Euskal kantagintzak odolari abestu dizkionak
Tragedia, heriotza, gerra, odola. Euskal kantugintzan gai konstanteak izan dira mendez mende, tripak mugitzen dituzten gertaerek sorkuntza piztu ohi dutelako. Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak “Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia” emanaldia osatu dute.
Zein da euskal poemagintzan, kantugintzan, baladagintzan... landu den gairik nagusiena? Segur aski jende gehienak maitasuna esango luke, edo desamodioa. Seguruenik ia inork ez luke esango heriotza, odola edo indarkeria. Baina euskal literaturan -ahozkoan zein idatzian-, odol eta indarkeria dezente topa daiteke. Tesi horretatik abiatuta osatu dute Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak “Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia” emanaldia. Ordubeteko emanaldian «tragediez, heriotzez, hilketez, bortxakeriaz, gerrez eta odolez zipriztindutako» abestien hautaketa egin dute, mendez mende kantatuta iritsi zaizkigun istorio odoltsuen aukeraketa.
«Indarkeriak erakarri egiten gaitu, odolak eta besteen sufrimenduak badauka erakartzen gaituen zerbait. Pelikula eta telesailetan sumatzen da hori. Eta garai batean norbait urkatu behar zutenean, zergatik biltzen zen plazara hainbeste jende? Odolak badauka jendea erakartzen duen zerbait, eta hori transmititu da poesia, bertso, balada eta horrelakoen bitartez», azaldu du Elorriagak.
Tesi horretatik abiatuta eta garai desberdinak aztertuta, bilketa lan bat egin du Elorriagak. «Emanaldiak bi parte dituela esango nuke. Batetik, errepaso historikoa egiten dut, ezagutzen diren lehen sorkuntzetatik -balada edo erromantzeak- hasita. Erdi Aroan eta XVI-XVII. mendeetan kantatzen ziren horiek. Baladagintzari begiratuta -asko ez dira gorde-, gehienak indarkeriazkoak eta oso bortitzak dira. Gero, XVIII-XIX. mendera pasatzen gara, gerra karlistak gertatzen dira hor. XX. mendean gerra zibila eta bi mundu gerrak, gerraosteko sasoia eta gaur egunera arte. Errepaso historiko bat egiten dut, garaian garaikoa begiratuz; lehenengo, baladak, eta XIX. mendean bertsoak dira gehienak. Karlistaldietan bertso asko kantatu ziren, herriak sortuak eta gehienak anonimoak. XX. mendean, bertsoak eta poesiak».
Emanaldiaren bigarren haria berezia da oso: “Muñagorriren bertsoak”. Karlistaldietako bertsoak dira, gerora euskal kantari askok abestuak, Benito Lertxundik kasu. Bereziak dira bertsoak, gerra karlistetan sortuak diren arren, berez bake bertsoak direlako, bakearen aldeko aldarriak. «Beti erakarri naute asko bertso horiek. Orain arte ez da jakin zein den bertso horien egilea, eta emanaldian zehar egile hori deskubritzen joaten gara. Hasieran “Muñagorriren bertsoak” kantatzen ditugu eta amaieran esaten dugu nor izan zen egilea; gaur egun mundu mailan ospetsua den pertsona baten arbasoa», kontatu du Elorriagak. Izenik ez du eman, spoilerrik ez egiteko.
«Muñagorri politikaria eta enpresa gizona zen. ‘Bakea eta foruak’ izeneko aldarrikapen bat egin nahi izan zuen. Berak gerra etetea nahi zuen, enpresarientzat ez baitzen ona gerran egotea. Baina, aldi berean, foruak errespetatzea nahi zuen. Hori zegoen jokoan gerra karlistetan. Ideia hori proklamatu eta zabaldu nahi zuen, eta horretarako, enkargua egin zion bertsolari bati, ‘Bakea eta foruak’ ideia horri bertso batzuk paratzeko. Propaganda moduan eginarazi zituen bertso horiek, eta Euskal Herrian zabaldu zituen, jendeak ideia horiek barneratzeko. Polita da, gerra sasoian sortutako bake bertso batzuk direlako».
Indarkeriak erakarri egiten gaitu eta badugu indarkeria hori kontatzeko eta kantatzeko joera, bestela duela bost mendeko baladek kontatzen dituzten istorioak ez ziren egunotaraino iritsiko. Herriak bere memorian jaso dituelako iritsi dira. «Azken batean, literaturak gure tripak mugitu behar ditu, hori da nire ustez literatura onaren eta handiaren ezaugarria. Tripak mugitzen dizkigunean, badakigu hor literatura ona dagoela. Odolak eta heriotza bortitzak mugitu egiten gaitu, tripak aldrebestu egiten dizkigu eta miresmen edo harridura bat sortzen du. Guk sekula egingo ez genukeena ikusteak ulertu nahi bat sortzen du. Batzuetan maitasun poema eder batek mugitzen dizkigu sentimenduak; beste batzuetan istorio zoragarri batek edo laguntasun istorio eder batek; eta bortizkeriak ere mugitzen dizkigu barrukoak. Argi dago horrek badaukala indar bat, eta horregatik tratatu dute artista guztiek, heriotzaren gaia tratatu duten moduan. Augusto Monterrosok esaten zuen munduan hiru gai baino ez daudela: Maitasuna, heriotza eta euliak. Txiste modura esaten zuen, berak euliei buruzko testu bat idatzi zuelako. Modu horretara nabarmendu nahi zuen mugitzen gaituzten bi gai bakarrik daudela munduan: maitasuna eta heriotza. Gero azpigaiak daude horien barruan, baina gai nagusiak horiek direla esaten zuen. Eta nik heriotza tratatu dut emanaldi honetan, heriotza bortitza, batez ere gerran gertatutakoa».
Bortizkeriaz jabetu gabe
Batzuetan, memorian jasota ditugun bertsoen edo kantuen bortizkeriaz ez gara jabetu ere egiten. «Nik txikitatik dakit kantu bat, amamak kantatzen zuen, gero amak niri eta nik askotan kantatu izan dut. Gero, Joseba Tapiaren disko bati esker, jakin nuen Karlistaldietako abesti bat zela. Amama 1895ean jaio zen, Karlistaldiak amaitu eta hogei urte eskasera. Beraz, normala da amamak kantu hori ezagutzea. Nik txikitatik abestu dut Karlistaldietako kantu bat zela jakin gabe».
Tapiak kantatzen du; «Eta tira eta tunba eta tira baltzari». «Guk beste era batera kantatzen genuen, ‘eta tiro eta tiro eta tiro baltzari’. Baltzak sasoi hartako bando batekoak ziren, eta guk pentsatzen genuen pertsona beltz bati buruz ari zela. Baina baltzak isabelinoak ziren sasoi horretan, eta kantua horri buruz ari da. Bitxia da nola heldu den guganaino kantu bat, ez genekiena gerra kantu bat zenik. Denborarekin jakin dut zer esan nahi zuen».
Abestiek badute gaitasun bat pertsonaren barruan eta memorian pausatzeko. «Zirrara eragiten dizuna errazago iristen zaizu barrura, errazago ikasten da eta memorian geratu. Edertasunarekin ere berdin geratzen da, hunkitzen zaituen edertasuna barruan geratzen zaizu».
Amak erraina puñalez akabatu zuenekoa
Balada bortitzetan askotarikoak dira protagonistak. Bada balada oso gogor bat bi emakumeren ingurukoa. Kontatzen du nola etorri zen semea Frantziatik, aspaldi etorri gabea, eta bisita horretan amak jakin zuen emakume frantses batekin ezkondu zela. Amak ez omen zuen frantsesik nahi etxean, ez zuen Frantziatik etorritako errainik nahi, eta hiltzeko agindu zuen. Azkenean, amaginarrebak berak puñal zorrotz bat sartu zion bihotzaren erditik. Hildakoak amaginarrebari, mendeku moduan, madarikazioa bota zion; «ai ene amaginarreba, muskerrez betea, sugeak egingo al dizu arratserako ohea».
Elorriagak zehaztu duenez, oso balada gutxi daude euskaraz. «Gehienak galdu egin dira eta gelditu direnak oso odoltsuak dira. Hau bera beste hizkuntza batzuetan ere badago; gaztelaniaz, frantsesez... Euskarazko bertsioan amaginarrebak puñala sartzen dio bihotzaren erdian. Baina Espainiako bertsioa gogorragoa da; haurdun omen dago neska, amaginarrebak ez du maite, ez du bere jauregia jaioko den ume horren esku utzi nahi. Haurdun dagoela, emakumea zaldi zuri baten gainean jartzen du eta bere etxera bidaltzen du. Irudi oso gogor bat dago: zaldi zuri horren hanka guztiak odolez gorrituta agertzen dira emakumeak hor bertan galtzen duelako haurra».
Balada eta erromantzeen kasuan, mundu osoan istorio paretsuak hizkuntza desberdinetan eta aldaera desberdinekin iritsi dira gaur arte. «Balada eta erromantzeek euskal aldaera desberdinak dituzte, era desberdinetan iritsi dira istorioak toki desberdinetara. Baina, gero, mundu osoan gai berberaren inguruan hamaika bertsio daude; gai eta gertaera berbera mila modutan kontatua, eta hizkuntza desberdinetan. Gure irakasle batek esaten zuen asko eta asko izan zirela Donejakue Bidean batetik bestera zebiltzanek kontatuak. Europa osoa zeharkatzen zuen jendeak, eta bideetan kontatu eta kantatzen ziren erromantzeak eta baladak. Batzuek itzuli egiten zituzten, eta horregatik iritsi dira gertaera horiek toki desberdinetara eta desberdin kontatuta. Akaso gertaera hori ez zen Euskal Herrian gertatu, akaso Alemanian edo Frantzian gertatu zen, baina itzulpena egiten zutenean bertako kutsua ematen zioten, bertan gertatu izan balitz bezala. Ez dakigu zergatik den, baina egia da Europa osoan balada beraren bertsio desberdinak daudela. Emanaldian agertzen den balada bat, adibidez, gutxienez ingelesez, portugesez, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz topatu dut. Eta seguru beste hizkuntzaren batean ere badagoela. Gauza berbera kontatzen du, oso bitxia da». Garai bateko sare sozialen pare zen Donejakue Bidea, beraz. «Ipuinekin ere gertatzen da. Tartaloren ipuina, adibidez, ‘Odisea’-n agertzen den ziklopearen istorio berbera da. Nola heldu da Tartaloren istorioa guganaino? Bada, seguruenik bidaiariak egongo dira tartean. Batzuek esaten dute Donejakue Bidea, beste batzuek lehenagoko bidaiak... Hor bada zerbait, garai batean ere sare sozialak existitzen ziren seinale».
Hamalau heriotzena, lehen pertsonan
“Hamalau heriotzena” bertso sorta ere oso ezaguna da -Xabier Letek abestua, beste batzuen artean-. Bertan kontatzen da nola 1825ean Etxebarriako Altzibar baserrian familia bereko hiru kide hil zituen mendaroar batek, senar-emazteak eta haien alaba. Emaztea ez zen berehalakoan hil, eta hilzorian zegoela, inguruko baserrietakoei kontatu zien zeinek egin zien eraso. Handik gutxira, atxilotu eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Kartzelan heriotza zigorraren zain zegoela, bertsolari bati enkargatu omen zion bere ibilera odoltsuaren berri emateko bertso-sorta bat idazteko.
Sortak badu berezitasun bat, lehen pertsonan idatzia dago. «Hori bertsolariek askotan egiten zuten, Txirritak ere baditu lehen pertsonan idatzitako sortak. Badakigu, lehen pertsonan kontatuak izan arren, ez zirela berari gertatuak, indar gehiago emateko egiten zuen. Horrelako gertaera bortitzak lehen pertsonan kontatzerakoan, entzulea gehiago harrapatzea lortzen da. Indarra eta sinesgarritasuna emateko erabiltzen den teknika da».
Isabelatxu abesti tradizionala, Hiru Trukuk hain elegante musikatu zuena, izango da seguruenik emanaldiko unerik gogorrena. Zenbatetan abestu ote dugun abesti eder hori, kontatzen duen istorioaren gogortasunarekin konturatu gabe. Honela dio abestiaren pasarte batek, «Emon zioten saflea eta sartu zeuen biotzean/ ordu atantxe ilotzitu zen linde damatxu gaztea». «Ene mutilak, lagunek onak. Zer eingo'tsegu oneri?/ Intzentzoagaz intzentzatu te erainotzagaz lurrundu. Linde damia zazpi astian geurekin erabil daigun». «Ene mutilek, lagunek onak zeringo'tsegu oneri? Emon deiogun zazpine mosu ta bota deiogun ureri/ Emon zioten zazpine mosu eta bota zioten ureri».
«Bertan kontatzen dena oso gogorra da. Esaten da nola bahitzen duten Isabelatxu ontzi bateko marinelek, bortxatzeko. Neskak, hori jakiten duenean, bere buruaz beste egiten du, eta hala ere, marinelek ‘erabiltzen’ jarraitzen dute, hilda egon arren».
Indarkeria matxistaren adibide gogorra da. «Balada zaharra da, Arratia aldean jasoa, uste dut. Antzeko istorioak leku askotan kontatzen eta kantatzen dira, nola marinelek emakumeak bahitzen zituzten ontzian haiekin eramateko eta bortxatzeko. Leku batzuetan kontatzen da marinelek komentuetan mojak bahitzen zituztela. Pentsatzekoa da gertaera ohiko bat zela, eta kantu hori portuetan bizi ziren emakume gazteei abisua emateko egingo zela. ‘Kontuz ibili, hau gertatzen da eta ez fidatu horrelako kontuekin’».
“Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia” emanaldian abestiak, hausnarketak, azalpenak eskaintzen dituzte Elorriagak eta Aurrekoetxeak. Bigarren horrek hamaika musika tresnarekin janzten du saioa. «Dramak kontatzen ditugu, baina umoretik ere badauka emanaldiak. Ordubetean gauza asko gertatzen dira», azaldu du Elorriagak.