Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
AISIALDI EUSKALTZALEA

«Korapilatu» karta-jolasa sortu du Heztenek, euskaraz ondo pasatzeko

Aisialdiak berebiziko garrantzia dauka hizkuntzaren taupadan. Ondo pasatzen dugunean, momentu horiek iltzatuta geratzen zaizkigu eta azalean itsasten da une horietan darabilgun hizkuntza. Horretan lan egiten du Hezten elkarteak. Orain, aisialdia euskaraz gozatzeko baliabide berri bat sortu dute: «Korapilatu» karta-jolasa

Karta joko berria.
Karta joko berria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Korapilatu izeneko karta-jolasa sortu du Heztenek, Aisialdi hezitzaile euskaltzalean lan egiten duen elkarteak. Bertako koordinatzaile orokorra da Maite Asensio. «Haur, gazte eta familien aisialdian lan egiten dugu, hizkuntza joeretan euskararen aldeko ohiturak sortzen. Konturatzen ginen guk antolatzen ditugun ekintzetan gure helburua lortzen dugula, aisialdia euskaraz bizitzea, alegia. Baina gu desagertzen garen unean, haur, gazte eta familia horiek merkatuan dauden beste produktu batzuen mende geratzen dira aisialdiaz gozatzeko, eta horietan ez da euskara lehenesten. Bestetik, pandemiaz geroztik karta-jokoek arrakasta dezente daukate familietan eta haur eta gazteen artean. Hortik tiraka pentsatu genuen euskaraz jolastera derrigortzen gaituen karta-jolas bat sortzea. Karta-jolas askotan jokalariak hautatzen du zein hizkuntzatan jokatu, jolasa bera da batean edo bestean. Beste batzuetan, berriz, erdaretan jolastu behar da derrigor. Beraz, euskaraz jolastera derrigortzen gaituen karta-jolas azkar bat sortzea izan da gure helburua», azaldu du Asensiok. Aisialdia euskaldunagoa izateko tresnak ematea da, beraz, helburu nagusia.

“Korapilatu” jolasa ehun kartak eta totem batek osatzen dute; korapilo bat da totema. Karta bakoitzak bi aurpegi ditu; batean hitz bat eta bi hizki ageri dira eta, bestean, irudiak. Jolasaren sortzaileek jolasteko hiru modu proposatu dituzte, «baina badira aukera gehiago ere, jokalarien irudimenaren arabera», nabarmendu du Ainhoa Pinedok, Hezteneko Berrikuntza Pedagogikoko arduradunak. Karta-jolasaren muina loturak egitea da, hitzak eta irudiak korapilatzea.

Lehen proposamenean bi jokalari aritzen dira, ahalik eta azkarren loturak eginez karten artean; hizkiak hizkiekin, hizkiak irudiekin, irudiak irudiekin... «Totema azkarren hartzen duenak dauka abantaila, berak egin ditzake loturak lehendabizi», jarraitu du azalpena Pinedok.

Bigarren proposamena taldean jokatzeko da. «Kasu honetan, gai bat aukeratu behar da, eta mahai gainean hamasei karta jartzen dira. Gai zerrenda bat egiten da eta talde bakoitzak proposatutako gaiarekin lotura daukaten kartak aukeratu behar ditu. Ahalik eta karta gehien biltzea da erronka».

«Irudimena asko lantzen da, norberak -adinaren eta izaeraren arabera- lotura propioak ikusten ditu, eta hor hasten da adostasunak bilatu beharra. Loturak arrazoitu egin behar dira», azaldu du Pinedok.

(Gorka RUBIO / FOKU)

«Hirugarren jolasean, kartetako hizkiak sartzen dira jokoan. Erdian karta bat jartzen da eta parte-hartzaileen artean banatzen dira gainontzeko kartak. Helburua da erdian jarritako kartan dauden hizkiekin eta bakoitzak bere sortan dituen kartetako hizkiekin, hitzak osatzea».

“Korapilatu” elkarlanean egin dute Heztenek eta Irrimarrak. Edukiez aisialdirako elkartea arduratu da eta ilustrazioak Irrimarrako Karmele Gorroñok egin ditu. Euskal Herrian sortutako eta ekoiztutako produktua da.

Karta-jolasa 8-99 urte bitartekoei zuzenduta dago, kutxan jartzen duenez. Jolasteko, irakurketa eta idazketa pixka bat menderatzea komeni baita. Hortik aurrera, gazte zein helduentzat baliagarria da. Hain justu, Heztenetik probak egin dituzte eta ondo funtzionatu du adin desberdinetako kuadrilletan. Jolas dinamikoa da, partidak azkarrak izan daitezke eta tamainaz txikia da, edonora erraz eramateko modukoa.

“Korapilatu” karta-jolasa Hezteneko webgunean dago eskuragarri, baita Elkar dendetan ere. Durangoko Azokan ere erosteko aukera izango da, 14,5 euroan. «Prezioa garrantzitsua zen guretzat, euskaraz jolasteko aukera denen eskura jarri nahi baitugu. Horregatik saiatu gara ahalik merkeen jartzen. Irabazi asmorik gabeko proiektua da, gastuei aurre egitea da helburu bakarra».

Baliabide bat denon eskura

«Geroz eta jende gehiago dago euskaldunduta, eskola eta euskaltegien bitartez, baina, gero, errealitatea da horrek ez duela eraginik izan erabileran. Bada herritar multzo handi bat euskaraz badakiena eta gure aldera erakarri dezakeguna, euskaraz gehiago egin dezan. Jolas hauen helburua hori da, ahalik eta jende gehienari aukera ematea horrelako baliabide bat eskura izateko; eskolan, euskaltegian, Gaztelekuan, etxean... baliabide hauekin ahalik eta leku gehienetara iritsi nahi dugu, eta eragin bat izan euskararen erabileran», nabarmendu du Maite Asensiok.

(Gorka RUBIO / FOKU)

Euskararen osasuna neurtzeko garaian, pisu handia jartzen da eskolan eta hezkuntza formalean. Era berean, aisialdiak berebiziko garrantzia dauka, ondo pasatzen duzunean erabiltzen duzun hizkuntza azalera itsasten baitzaizu. «Guk aspalditik aldarrikatzen dugu aisialdiaren garrantzia euskara bultzatzeko orduan. Eskolan lantzen dena oso garrantzitsua da, bertan euskalduntzen dira haur eta gazte gehienak. Baina ditugun bizipenek daukate eragin handiena. Hizkuntzarekin ditugun bizipenak ez badira oso baikorrak, ez zaitu ezerk bultzatzen hizkuntza hori erabiltzera. Aldiz, esperientzia baikorrak baditugu aisialdian euskararekin -ondo pasatzen badugu, lagun berriak egiten baditugu...-, hizkuntzarekiko bizipenak aldatzea lor daiteke. Aisialdian betiko barruan geratzen zaizkizun bizipenak sortzen dira».

Hezten elkarteak urte osoan egiten du euskarazko aisialdiaren aldeko lana. Bi zatitan banatzen da urtea; ikasturtea eta uda. «Guk garbi utzi nahi dugu aisialdian lan egiten dugula, baina aisialdi horrek helburu pedagogiko batzuk dauzka. Zaintza bakarrik ez dugu egiten. Urtean zehar hiru ataletan banatzen dugu gure lana. Alde batetik eskola dago, bertan hezitzaileak formatzen ditugu eta titulu ofizialak eskaintzen ditugu. Bigarrenik, Heziketa Aktiboa izeneko lantaldea daukagu, eta honek esku hartzeak egiten ditu Arrokaundietan, Piraten Etxean, (Jaizkibel) daukagun aterpean. Heziketa Aktiboko taldeak beste esku hartze asko ere egiten ditu, ‘Parketarrak’ izeneko ekimena, adibidez, herrietako parkeetan euskararen erabilera bultzatzeko; familiekin tailerrak eta irteerak; eta ikastetxeetan ere jolas dinamizazioak egiten ditugu. Eta, hirugarrenik, Soziolinguistikako lantaldea daukagu, hizkuntzaren normalizazioan espezializatutakoa. Eskoletan ibiltzen da talde hau haurrekin eta gazteekin soziolinguistikaren inguruko hausnarketak egiten; hizkuntza ekologia, hizkuntza aniztasuna, aurreiritziak... horren inguruko lanketa egiten dute ikastetxeetan. Haur eta gaztetxoek hizkuntza hautua egiten dutenean, jakin dezaten zergatik egin duten hautu hori eta horrek zer eragin daukan. Hor atzean dagoenaz hausnartzea da asmoa. ‘Harrera on’ programa ere bultzatzen dugu, Euskal Herrira etorritako haur eta gaztetxoei euskarazko aisialdia eskaintzeko. Irakasle, hezitzaile eta gurasoei formakuntza ere eskaintzen diegu. Eta udan udalekuak egiten ditugu; irekiak, itxiak, ibiltariak... denetarik», azaldu du beren bidea Maite Asensiok.