Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Egia

Françoise Dolto pediatra eta psikoanalista frantsesak errana da: «Denok dugu ulertzeko gaitasun bera sortzetik heriotzara arte». Ez dugu hori sinesten, ordea. Adinkeria da horren adibide. Umeez ariko naiz oraingoan, egia jakiteko duten eskubideaz, zehazki.

Laura Gutmanek dioenez, egia zehatza hitzez adierazteak haurraren ulermena antolatzen du, eta logikak eusten duen egitura emozionala eraiki. Ttikia denean eta oraindik solasean hasi ez denean, kanpo egia xehetasun guztiekin azaldu behar diogu, hitzekin gertatzen dena itzuliz. Bada barne egia ere, bihotzetik kontatzen dudana: gertatzen zaidana, sentitzen dudana, nahi dudana, beldurtzen nauena. Haurra amaren eta zaintzaileen emozioetara atxikita dagoenez, gure bihotzetik hain hurbil, gure egiaren itzultzaile zehatz bilakatzen da. Horregatik, egia erraten badiot, nire ardura hartu, eta umea askatuko dut. Jada ez du amak sentitu bai baina oraindik adierazi ez duena erakusteko betebeharrik izanen.

Idazle eta pentsalariak aldarrikatzen duenez, gertatzen zaiguna, are, gertatu izan zaiguna ere, haurrari ere badagokio. Gure haurtzaroan bizitako egoera mingarriak, adibidez, oraindik durundi egiten digutenak, justu horiek bereak bezala biziko ditu. Hortaz, ulertzea merezi du, guk ulertzea lortu duguneraino behinik behin.

Semea solasa galtzen ikusi nuen nire ispiluan, nire angustia somatizatzen, eta korapiloa askatzen hasi nintzenean, magiaz bezala, hitza berreskuratzen joan zen, beti izan den solasturia izan arte berriro. Berriki, ipuin kontaketa batean izan gara elkarrekin, eta jendaurrean hain natural eta hiztun ikustean, harrotasuna sentitu dut, bere ondoan nire aurpegia gorritzen sumatzen nuen aldi berean.

Egia da Youtubek ez duela funtzionatzen erran diodala eta gezur horri esker hobeki gaudela. Egia da ipuinetako pasarterik gogorrenak azkarrago irakurtzen dizkiodala, gainetik bezala pasatzeko. Baina garbi dut ezintasun horiek nireak direla, eta ez bereak. •