Dabid LAZKANOITURBURU
SOMALILANDIA

Etiopiak itsasorako sarbide bat lortu du eskualdearen independentzia onartzearen trukean

Etiopiak Afrikako Adarrean eta haratago hautsak harrotu ditu, Somalilandia Somaliatik alde egin zuen eskualdearekin Itsas Gorrirako sarbidea adostu ondoren. Trukean, Adis Abeba eskualdearen subiranotasuna onartzeko prest omen dago. Muqdishok hori ekiditeko behar diren neurriak hartuko dituela iragarri du, eta babesa eskatu dio Afrikako Batasunari.

Etiopiako lehen ministroa, Abiy Ahmed.
Etiopiako lehen ministroa, Abiy Ahmed. (Simon MAINA-Michele Spatari | AFP)

Somaliak Afrikako Adarreko eskualdearen egonkortasuna mehatxatzea leporatu dio Etiopiari, joan den urtarrilean bere burua independentetzat duen Somalilandia eskualdearekin Itsaso Gorrirako sarbidea bermatzeko Adis Abebak sinatu zuen akordio eztabaidagarria dela eta.

Tentsioak urtearen lehen egunean hasi ziren, Etiopiak eta Somalilandiak elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zutenean, Etiopiari, itsasertzik gabeko herrialde bati, Itsaso Gorrian portu bat eskainiz.

Itunari esker, Adis Abebak itsas base iraunkorra eta itsas zerbitzu komertziala lortu ahal izango ditu Adengo golkoan, berrogeita hamar urtez hogei kilometroko kostaldea alokatzeko akordioaren bidez.

Trukean, Muse Bihi Abdi Somalilandiako presidenteak ziurtatu zuenez, Etiopiak lurralde horren independentzia onartu beharko luke, baina Adis Abebak zehaztu du eskaera hori oraindik ebaluatu egin behar duela.

Afrikako bigarren herrialderik jendetsuena (120 milioi biztanle), Etiopia, Itsaso Gorrirako sarbide baten bila ari da aspalditik; 1950eko hamarkadan erantsi zuen Eritrea, eta 1993an independizatu ondoren galdu egin zuen.

Aberatsagoa eta egonkorragoa

Somalilandia, 1960ra arte protektoratu britainiarra izan zena, ez dago nazioartean aitortuta, nahiz eta berezko konstituzioa, moneta eta gobernua dituen, baita garapen ekonomiko hobea eta egonkortasun politiko handiagoa ere, Somaliak baino.

Eskualdeak italiar kolonia izan zen Somaliatik 1991n banandu zuen, Mohamed Siad Barre Somaliako diktadorea boteretik kendu zuten urtean.

Hala ere, pobre izaten jarraitzen du, Adengo golkoaren hegoaldeko ertzean egonik gune estrategikoa izanda ere. Bertatik igarotzen da munduko merkataritza-ibilbide jendetsuenetakoa, Bab-el-Mandeb itsasartearen sarreratik, eta sarrera honek Itsaso Gorrira eta Suezeko kanalera egiten du.

«Gure herrialdearen zati batzuk Etiopiara eransteko, Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoak Somaliako eskualde-estatu batekin sinatu duen legez kanpoko ulermenaren memoranduma salatu nahi dut», salatu zuen Hassan Sheikh Mohamud Somaliako presidenteak.

«Afrikaren ezegonkortasunerako Pandoraren kutxa baten hasiera eta irekiera da» gaineratu zuen Mohamudek Afrikako Batasunaren (UA) estatuburu eta gobernuburuen 37. ohiko goi-bileran.

«Etiopiaren ekintzak Afrikako Adarraren egonkortasuna mehatxatzen du, hamarkadetako gatazka kronikoen ondoren bakearen eta egonkortasunaren alde borrokatzen ari den eskualdearena», salatu du Somaliako Kanpo Arazoetako Ministerioak.

Somaliak «baliogabetzat» eta «legez kanpokotzat» jo du akordioa, eta itunak Somaliako «azken aurrerapenak» ahuldu nahi dituela uste du, hala nola zorra arintzeko prozesua amaitzea, NBEren arma-enbargoa kentzea eta Ekialdeko Afrikako Komunitatean (EAC) sartzea.

Gainera, Somalia Al Shabab talde jihadistaren aurkako «terrorismoaren kontrako operazio arrakastatsu batean» murgilduta dagoela gogoratzen du, baina akordioak «urrezko aukera» ematen diela jihadista horiei «egoera ustiatzeko eta azken urteetan lortutako aurrerapausoak iraultzeko», gaineratzen du Muqdishoko Exekutiboak.

«Afrikako Batasunaren (UA) egoitzaren anfitrioia Etiopia bera dela kontuan hartuta, eta haren sorrera-printzipioak estatu kide guztien subiranotasuna, batasuna eta lurralde-osotasuna babestean oinarritzen direla ahaztu gabe, Etiopiaren ekintza arriskutsuak ere mehatxu existentziala egiten dio UAren fundazioari», azpimarratu du Somaliako Gobernuak.

Horrela, Muqdishok «Etiopiak Somaliaren subiranotasun sakrosantuaren, batasunaren eta lurralde osotasunaren aurka egindako eraso bidegabea salatzeko», exijitu die Afrikako Batasunari eta Nazio Batuen Erakundeari.

Somaliako presidentea, Hassan Sheikh Mohamud. AFP

«Somaliak -gaineratu zuen- eskualdeko harreman baketsuekin konprometituta jarraitzen du, eta nazioarteko legeak betetzea espero du, gure subiranotasunari aurre egiten dion edozein ekintzari erantzuteko dugun eskubidea berretsiz», ohartarazi du.

Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmeden akordio eztabaidatsuaren ondorioz, Somaliarekin gerra izateko beldurra gutxietsi ostean argitaratu zen komunikatua.

Etiopiak ez du gerrarik nahi

«Etiopiak, herrialde lagun gisa, ez du nahi Somaliak kalterik jasaterik. Etiopiak ez du onartzen, hasiera batean, herrialde baten aurkako gerrarik», adierazi zuen Abiyk Parlamentuaren aurrean.

Hala ere, «indar batzuk bi nazioen arteko gatazkara bultzatzen saiatzen ari dira, eta hori ez litzateke gertatu behar», mehatxu egin zuen.

«Gure eskaera elkarren onuran oinarritutako itsasorako sarbidea da. Etiopiarako ez ezik, eskualdeko lankidetzarako ere baliagarria da», adierazi zuen Abiy Ahmedek, «Somaliako bakea Etiopiako bakea» dela gaineratuz.

Akordio «diruptiboa» AEBentzat

UAk, Europar Batasunak eta Garapenerako Gobernu Arteko Agintaritzak (IGAD, ekialdeko Afrikako zortzi herrialdetako blokea), besteak beste, elkarrizketaren bidez tentsioa murriztea eskatu zuten, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren eskaerarekin bat etorriz.

Ameriketako Estatu Batuek akordioa «disruptiboa» dela, eta «eragin negatiboa» izan dezakeela ohartarazi dute, bai Somalian bai Afrikako adarreko gainerako eskualdeetan.

AEBak bat datoz Afrikako Batasunaren (UA), Garapenerako Gobernu arteko Agintaritzaren (IGAD) eta Afrikako estatu gehienen iritziarekin: «Somaliaren subiranotasuna eta lurralde-beharrak errespetatu behar dira» adierazi zuen Afrikako Gaietarako Estatu idazkariorde Molly Pheek.

«Eragin negatiboen» artean, Somaliako agintariek Al Shabab talde jihadistaren aurkako gerra ahuldu dezaketela ohartarazi zuen Pheek.

Egun hauetan Etiopiako lehen ministroarekin eta Somaliako presidentearekin bildu da AEBetako ordezkaria Afrikako Adarrera egin berri duen bidaian, eta bere bitartekari lana eskaini du. «Eskualde honek ezin du gatazka gehiago jasan», ohartarazi du.

Joe Bidenen Etxe Zuriko maizterraren «Madame Afrika» ezinenarekin ezaguna den Pheeren ustez, «Etiopiak portuko merkataritza-sarbide handiago bat nahi izatea bidezkoa da, baina Somaliako gobernu federalarekin eta inguruko estatuekin negoziatuz konpondu behar da, eskualdeko ikuspegi batetik, zalantzarik gabe».

Somalilandiaren estatusari dagokionez, horren arabera, «Somaliako herriak ebatzi behar du, Somalilandiako herriak barne, eta ez kanpoko eragileek», ohartarazi du.