Elkarrizketa
Joseba Beramendi «Exprai»
Marrazkilaria

«Erakutsi nahi nuen gerrak familiak suntsitzen dituela, baina itxaropenerako zirrikitu bat utziz»

«Zu hor eta ni hemen» album ilustratua argitaratu du Joseba Beramendi «Exprai» marrazkilariak. Palestinako genozidioa haur bati kontatzeko ariketa pertsonala.

Badira hilabete batzuk Joseba Beramendi "Exprai" marrazkilariak bere lan ibilbidean aldaketa bat egitea erabaki zuela. GAUR8 eta GARAko kolaboratzailea ere badenez, aldaketa horren nondik norakoak azaldu zizkigun orriotan, eta aipatu digunez, denbora honetan aurrez zituen beldur batzuk «aurrez aurre» ikusi ditu, sortzaileentzat batere erraza ez den testuinguru batean.

Orain, proiektu berri batekin datorkigu. "Zu hor eta ni hemen" album ilustratua argitaratu berri du Txalaparta argitaletxearen eskutik, eta bertan, marrazki eta testu motzen bidez, Palestinak bizi duen egoera latzera hurbilduko gaitu, betiere haur baten begiradatik. Esan digunez, bere helburua ez da genozidioaren inguruko azalpen argi eta zehatz bat eskaintzea, baina bai etengabe galderak egiten dituzten haur eta gaztetxo horiei, eta haien gurasoei, eduki bat eskaintzea gaiaz hitz egiten hasteko eta haurrek munduan pairatzen dituzten errealitate gogor horiez hausnartzen saiatzeko.

«Zu hor eta ni hemen» album ilustratua argitaratu berri duzu. Nola sortu zen ideia?

Etxepare Sariaren deialdia ikusi nuen eta zerbait egitea pentsatu nuen, hori izan zen abiapuntua. Ez neukan oso argi zer. Eta epea hurbiltzen ari zenean, Palestinako genozidioa ikusita, erabaki nuen hori nolabait umeei kontatzea. Banekien zerbait iluna aterako zela, seguruenik ez zuela saririk jasoko, baina berdin egin nuen. Eta bidean, nire buruari oztopoak jartzen joan nintzen: “Testuak bertsotan egingo ditut” esan nuen, adibidez. Kostata, baina azkenean nolabait lortu nuen. Bidali nuen eta, espero bezala, ez zen saritua izan. Baina ikusten nuen defendatzeko moduko lan bat zela, eta Txalapartara ekarri nuen. Baiezkoa eman zidaten eta orain hemen dago.

Bertsoenak harritu egin nau. Nolatan okurritu zitzaizun? Bertsolaria ere bazara?

Ez, baina album ilustratuaren filosofiari jarraituz, irudiek eta testuek elkarrekin osagarriak izan behar dute. Album bat hartzen baduzu eta ongi egina badago, irudiak bakarrik ikusita ez duzu istorioa erabat ulertuko. Eta testuak bakarrik irakurrita berdin. Biak batera jarrita hartzen du osotasuna eta zentzua istorioak. Kasu honetan ez da erabat horrela. Liburu honetan irudiak bakarrik ikusita ulertzen duzu istorioa, baina testuak oso motzak dira. Galderak dira batez ere, eta irudiekin lotzen dituzunean beste zentzu bat hartzen dute.

Kontua da gerraren eta genozidioaren inguruko zerbait egin nahi nuela, baina ez nintzen gai hori haurrei azaltzeko. Etxean haur txikiak ditugu oraindik, 9 urtekoa txikiena, eta ez nintzen gauza ikusten egoera azaltzeko. Liburuaren asmoa ez da azalpenik ematea, edo egoera zehatz bat esplikatzea. Baina bai aitzakia bat topatzea, gero bakoitzak bere etxean eta bere egoera propioan ideiak garatzeko eta gauza hauetaz hitz egiten hasteko. Liburuan ez da kokapen zehatzik aipatzen, azken kolofoian salbu, non zuzeneko erreferentzia bat egiten zaion Palestinari. Orokorrean, haurrek munduan pairatzen duten errealitateari buruz hitz egiten hasteko balio dezake.

Haurrek galderak egiten dituzte. Gainera, bolada honetan, "fake news" eta antzekoak etxeraino iritsi zaizkigu 9 urteko alabaren bitartez. Antza denez, lagunen batek esan die Israelek Palestina suntsituko duela eta hurrengoak gu izango garela. Haurra larrituta zegoen erabat, “gugana datoz” pentsatuz. Hori da, azken batean, liburuaren helburua, aitzakia bat ematea etxean gauza hauetaz inguru egoki batean hitz egiteko.

Testua prosan egiten hasi nintzen, baina idazterakoan horren erridikulua sentitu nintzen... Eta erabaki nuen bertsotan egitea, gaia nolabait janzten duzulako eta sikiera haurrarekin irakurtzean kantatu ere egin dezakezulako.

Gerra eta umeak, ez da samurra izango bi elementu horiek uztartzea.

Guk ez dizkiegu gure haurrei Gazako irudiak erakutsi, baina badakit ikusi dituztela. Badakite zer ari den gertatzen. Beste gerra batzuk ez dakit nola irudikatu dituzten, baina kasu honetan, eta alabak horixe esaten zidan, badakite zehazki haurren kontra egiten ari direla. Guretzat ere oso gogorra da, egunerokoan ikusten ari garelako genozidioa, baina imajinatu haur batentzat zer den hori.

Iristen zaizkigun irudiak aipatu dituzu. Oso gordinak izaten dira. Zuk marrazkiak egiterakoan nola erabaki duzu zer erakutsi eta zer ez?

Hemen irudiak oso leunduta daude, alde horretatik. Esplizituki ez dira gauza gehiegi ikusten. Marrazkien hondoak oso sinpleak dira, batez ere horregatik, gordinegia ez izateko. Nik “patata” hori gurasoei pasatu diet, beraiek azaltzeko iruditzen zaien neurrian. Noski, bestela oso irudi bortitzak izan daitezke. Hemen dena oso leuna da.

Sortze prozesua nolakoa izan da? Lehenik irudiak egin dituzu eta gero testuak?

Bai, lehen ideia marrazkiena izan zen. Istorioak kontatzen du nola neskato batek marrazkitxo bat aurkitzen duen. Egilea ezagutzen du eta egile horren bila dabil. Azkenean aurkitzen du, eta marrazkia itzuli egiten dio. Nolabait erakutsi nahi nuen gerrak familiak suntsitzen dituela, baina nolabait itxaropenerako zirrikitu bat irekita utziz. Istorioak ez du amaiera oso pozgarri horietako bat, baina behintzat tarte bat uzten dio itxaropenari edo etorkizunari. Azkenean, publiko jakin batentzat egina dago. Argi nuen gordinkeriatan ezin genuela sartu, ez zegoela beharrik.

Eta irakurtze prozesua nola irudikatzen duzu? Haurrak bakarrik irakurri eta gero hitz egin, gurasoekin batera...

Ba ez dakit, zeren ni ez naiz pedagogoa. Hau esperientzia propio batetik ateratako zerbait izan da. Baina eman dakioke liburua haur bati, ez du minik hartuko horregatik. Asmoetako bat ere bada hori. Gordinegia izan gabe, haur baten egunerokotasunean sor daitezkeen galderak eginez, hortik abiatuta, munduko beste leku batzuetan gertatzen denaz hausnartzea.

Zuk galdera asko egiten dituzu liburuan, seguruenik haurrari ere sortuko zaizkionak.

Oso galdera sinpleak dira, autoirakurketa bat egiteko modukoak. Haurren ohiturei eta egunerokotasunari buruzkoak. Baina, aldi berean, pentsatu nahi dut horrek ere eman dezakeela beste errealitate batzuetan gertatzen diren gauzak beste modu batera ikusteko aukera. Eta bai, gurasook edo helduok ere horretan lagunduta.