Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

2024ko (orain arteko) telesailik aipagarrienak

Ia konturatu ere egin gabe urteko bosgarren hilabetean murgildu gara. Ehunka estreinaldi iritsi dira, sareak gomendioz gainezka daude eta zure ‘ikusi beharrekoen’ zerrenda gero eta luzeagoa da. Udako estreinaldien aurretik geldialdi txiki bat egitea beharrezkoa izaten da niretzat; garuneko zama apur bat arintzeko egiten dudan ezinbesteko ariketa da honakoa, baina uste dut zuk ere eskertuko duzula nahaspila horren artetik orain arte ikusitako telesailik interesgarrienak aipatzea. Honatx:

One Day

NETFLIX

Leo Woodall eta Ambika Mod aktoreen lana eta pertsonaien arteko kimika eta magnetismoa dira telesailaren euskarririk sendoenak. Erlazio erromantiko eta adiskidetasun anbiguoaren arteko istorio gazi-gozo ederra eta dramatikoa osatu dute.

Lehen atalean Dexter eta Emma ezagutuko ditugu, unibertsitateko graduazioaren unean. Elkarrekin joan dira festatik, gaua eta hurrengo eguna elkarrekin igaroko dituzte, baina horren ostean agurtu egingo dute elkar -Dexterrek Frantziara bidaiatzeko asmoa du-. Ustekabeko elkartze iragankorra dirudien une hori, 20 urtez maitasun -eta adiskidetasun- istorio bihurtuko da.

19-38 minutu bitarteko 14 atal ditu guztira telesailak, eta horietako bakoitzean egun bat azaltzen da; lehen hamabietan 1988ko lehen egun hori eta 1999 bitarteko egunak. Azken bietan aldiz 2000-2007 bitartekoak. Ikusle gisa, protagonistei beti egun berean egingo diegu bisita, uztailaren 15ean. Bata bestea gabe ezin bizi, baina aldi berean, ezinezkoa zaie erlazio zehatz eta finko bat osatzea. Egitura berezi horrek hutsuneak apurka betetzen lagunduko dizue. Soinu banda ederrarekin, espazioa eta denbora zentzuz erabiltzen dira, eta meheki garatzen da istorioa.

Baby Reindeer

NETFLIX

Probokatzailea eta gordina da. Iluna eta deserosoa, baina “Baby Reindeer” telesailaren 30-45 minutuko zazpi atalak etenik gabe irentsiko dituzu. Ikusi nuenetik egun batzuk igaro dira, eta ezin dut burutik kendu.

Eremu grisetan mugitzen den lana iruditu zait, jazarpenari eta traumari buruzko erretratu nahiko konplexua eta gordina. Donny-ren helburua komikoa izatea den arren, zerbitzari lanak egiten ditu pub batean. Tartean, ahal duenean, stand-up ikuskizunetan parte hartzen du. Tabernan lanean ari den egun horietako batean, Martha izeneko emakume bat eseriko da barran; triste eta goibel ikusten du. Donny-k sekulako pena sentituko du, emakumeak laguntza behar duela ohartuko baita, eta te bat hartzera gonbidatuko du. Martha, bere adeitasunagatik guztiz liluratuta, zerbitzariarekin obsesionatzen hasiko da.

Hortik aurrera gertatuko den guztiak asaldatu egingo zaitu. Richard Gadd komiko eskoziarra, protagonista nagusia izateaz gain, bere bizitzako pasarte batean oinarritu da telesaila idatzi eta ekoizteko. Funtsean drama bat da, eta lehen minutuetan ageri diren umore beltzezko zipriztinak berehalakoan desagertuko dira, atalek aurrera egin ahala, kontakizunaren barrunbeetan, thriller psikologikoaren eta beldurrezko generoaren elementuak sartuko direlako; bai narratiboak eta baita estetikoak ere. Estresagarria da eta, askotan, baita larrigarria ere. Narrazioaren erpinik deigarriena Martharena da -Jessica Gunning aktoreak egiten duen lana itzela iruditu zait-, baina Richard Gadd-en kontakizuna hain da latza, laugarren eta azken ataletan bereziki azaltzen dena, eta hainbeste kolpatu nau, ezen zenbait unetan dardara eragin didan.

The Curse

SKYSHOWTIME

Whitney eta Asher Siegel (Nathan Fielder bera eta Emma Stone) ezkonberriak dira telesail deskribaezin honen protagonistak. Ume bat izateko ahaleginean ari diren bitartean, negozio berri bati ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen ari dira: Mexiko Berriko komunitate txiki bateko etxe hondatuak, luxuzko etxebizitza eko-jasangarri bihurtzen dituzte. Honela, bizilagun berriak erakarriko dituzte, eremua nolabait berpiztu egingo dute eta bertako bizilagunei mesedea egingo diete. Tira, bizilagunei baino, batez ere euren buruari. Proiektu horren berri izan ostean, Dougie izeneko telebista-ekoizle xelebre batek reality bat egiteko aukera ikusiko du. Bikoteak, jakina, parte hartzea erabakitzen du. Ideia horretatik tiraz, umore oso beltzaren eta satira sozialaren arteko nahasketa proposatzen du hasieratik telesailak. Lan sailkaezina da. Tonuari eta estiloari dagokienez, zin degizut azkenaldian ikusi duzun proposamenik bitxiena dela, deserosoena, eta une batzuetan baita absurdoena ere bai. Umorea, drama, beldurra… ez dakit zein den etiketarik egokiena. Estreinaldien tsunami honen barruan, edukiak gero eta antzekoagoak direla uste baduzu, eta proposamen desberdinak maite badituzu, “The Curse” da ikusi behar duzun hurrengo telesaila.

Such Brave Girls

FILMIN

A24-en zigilupean eta BBC-rekin lankidetzan sortu den telesaila. Komedia familiar lotsagabe honen protagonistak Josi eta Billy ahizpak eta beraien ama ezkongabea dira. Familia oso disfuntzionala da. Aktoreak ez nituen ezagutzen eta hirurek lan itzela egiten dute. Ahizpetako bat, gainera, Kat Sadler aktorea, telesailaren gidoilaria eta sortzailea ere bada. Lizzie Davidson aktorearekin batera -ahizpa bizitza errealean eta fikzioan-, koktel leherkor-zoragarri bat osatu dute. Bien bizipenetan oinarrituriko obra da, bizitza errealean jasandako zenbait miseria eta orbain lehen mailako material komiko bihurtu dute. Pertsonaiak fikziozkoak izan arren, aipatzen diren traumak beren errealitatetatik jaioak dira, eta horrek txantxak egiteko ahalmena eta zilegitasuna eman die. Umore beltza eta oso lotsagabea ditu ezaugarri, baina komedia sozialaren zenbait elementu dramatiko ere jorratzen ditu. Hau da, gizarte arazoen gordinkeria ikuspegi komikotik erakusten duten arren -garun osasuna, sexua, suizidioa, abortua…-, ez pentsa azaletik jorratzen dituenik; behar denean horietan sakontzen baitute, inolako iragazkirik gabe.

Nos vemos en otra vida

DISNEY+

“Nos vemos en otra vida” (Manuel Jabois) liburuaren egokitzapenaz baliatu dira telesail landu eta oso interesgarri hau osatzeko. Liburu horretan Manuel Jabois idazleak, ikerketa lana oinarri hartuta, 16 urteko Gabriel Montoya Vidal, ‘Baby’ ezizenez ezaguna dena elkarrizketatzen du. Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuengatik kondenatu zuten lehen pertsona izan zen. Montoyak eta Jose Emilio Suarez Trashorrasek dinamita garraiatzen lagundu zieten jihadistei. Bereziki bien arteko harremanean jarri dute arreta zuzendariek, izan ere, lehergailuak eskuratu eta garraiatu zituzten pertsonak izan ziren, gerora 192 pertsonen bizitzarekin akabatuko zuten lehergailuak. Argi dago protagonista nagusia Baby dela, baina Pol Lopez nabarmenduko nuke gainerako antzezleen gainetik, Suarez Trashorrasen pertsonaia gorpuzten duena. Telesailaren mamia atentatu horien berregitean egongo dela uste baduzu, oker zabiltza. Patxadaz garatzen baitu oso ondo landutako gidoia, eta egun horren aurretik gertatuko guztia zehaztasunez aletzen du. Pertsonaiak ezin hobeto marraztuta daude, eta xehetasunez azaltzen dituzte gertaerak, modu arin, entretenigarri eta, batez ere, errealista eta sinesgarrian.

Shôgun

DISNEY

James Clavellek 1975ean idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da. John Blackthorne goi mailako ofizial ingelesa eta bere itsasontzia Japoniako kostan hondartu dira. Bere ontziak hondoa jo du eta bera eta tripulazioa Japoniako familia boteretsuenetako baten esku geratu dira: Yoshii Toranagaren klana. Agintariek preso eraman dituzte. Blackthorne bere bahitzaileekin komunikatzen saiatuko da, bere kideen bizitza salbatzeko. Aldi berean, Japonia gerra zibilaren atarian dago. Testuinguru horretatik abiatuz, traizioak, xantaiak, erritu tradizionalak, indarkeria une gordinak edota boterearen aldeko etengabeko borrokak ikusiko dituzue. Japonia feudalean girotzen diren generoaren film klasikoak gogoratzen dituen osagaiz josia dago, baina Game of Thrones-en erako alderdi bisual apartaz apainduta; ekoizpen diseinua ikusgarria iruditu zait. Oro har oso ondo girotuta dagoen telesaila da, eta gainerako atal teknikoen gainetik, argazkigintza, eta bereziki jantzien alorra iruditu zaizkit ikusgarriak. Arropekin egin den lanketa itzela da, pertsonaien estatusa eta bilakaera ulertzen laguntzen baitute. Akzio eta indarkeria eszenekin ere distira egiten du telesailak.

Them: The scare

PRIME VIDEO

2021. urtean PrimeVideok “Them” estreinatu zuen. Antologia formatuan, eta arrazismoaren gaia ardatz hartuta, 1950eko hamarkadan kokatuta dago lehen denboraldia. Beldurrezko generoaren kodeekin jolastuz, lehen zati hura txukuna iruditu zitzaidan, baina oro har nahiko hotz utzi ninduen proposamenak. Little Marvin da proiektu honen arduradun nagusia, eta aurten “Them: The Scare” estreinatu du, antologia honen bigarren zatia, istorio eta pertsonaia berriekin. Lehen denboraldiak zituen oinarrizko zenbait arazo, neurri batean, zuzendu eta hobetu egin ditu, eta hau askoz hobea iruditu zait.

Kasu honetan 90eko hamarkadako thriller kriminal ilun eta nahasien tonuaz zein atmosferaz baliatzen da oso konbentzionala den istorioa jorratzeko: serieko hiltzaile bat harrapatu nahian dabilen polizia. Los Angeles-en gertatzen da guztia, 1991. urtean, eta polizia Dawn Reeve izeneko emakumezkoa da. Kasua argitzen saiatzen den heinean, Reeve fenomeno arraroak sentitzen hasiko da. Hiria eta garaia ezinbestekoak izango dira trama nagusiaren zenbait bidegurutze jorratzeko. Garai hartan taxi gidari beltz bat jipoitzeagatik epaitu zituzten lau polizia absolbitu zituzten eta arrazakeriaren aurkako istiluak hasi ziren. Telesailaren lehen denboraldian arrazakeriak garrantzia bazuen, hemen beste hainbeste. Emakumezkoa eta beltza den polizia, hilketa basatiak egiten dituen serieko hiltzailea eta arrazakeria borborrean dagoen garai nahasia; hori guztia gutxi ez, eta atmosfera zapaltzaile oso ilun batekin busti dute guztia.

Cristobal Balenciaga

DISNEY+

Ez daukat modarekiko interes berezirik eta Cristobal Balenciaga-ren ibilbidea ez da sekula gauez loa kendu didan zerbait. Hori argituta, eta osorik ikusi ostean, zenbat gozatu dudan Cristobal Balenciaga telesailarekin. Dakizuen moduan, jostunari buruzkoa da eta bere bizitzako hainbat pasarte ditu hizpide. Alberto San Juan aktoreak gorpuzten du getariarra, eta egiten duen lana txundigarria iruditu zait, ñabarduraz josia. Balenciagak arlo pertsonal zein profesionaleko alderdi guztiak kontrolatzeko zuen obsesioa eta komunikabideekiko mantentzen zuen distantzia bereziki nabarmentzen den zerbait da. Hori pantailaratzeko sortu duten atmosfera hamarrekoa iruditu zait eta, esentzia misteriotsu hori elikatzeko, Alberto Iglesiasen musika eta Javi Agirre argazki zuzendariaren lanak, aldiz, gorenak. Desfileetako sekuentzietan eta soinekoak josten dituzten uneetan, musika, argazkia eta jantzitegiarekin joko dotorea osatu dute. Elementu hauen guztien artean sartzen diren kamera-mugimendu zein planoen konposizio ederrek ere pisu nabarmena dute. Dotorezia telesail bihurturik.

Criminal record

APPLE TV+

Londres hirian girotzen da telesaila eta larrialdi-zerbitzuetan jasotzen duten dei batekin hasten da istorioa. Anonimoki deitu duen emakume batek arriskuan dagoela adierazten du, bere bikotekideak mehatxatu egin duela eta arriskuan dagoela dio. Baina dei horretan, emakumeak azalduko ez dizuedan beste informazio bat ere partekatuko du. Aktore zerrendan izen ezagunena Peter Capaldi eskoziarra den arren, niretzat sorpresa handiena ‘The Good Fight’ telesailean ikusi genuen Cush Jumbo aktorea da; lan itzela egiten dute. Biak ala biak poliziak diren arren, zeharo desberdinak dira. Peter Capaldiren pertsonaia, Hegarty, inspektore beteranoa eta iragan misteriotsu samarra duena da. Jumbo-rena, aldiz, June, detektibe gaztea, hasiberria, baina anbizio handikoa. Belaunaldien arteko desberdintasuna oso ongi definituta dago hasieratik, eta garrantzitsua izango da istorioan. Hasieran aipatu dudan gertaerak bi helburu oso kontrajarri dituzten bi polizia horiek aurrez aurre jarriko ditu Londresen, baita 24 urteko espetxe zigorra betetzen ari den preso bat ere. Trama oso erakargarria eta misteriotsua den arren, bi pertsonaia protagonistak hain ondo egituratuta egoteak oinarri are sendoagoa txertatzen dio osotasunari.

Ripley

NETFLIX

Onena amaierarako utziko dut. Apirileko “Zuri-beltzaren amaraunean” artikuluan sakonki aztertu nuen telesaila, baita bere argazkilaritza lana ere, -bereziki zuri-beltza nola erabiltzen duen-, beraz, harira joango naiz: Patricia Highsmith-en Tom Ripleyri buruzko eleberri-sorten egokitzapena zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait, 2024an ikusi dudan telesailik onena. Istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. AEBetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du, semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera, gezur-sare bat ehuntzen hasiko da. Konbinazio horrekin, gutxienez telesail txukun bat ikusiko nuela argi neukan, baina topatu dudana askoz hobea izan da. Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza landu nahi izan dute, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe. Xehetasun planoz josia dago telesaila: protagonistak behatzen duen guztia, gertatuko diren ekintzak aurreratzen dituzten objektuak, hirietako arkitekturaren planoak eta abar. Zentzu horretan, telesailak erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri-beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera.