Xabier Mikel ERREKONDO

Putak

Putak, genero eta orientazio orotakoak. Prostituzioa abolitzeko lege proposamena laster aurkeztuko du PSOEk Madrilgo Parlamentuan.

Espainian negozio itzela da prostituzioarena, behinik proxeneta eta nagusientzat, ez hola sexu-langileentzat. Sentitzen dut informazio nahikorik ez dugula gaiaren hegi guziak ezagutu eta iritzi zehatz eta jantzirik izateko. Ea Kongresura eramango den iniziatibak eztabaida zabal eta sakona irekitzen duen, ohiko jokabidea baitugu alde bati edo besteari soilik helduz eraikitzea ikuspuntua. Prostituzioa abolitzearen alde egotea jarrera errazena delakoan nago, “tabla rasa” egitea bezala. Salaketa nagusia sexu-langileen esplotazioa bada, genero eta orientazio bateko zein besteko, ez ote legoke aukerarik jarduera beren borondatez burutzeko prest leudekeenen osasuna, segurtasuna eta langile-eskubideak arautuz eta bermatuz prostituzioa lanbide duin gisa proposatzeko?

Ezin bada ezin da. Baina irudipena daukat jardueraren egoera iraingarria eta marjinala baliatuz “lakra” bat bailitzan, kosta ahala kosta, gizartetik errotik erauzi behar dela. Eta, berriro diot, ez da nahikoa informazio zabaltzen; falta ditugu bortxaz behartuak, irainduak, esplotatuak, bahituak eta borondatez ari direnen zenbatekoak.

Errazena guztia abolitzea da, zailena disekzioa egin, zati ustel guziak ezabatu eta baleko parteekin lanbide duin bat eraikitzea da. Posible ote da prostituzio duinik? Pentsaezina ote da sexuaz jantzi ahal izatea, naturaltasunez, duintasunean oinarritutako prostituzioaren unibertsitate praktikoan? Sexuaz gehienok esperientzia eta ibilbide partikular trakets eta ez hain traketsetatik ikasi badugu ere, unibertsitate praktikoa osagarria izango litzateke. Marka da baina, sexuaz janzteko, biluztu beharra dago, gorputzez eta buruz. •