Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
GIPUZKOA BERTSOTAN

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapena jokoan; finaleko tontorra urrun eta bide osoa gozagarri

«Hasieran gertatzen denari garrantzia eman nahi diogu», esan du Beñat Azaldegik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako arduradunak. Udazkenean hartuko du txapelketak martxa beteagoa, orduan piztuko dira fokuak. Baina Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea martxan da, eta seguru gauza interesgarriak gertatzen direla.

Irudian, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Tolosan izandako saio jendetsua.
Irudian, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Tolosan izandako saio jendetsua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Txapelketa bada tontorrari begira egiten den bidea. Finalera gerturatu ahala indartzen dira fokuak. Baina bidean gauza interesgarriak gertatu ohi dira, gora bakarrik begira egonez gero ikusten ez direnak. Aste honetan hasi da Gipuzkoa Bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea. Aurten hasiera horri ere fokua jartzea erabaki du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

«Lehenengo faseari garrantzia eman nahi diogu. Garbi genuen ahalik eta txapelketa horizontalena egin nahi genuela. Gipuzkoako udazkeneko txapelketak berez hartzen du garrantzia, baina badira ekarpen oso garrantzitsua egin dezaketen bertsolariak, orain arte txapelketan toki txikiagoa izan dutenak. Horri erantzun bat emateko, Gipuzkoa Bertsotan izeneko sailkapen fasean aldaketa batzuk egin ditugu. Udaberriko faseak ere esanguratsua izan nahi du», hasi ditu azalpenak Beñat Azaldegik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak.

Aste honetan abiatu da udaberriko fasea, sailkapenerako pausoa, Eskoriatzan, Zestoan eta Gabirian. Guztira 20 saio jokatuko dira, bi itzulira. Hori izango da berritasuna. 74 bertsolari abiatu dira eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren saltora. Eta azkenean, 34 bertsolarik lortuko dute udazkenerako txartela.

Sailkapen fasea askotan oharkabe samarrean pasatzen da. Ez parte hartu dutenentzat, baina bai komunikabideentzat eta publiko orokorrarentzat. «Aurten garrantzia eman nahi izan diogu; plazan askotan ikusten ez diren bertsolariak entzuteko aukera bikaina da, eta horrek freskotasuna ekartzen du berez. Bertso eskolak aktibatzeko modua ere bada, eta komunitatea indartzeko bidea. Gauza on asko ikusten dizkiogu, eta horregatik egin dugu horren aldeko apustua».

Gipuzkoako Txapelketa lau urtez behin egiten da, normalean Euskal Herriko Txapelketaren lau-urtekoaren erdian. Aurten lau urteko ziklo horretan salbuespena izango da, azken txapelketatik bost urtera jokatuko baita. Izan ere, pandemiaren ondorioz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa urtebeteko atzerapenez jokatu zen 2022. urtean.

Bada parean egokitu den beste efemeride bat: lehen bertso eskola sortu zeneko 50. urteurrena. Lehen bertso eskola Leintz bailaran sortu zen Joanito Akizu, Xanti Iparragirre eta Patxi Goikolearen ekimenez, Arrasateko Almen Ikastolaren bueltan. 1974ko bultzada hark ekarri du bertsogintza egunotaraino, bertso eskolak oinarrizko kanpaleku dituela.

Azken urteotan bada kezka bertso eskolen osasunari buruz. «Geldialditxo bat egon dela ikusi dugu, batez ere pandemiaren ostean, eta ez plazan bakarrik. Plaza sonatuenek martxan jarraitu dute, badago kontsolidatua dagoen bertso zirkuitu bat, eta horrek eutsi dio. Baina zirkuitu horrek plaza jakin batzuk eta bertsolari jakin batzuk hartzen ditu. Baina bertso eskoletan eta bestelako plaza txikiagoetan geldialditxoa egon da pandemiaren ondoren. Hori berreskuratzeko ahalegin bat egin nahi da, jakinda txapelketak ez daukala hori pizteko ahalmen erabatekoa. Baina jakitun gara txapelketak energia asko mugitzen duela, eta hori baliatu nahi dugu», esan du Azaldegik. Hartara, sailkapen fase bizi batek bertso eskolak eta herriko bertso sarea astinduko dituela espero dute.

Beñat Azaldegi, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kidea. Gotzon ARANBURU | FOKU

Saioak ostegun eta ostiralez

Hasierako sailkapen fasean 20 saio jokatuko dira; Eskoriatza, Zestoa, Gabiria, Altzo, Zaldibia, Orio, Legorreta, Idiazabal, Getaria, Mutriku, Anoeta, Oñati, Antzuola, Pasaia, Alegia, Usurbil, Ataun, Elgeta, Soraluze eta Hernani.

«Oso polita izaten ari da, udaletatik oso erantzun ona jasotzen ari gara. Saioak kultur etxe eta aretoetan izango dira, eta ondoren mokadu bat eskainiko da, bertso komunitatea lotzeko, txapelketa ospatzeko. Bertsogintzaren izaera komunitarioa nabarmendu nahi dugu».

2019ko sailkapen fasearekin alderatuta, desberdintasun nagusia da aurtengoa bi itzulitara jokatuko dela eta saioak ostegun eta ostiralez izango direla lehen itzulian. «Izena eman duten bertsolari guztiek kantatuko dute lehen fasean, 74 bertsolari guztira. Eta horietatik 48k bigarren itzulian kantatuko dute puntuazioaren arabera. Hor galbahe bat izango da. 48 horietatik 34 bertsolarik lortuko dute udazkenean txapelketan abestea. Fasea luzatu dugu, saio ia bikoitzak izango direlako. Lehen fasean saioak ostegun eta ostiralez izango dira, eta ondoren mokadu bat eskainiko da aretoan bertan, bertsolari eta bertsozaleentzat. Komunitatea indartu nahi dugu pixka bat. Bigarren fasean, berriz, saioak asteburuz izango dira».

Bertso eskolak bertsogintzaren oinarrizko kanpaleku dira. Hori nabarmentzeko ahalegin bat egin nahi du aurten txapelketak. Eta bertso komunitatea josteko saiakera ere egin nahi du, hortik saioaren ondoren mokadua eskaintzearena. «Hor sortzen diren elkarrizketek, bertsozaleen, antolatzaileen eta entzuleen artean sortzen direnek, balio handia daukate. Hor josten da komunitatea», esan du Azaldegik.

Badator olatu berria

Guztira 74 bertsolarik parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean, ia erdiak lehendabiziko aldiz. Badator bertsolari berrien olatua. «Kezka badagoen arren, oinarriak osasuntsu jarraitzen duela erakusten du horrek. Aurten eskolartekoetan bertsolari askok parte hartu dute eta bestelako ekintzetan ere haur asko dabiltza. Ezin dugu erlaxatu, eta bide horretatik dator Gipuzkoa Bertsotan», iritzi dio Azaldegik. Parte hartzaile berrien artean, profilak askotarikoak dira. «Asko eskolarteko txapelketatik datoz, baina badira eskolartekoetan aritu gabe bertso eskolatik zuzenean animatu direnak ere. Eta badira garai batean txapelketan parte hartu eta berriz animatu direnak ere. Oso profil desberdinak eta interesgarriak daude».

Genero ikuspuntuari dagokionez, txapelketan parte hartuko dutenen artean heren bat inguru dira emakumezkoak. «Txapelketan abiatuko direnen artean, herena baino gutxiago dira emakumeak sailkapen fasean. Kontuan izan dagoeneko sailkatuta daudenen artean emakumeak herena baino gehiago direla. Txapelketetan normalean emakume gutxiago abiatzen dira, gero goiko faseetara iristen direnak proportzioan gehiago izan arren. Erronka handia daukagu hor, egoera horri buelta emateko lan egin behar dugu. Eskolarteko txapelketetan eta bertso eskoletan emakume dezente daude, baina plazara salto egiterako orduan aldatzen da kontua. Hor erronka handia daukagu».

Txapelketako joera da hori, abiatzen diren emakume kopurua askoz txikiagoa izanagatik, goiko faseetara iristen dira abiatzen diren horietako asko, eta horrek azken emaitza desitxuratu egiten du, berez dagoena baino parekidetasun gehiago iradokitzen duelako.

«Interesgarria da parte hartzera animatzen direnetan emakume gehiago izatea. Finalak garrantzitsuak dira, baina Santa Ageda eskean parte hartuko duten bertsolariak izatea ere garrantzitsua da, eta hor ere emakumeen presentzia beharrezkoa da».

Aldaketak ariketetan

Aste honetan abiatu da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan, Zestoan eta Gabirian jokatutako lehen hiru saioekin. Lehen fase honetan, saio bakoitzean hamaikana bertso josi behar dituzte bertsolariek, eta berezitasunetako bat izango da ganbarakoa ez dela azken ariketa izango, tartean egongo dela. Beñat Azaldegik azaldu duenez, «hori ere erabaki bat da. Ohiko plazan urtean zehar gertatzen den hori islatu nahi dugu txapelketan ere, kontziente izanda oso zaila dela lortzea, plaza eta txapelketa bi egoera desberdin direlako. Baina saiakera bat da saioa entzulearentzat erakargarriagoa izan dadin. Bertsogintzako talde batekin batera osatu dugu saioen antolaketa; bertsolarien, gai-jartzaileen eta epaileen ordezkaritzak osatua. Bertan sortutako hausnarketatik antolatu ditugu saioko ariketak».

Bigarren fasetik aurrera, ganbarako ariketa bukaerara aldatuko da. «Finalera bitartean aldaketak izango dira ariketei dagokienez, baina beti zainduko da bertsolariaren ongizatea», zehaztu du Azaldegik.

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearen lehen partea maiatzaren 17an amaituko da. Hor pasatuko dute lehen galbahea bertsolariek, 74tik 48 bertsolarik lortuko baitute aurrera egitea. Bigarren itzulia ekainean amaituko da, eta hor zehaztuko da aurrera egingo duten bertsolarien zerrenda, 34 guztira.

Horiei batuko zaizkie aurreko txapelketatik dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolariak. Guztira, beraz, 48 bertsolari arituko dira aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, irailaren 14 eta abenduaren 14 bitartean.

Sailkatuta egon arren, lau bertsolarik txapelketan ez parte hartzea erabaki dute; Jon Maia, Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Haritz Mujika.

Sailkapen fasearen hurrengo hitzordua datorren astean izango da; ostegunez, Altzon eta Zaldibian eta, ostiralez, Orion eta Legorretan. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsozale.eus/gipuzkoa helbidean.

Uztapide eta bertso eskolak

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearen irudia Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak egin du, Uztapideren argazki sonatu bat oinarri hartuta. Manuel Olaizola “Uztapide” 1909ko maiatzaren 10ean jaio zen Zestoan eta 1983ko ekainaren 8an zendu zen Oiartzunen. Bertsolaritzaren garai oso desberdinak bizitzea egokitu zitzaion, eta beti asmatu zuen garai bakoitzera ondo moldatzen. Txirritarekin abestu zuen eta lehen bertso eskolak ezagutu zituen, irudi horrek kontatzen duen bezala. Argazki hori 1983ko maiatzean dago egina, Uztapide hil baino aste batzuk lehenago. Bertan, bertsolaritzaren maisu zaharra bertso eskolako ikasle gazteen artean eserita ikus daiteke, guztiak bertsogintza den transmisio soka horretako parte. Ikasle horien artean honakoak daude: Jon Eizmendi, Felix Iñurrategi, Jon eta Aitor Sarasua, Joxe Mari Mujika “Anatx”, Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi, Iñaki Izarzelaia eta Danel Goikolea.

Lehen bertso eskolako irudi famatu horrek ondo erakusten du bertsolaritzaren muina, aspalditik datorren eta etengabe garai berrietara egokitzen den bat-bateko sorkuntza baita.